L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-5 (1980-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Baina bizia (III)

 

Despolitizazioarekin, pasotismo eta yemanfutismo zarpail batek hartu du estatu española. Hizkuntza ofizial dizdiratsua hizkera lunpen-komik-grazioso batek dauka itoan. Tamalez, eta oraindik ere puska eder batetarako hala izango da, gaztelania jotzen duen edozerk jotzen du halaberean euskara. Ez komikigileak, ez progreak, ez euskal pasotak bakarrik, jende serio askoa ere kezkaturik dabil euskararen txispa, txinparta edo majotasun ezaz. Baina idazleak ere, kexu dira argot bat aurkitu ezinean. Eta honek murriztu egiten euskal literaturaren pertsoanien hizkera ahalmena...!

        Beste batetarako utziko dugu euskal idazlearen alferkeria salatzea. Pundu bakarra argituko dugu gaurkoan, alegia, euskarak, estatu honetako, kontinente honetako eta mundu honetako edozein hizkuntzak bezala, modak eta boladak, tik-ak eta argotak ezagutu dituela.

        Oraindik orain gurasoek askotan esaten zuten hau Kitolis, semearen oker ulertze edo fama baten aurrean, eta baita hau Eltzekondo ere (Hernaniko pulsulari famatuaren izena, hain zuzen). Amak (Astigarragan jaioa) maiz esan ohi digu hau Patzillandegi!

        Gurasoei jarraituz, garai bateko Azpeitian, gaur egungo "olvídame" eta "esfúmate" erdarazkoak "ahaztu hadi" formularekin adierazten ziren, eta geroago, formula beronen eboluzioz, "orraztu hadi" zoragarri batez bidaltzen zuten inor pikotara. Gure umetako gaztelanian ere hain zabaldua zegoen "ixorrai" (izor hadi), "inpromai" esaten dute hirurogeitaka urteko Sanjuandarrek, eta honen bariante bat, "inpormai", guztiz arrunta da hondarrabiar gazteagoen artean. Formula hauek "informa hadi" komun batetatik ote datozen, zilegizko sospetxa dirudi. San Juan eta Lezo inguruan ere, oso zabaldua egon da, eta bizirik dirau zenbait familiatan, "amolai" esakera, izor hadi adierazteko. Hara nondik, aspaldikoa den esakera "amolar" gaztelaniazko aditzaz osatua dagoen, zorroztu esan nahi duena (la piedra de amolar) eta gaur egungo "molar" aditz madrileñoarekin konfunditu behar ez duguna. "Amolar" aditzak, semantika hedadura guztiz normalean, "izorratu" ere esan nahi du, eta agudo ari da sartzen euskaldunon gaztelanian.

        Jaiotza berriagoa izan dute beste zenbait formulak. Orain bost bat urte guztiz famosoa egin zen "hi bizi haiz hi" esakera. Agur gisan erabiltzen zen, adarra joz, eta esaterakoan ukabilkazo samur bat luzatzen zitzaion lagunaren tripari askotan. Pasaiako kamioi batek ere, besteek "Jauna lagundu gaitzazu" leienda duten bezalaxe, "hi bizi haiz hi" dauka idatzia eguzkitarako kristal urdinean. Maiz ikusten dugu portuan. Erdaldunek ere ikaragarri erabiltzen zuten agurra zen, baina gaur ez da hainbeste entzuten. Modaren gogorra!

        Beste hainbeste gertatu zitzaion "itoa" hitzarekin hasten zen formulari. Azpeitian jaioa. Hizketa guztiz normalean, "itoa" botatzen zuen batek. Bestea harritzen ez bazen edo, hizketan normal jarraitu eta kito. Baina inuzenteren batek "itoa? zer itoa" galdetzen baldin bazuen, agudo entzungo zuen "zakurraren pitoa!". Xanoteak harrapatzeko lazo hau ez da iadanik entzuten.

        Azken hilabeteotan indar harrigarria hartu du Azpeitian bertan "tipo horretara" nolatasun adberbioak, adjetibotzat ere erabiltzen delarik. "Tiportá" esakerak berdin balio du nola gauden adierazteko, inor ez moduzko tipoa den jakin erazteko... "Zer, hi ere tipo hortá?" botako digu gustatzen ez zaion zerbait entzun digun azpeitiarrak. Bizitza laburra uste diogu, damurik.

        Belaunaldi gazteei zor diegu, nola ez, Hondarrabian sortu zen "popatik hartzera joan hadi" formularen ordeko jatorragoa: "atzaman zak hortik". Errenderian berriz, porroaren (euskaraz porrua besterik gabe) eta droga ororen hiztegi euskalduna sortu da, eta egokitze interesgarri zenbaiten artean "zaldia zulatu" ageri da "picarse caballo" esateko. Oso naif gelditzen da baina: "ni zaldia zulatzen naiz".

        Ez da ugaria eskaini dizuegun zerrenda. Baina aztertu ditugun areak kontutan hartuta, badirudi euskarak badituela bere modak, eta belaunaldi bakoitzak sortzen duela bere esakera, lokuzio, argot eta hiztegi berezia (zer, da hain zuzen, "auskalo" hitza, moda batetako eboluzioa baizik?). Eta hoiek denak jaso eta euskara zabalago batetan unibersalizatzea, idazleon lana dugu dudarik gabe. Zeren idazlea izatea, besteak beste, hitzaren enamoratu bat izatea baita. Hitz biziarena, bereziki. Idazle ikuslari eta voyeur baldin bada berez, entzunlari eta belarluze ere behar du. Ea ofizioa ikasten dugun. Lantura gutxi eta lana fuerte.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.