L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-5 (1980-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskara kaletarra
euskara urbanoa

 

Baserria eta kalea, betidanik euskal manikeismoaren aztarren bizi eta jatortzat jaso izan dugun dilema, Peru Abarkaren hizketaldietatik oraindaino eten ez dugun jario tematsu horrek oraindik ere ikuituta dauka euskararen mundua. Arrazoi soziologikoak ba dira, izan, horretarako, baina han-hemenkako anekdotetatik aparte, euskara batuaren beharraren zergati haren eztabaidatan buruhausterik jasa izan behar ez genuenontzat (hau eskertu behar dozena bat urte lehenago hasi zen belaunaldiari), eta kaletartasunaren izatetik euskal kulturara abiatu garenontzat, euskara kaletar horren definitze beharrak esanahi handia dauka.

        Errez da honako hontan topiko guztiak aipatzea, baina sinplekeria merkea jotzea litzateke baserriko euskara txori edo zuhaitz izenetan ugaritasun zabala edukitzeaz definitzea, era berean euskara kaletarra kutsaduraz, zementoaz edota espaloiaren koskaz hitzegiteak definitzen ez duen bezala. Norberak bizimoduaren beharretara moldatu beharko bere hizkera, baina ezin genezake pentsa gurdiak eta automobilak bakarrik elkar desberdintzen dutenik euskara baserritarra eta kaletarra.

        Argi dago, eta euskararen irakaskuntzan ari garenok ba dakigu zerbait hortaz, Bilbon edo Donostian kaleratzen den euskaldunak zer egin eskasa duela (aipatu ahal bageneza Iruinea, Gasteiz edo Baiona!), euskal girorik ez baitago. Eta gure parte zaharretako tabernetan gero eta euskara gehiago mintzatzen dela esatea egokia izan daiteke animoak piska bat altxatzeko, baina espejismo ikaragarriaren arriskua gordetzen du. Oraindik orain, errez da identifikatzen Oiartzungo eta Goizuetako euskaldun gaztea bizpahiru hitz adituta ere, baino nork esango luke "hara, Donostiako bat" inor hizketan entzunda? Dudarik gabe, gaur Donostian (barka betiko adibidea, hurbilena) entzun daitekeen euskara izugarrizko nortasun ezean aurkitzen da, lehenik dagoena oso gutxi baita, eta gainera dagoen horrek osagai txit heterogeneoak baititu, hauen artean euskaldun berriena txikiena ez delarik. Hau da, "kalean" aurki daitekeen bakarra, euskara hibrido eta askotan pastitxea. Eta hau, besteak beste, gauza berria da erabat, gogoan hartzen badugu ehun urte eskasak joan direla Bilintx, Soroa eta Imola haien Donostia ezkeroztik. Nolanahi ere, Donostiak hiri koskorraren antza hartu zueneko fenomenoa dugu euskararen atzerapena, beraz fenomeno moderno eta urbano, San Sebastian tiene cosas que no tiene el mundo entero hortakoa noski.

        Hizkuntz geografiaren auzitan lehendabiziko letrak ikasi dituen batentzat ez da oso ezezaguna izango hiriak, urbe handiak direla berrikuntza linguistiko guztien sorleku eta kabi. Horrela, bada, hizkuntza normalizatu guztietan sortu ohi dira, hiri handietatik, estandarizatzearen kontrako hizkerak: ez da harritzeko, esate baterako, hizkera txelipasotaren iturria Madrileko San Blasean egotea. Euskararena, jakina, alderantzizkoa dugu, hau da, normalizatze beharra. Baina euskararen bilakabide eta etorkizunari so eginez, euskalduntzearen formulazio orokorrak ez hanka eta ez buru gelditzen zaizkigu euskara (edo hizkuntza) urbano bat eratu behar larri hori zehatz eta argi ulertzen ez den bitartean. Adibide bat bilatu nahi izanez pero, seinale gaiztoa izan da, benetan, joan den urtean, Gipuzkoako Gau Eskolak nola herrietan onez onenean eta Donostian, ordea, ankaz gora ibili baitiren (bizkaitarrei, bereziki bilbotarrei, zorionak oraingoan). Esan bezala, hizkuntza urbano horren konponenteak oso sakabanatu eta urriak izango dira gaur egun, baina handik edo hemendik interbentzio lan kosziente baten beharra nabarmentzen da gero eta gehiago, aukera inkosziente guztiak ez baitira inola ere onargarriak. Baserritik azak eta simaur usaia baino zerbait gehixeago jaso behar dugu noski, baina bolada honetako baserritartasun abarkazale porrokatuarekin erne, ez ote den begetarianismo "le rétour à la nature" horren apaingarri esnobista besterik.

        Gure apustu eta dema, ordea, hementxe logo, kale zikin eta handi hauetan, euskal hotsa aspaldian galdu edota sekulan ezagutu ez duten hauetan, giro erdalpetua besterik arnasten ez duten hauetan, zeren Ondarrun eta Azpeitian ere ba dago kalerik, baina haiek euskaldun kaleak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.