L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-5 (1980-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Memento defectorum
Viva la crisis!

 

Krisian omen gaude, zaharrak topea aspaldi harrapatu omen zuten eta gazteek berriz ez omen dira gauza ezta haiek ondo esan zuten pixka haren erdia ongi errepikatzeko ere.

        Bada hona hemen mementua, Memento etiam, Domine famulorum famularumque tuarum Axular et Etxepare et Leizarraga, Larramendi, Loramendi, Lizardi, Orixe, Etor, Lur, Gero, Aresti et 70.ko belaunaldia qui nos praecesserunt cum signo fìdei, et dormiunt in sommo pacis. Eta si no entenditis izorratis, baina egia da, bai egia, hauek direla krisia dagoela esaten dutenak, eta hauen idolatratzaile eta miazkatzaile mixerableak, denak alegia, geu ere bai.

        Konforme krisia dagoela, beti egoten dira, baina noren krisia, krisi horrek harrapatuta bere bizitzako azken angustiak bizitzen ari direnak nortzu dira? Krisia bizitzen ari diren horien bokazio egiazkoa zein da? Krisi asko asmatu da mundu zelebre honetan aitzakia hon hartuz nor beraren egoera aldatzeko erretiro ondradu bat hartzeko alegia. Jaunak, ez dut nik krisi hau probokatu, ni aurrera atera nahiean nabilen gazte bat naiz, krisi, prekrisi edo krisiondo honetan, hilero inprentari hirurogei bat lerro ematen dizkiodan horietakoa, neure ezintasunak gainditu nahi dituen horietakoa, batzuekin haserre eta besteekin konforme ez dagoena, baina bertan nagoen bezala, oraindik ilusioa galdu ez dudana, eta inoiz ere ez dudala galduko pentsatzen dutenetakoa. Baina nork esan ezer gure aurreko kanpailari eta agonizale horiek muturren aurrean ikusita. Egunen batetan erreko naiz, edo erreko naute, eta kristo guztiak bezala, neurekin nahi nuke erretzeko eskubide hori, baina aspertu dena, bera aspertu da, eta ez dezala bere asperdura nigan isuri, oso partaidetza ttikia eman didate orain zenbait begi beltzek ikusten duen egoera ilun hau izorratzeko eta.

        Neure buruari askotan galdetzen diot berezkoa ote dudan petralkeria hau, gaztetasunaren ausardia propioarena ote dudan, inbidiarena agian, ala agoreroek eragiten didatena. Dena dela ez nago txantxetarako.

        Krisia zerk sortu du? Zergatik etxeratu dugu? Zein kristok ekarri digu? Nola iritsi gara konklusio horietara? Jaunak, krisi guztiak, aro batetik bestera dagoen bidean sortzen dira, hobeto esan, aro baten hasiera eta bestearen bukaera markatzen dute zorionez ala txarrez, eta noski, mundu honetatik, edo beste edozeinetatik andafuerako soinekoa hartzea ez zaio inori gustatzen, baina emanez gero hartu egin behar. Eta despedida bereak egin duenari ematen zaio. Eta noski, inorenak egiten du krisia dagoela aitortzen hasten denean, zeren nahi ez bada ere nork berea aitortzen du, nahiz besteri bota akusazioak. Karroza egiteko prozeso berbera da, goian esandako hitzak norbaitek ulertu ez baditu ere.

        Inork krisia dagoela aitortzen duenean, eta honekin alarmatzen hasten denean, errealitate berri baten egia onartzen ez duenaren seinalerik garbiena da, bera baztertua sentitzen denarena, edo besteek diotenaren eraman ezinarena.

        Hori da hemen gertatzen ari zaiguna, zorionez gure intelijentzia ofiziala, krisian sartzea lortu eta lana egin nahi duenak, inolako triunfalismorik gabe pentsa dezake, bideak gero eta zabalago izango dituela. Hanka sartuko dela, arrazoi txarra, ona baino ugariago izango dela, baina iritsi da beldur txoroak zokoratzeko garaia.

        Noski, krisi guztiak beti beren alderdi onetik ikusten dituztenetakoa naizela, pesimista bai, alegia, baina inoiz ez derrotista. Beraz ni konforme nago, eta prest beti ere krisi hau asumitzeko, beronek suposatuko duen duda eta eztabaida bultzatzeko, eta hortik atera behar diren konklusioak ateratzeko. Baina ez naiz ni izango iluminatuaren rola jokatuko duena, "krisia dago" esan eta eskuak fatrikan berotzen gordeko ditudana. Zeren egia iraultzaile da, egia, esateko da, baina batez ere bera banderatzat hartu eta bere akordioan lana egiteko.

        Krisiaren frutu mikatza izango naiz behar bada, pozten naiz, baina zeuek hezi nauzue gehienbat, eta eskerrik asko horregatik, baina ez ezazue ahaztu zeuek errebindikatu duzuen mundu bat etorri denean gustorik ez diozuela hartu, eta zeuek inork ezer esan gabe erretiratu zaretela, zorionean zeuen gustoa hala bazen, eta gu ahaleginean aurrera joango garela inork zokoratzen ez gaituen bitartean, zorioneko izan dadila mementu hura ere, eta gerra zeuek deklaratu duzuela.

        Ipsis, Domine, et omnibus in Christo quiescentibus, locum refrigerii, lucis et pacis ut indulges, deprecamur.

        Gora Krisia! Gora eta Gora!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.