Euskaraz bai baina (III)
Frankismoak estatu mintzabakarra suposatzen zuen, eta euskalduna edo euskaltzalea izateak antimperialista linguistikoa izatea zekarren, borroka berdinean uztartzen gintuelarik apaizkondoak eta poetagaiak, sextakoak eta Zipitria. Eta euskarari zegokion orotan, pentsamendu majikoa zen nagusi.
Bazirudien hizkuntza-borroka nazionala zela beti, eta ez soziala. Hizkuntza borroka konzeptoa nazio desberdinen hizkuntzen arteko borrokari egozten zitzaion (diglosia eta elebitasuna, diglosia gabeko elebitasuna...), eta euskaran bertan ageri ziren mogimendu kontrajarriak (Aresti-Arezana, Euskaltzaindia-Euskerazaintza, Lur-Mensajero...) "tirabira osasungarriak" bezala aitortzen ziren. Euskarak ez zuen klase borrokarik gordetzen bere magalean.
Haatik hizkuntzak ez dira beren burutik elikatzen: gizartea da hizkuntzaren beita eta janaria, eta kontradikzioak irakinean zeuden, agerian zenbaitetan, izkutuan sarri, gizarte euskaramintzailearen baitan. Baina españolarekikoa zen kontradikzio nagusia, eta aldameneko kontradikzioei ez ikusiarena egiten genien, eta Arestiren "euskal eskoletan ere klaseen arteko borroka gogorkien lehertzen zenean, zeinean gizona gizonaren kontra eta euskalduna euskaldunaren kontra dihardukaten..." hitz gogoangarrieri entzungor (egia da Gabriel, zenbat abertzale putaseme, baina zenbat ezkertiar español, Gabriel). Gerora ezker abertzaleak bilduko eta nolabait razionalizatuko zituen kontradikzio gogorren artean bizi zen euskara, baina gauza berdinak errepikatzen zirelarik, "nazio" hipotetiko eta ideal baten patrimonioa bailitzan. Slogan eta kontsigna-hizkuntza zen (eta gaur ez?) euskara, debatebide baino areago. Elkarri ezer berririk esateko ez genuenon hizkuntza bilakatua zen euskara.
Erreformak estatu mintzaplurala aitortzen du, eta nekez badere, erreforma linguistikoan abiatu behar izaten du goiz edo berandu, eta berarekin euskarak rodar berri bat hartzen du: ez da kontinente hutsa, kontenido hartzen du, zerbait bern esateko ballo du, estatuko burgesiaren sendotzeak estatu barneko nazioetako burgesiak sendotzea zor du, eta euskal burgesiak ere geroz eta garbiago azaldu behar du bere berezko bekokia (ah, Euskadi klase-borroka barrati autonomoa ez zeta behin eta berriz esan eta.juratu egiten ziguten haiek!).
Halatan, euskarak alienatzeko ere ballo dezakeela demostratu behar diga (eta nola gero!) euskal burgesiak, bere betekizun historikoa beteko bada. Eta eskerdun izango gatzaizkio, ironia osoarekin: euskaraz egitea ez da aurrerantzean egitate edo ekintza iraultzaile bat izango besterik gabe, kontenidoak neurtuko du iraultzagarritasuna. Euskara normalizatu egingo dela alegia. Ez "behekoena" bakarrik, "goikoen" lanabesa ere bihurtuko zaigu euskara.
Euskara berez zen antimperialista, orain nabarmena da euskara bera kolonizatua egon litekeela, edo koloniza gaitzaketela euskaraz. Ez da harritzekoa beraz, gure burgesia erabat monopoliza eta eskura ditzakeen adierazpide sozialez bakarrik (ia bakarrik) arduratzea. Mass media kontrolagarriena eta kontrolatzaileena, dudarik gabe, tba da, telebista. Hartan ari da indarrak erretzen euskal burgesia, transferentzien gora beherei erreparatzen badiegu behintzat. Euskal aldizkariez ere bada zerbait. Euskal liburuaz hitzik ez, idazleez hitzik ez. (Kasualki ote, euskal literatura ezker abertzalearen eskuetan). Lan gaitzak egin behar dituzte telebista kontu horretan, batek baino gehiagok dioenez. Esaterako, hezkuntza ministroak (ERE, 56 zenb., 8-14-IX): "Los Angeles de Charli euskaratzen ere, ze lanak!" Lapsus bat ote? Ezin barkatuzkoa ordea izugarri azkarra omen den ministro nafar amerikan ospetsu euskara ikasitako batek esateko (ez dago zer barkatua: burgesiaren ideologia da). Hori egin nahi date. Alienatu.
Nork bere betekizun historikoa bete dezala. Zuen aberria ez da geurea, ezta nahi ere, eta euskarak bi hizkuntza baldin baditu ez gaitezen trista: euskaramintzaileen arteko hizkuntza-borroka hemen dago, eta Euskadi euskaldun murritz honetan euskarazko klase-borroka posible da. Desegin dezagun pentsamendu majikoa: ezker abertzale kritikoaren zereginetako bat.
|