L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-5 (1980-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Oh! Euskadi 4. alea

 

Iñaki Zubizarreta

 

Alearen atarian datorren egileen zerrenda irakurrita, esperantza bat sortzen zaizu barruan: ikuspegi argi eta aurrerazale bat eskainiko digute ba lagun hauek bere lanetan!

        Baina lanak irakurrita gero desilusio usai bat zabaltzen da.

        "Itzultzaileak eta beste hipokresiaz hain beste" artikuluaren egileari historia apur bat gogora erazi nahi nioke. Udaletako itzultzaileekin sartzen da bera: "fruitu ezagatik da batez ere" dio. "Norentzat dira euskaraturiko aktak, nork irakurtzen ditu?". Eta geroxeago zera dio: ea zergatik ez duten beste edozertan lan egiten itzultzaile horiek: ikastoletako testuak, euskara errazeko liburuak, literaturazkoak... "Udaletxeetan beharko dira itzultzaileak eta hori ez du inork ukatuko. Baina horrek fruiturik emango duenean. Bitartean bada langintza premiazkoagorik. Ez al da horrela?".

        Sarri irakurri izan dut eta entzun ere zer kalte ekarri dion euskarari administraziotik eta kanpo egoteak, ofizialtasunetik baztertu izateak: Nafarroako Gorteak euskara kontuan hartu izan balu!... Nere iritzian ere oso garrantzizkoa da hori, eta uste dut udaletxeetako itzultzaileen egitekoa oso inportante dela, gure herri honen azpiegitura oso bat euskalduntzen saiatzea zeharo garrantzizkoa baita. Ea gure ondorengoentzat behingoz betea geratzen den orain artean euskarak izan duen hutsune haundi hori.

        Badirela oraintxe lan premiazkoagoak? Denak ere premiazkoak direla esango nuke nik, eta lan bakoitzera prestatzen den jendeari berea ongi egitea eskatu behar zaiola. Gainera beharrak ez du berez ezer sortzen. Literaturaren beharra haundia da aspaldian, baina ez du horrek Pio Barojarik sortu euskaraz. Bestalde ikastoletan jende ugari testugintzan saiatzeko...

        Itzultzaileen lanak ahal den fruiturik oparoena eman behar duela, hori bai!, eta eman dezakeela deritzait, oraintxe bertan gainera, udaletxean izan dezakeen eragina ongi aztertuz.

        Horregatik ez du nere iritziz zer ikusirik hipokresiarekin udaletxeetan itzultzaileen ofizioa finkatzen joateak.

        "Plazako mogimenduak ahotan hartuta" artikuluaren egileari Maniqueoren kontu zaharra ekarri nahi diot gogora. Txirritaren garaikoa eta aurrekoa zen bertsolaritza, ezenariotara igo zenetik bertsolaritza galdu da zeharo. Maniqueok ere zerbait antzekoa esango luke noski, orain biziko balitz.

        Hori bai, ondo dago bertsolaritzak galdu dituen balioak, eta hartzen joan den akatsak poliki argitzea, azterketa serio baten bidez, baina azterketa horrek ez du ikuspegi osoa ahaztu behar, eta horrela saiatu beharko du bertsolaritzak bere ezinbesteko bilakaeran lortu dituen balio positiboa ere argitzen.

        "Nazioarteko jardunaldiak zirela uste" artikuluaren egileari zer esan?

        Nolatan sor daitezke azkenaldi honetan Euskal herrian eratu den eta aurrera eraman den kultur ospakuntzarik haundienetako baten aurrean honelako kontsiderazio ziztrinak?

        Aurretik ere irakurriak genituen antzekoak, baina beste zerbait espero nuen "Oh! Euzkadi"ren aldetik.

        Nik uste ospakuntza horren aurrean lehen sortu beharreko galdera honako hau dela: lortu al du maila linguistiko egoki bat? Nik behintzat egun haietan sentitu nuen premiarik haundiena eta hutsunerik nabarmenena komunikabideen sailean zera zen: ez zela agertzen kazetari edo artikulugile prestaturik jardunaldien berri maila egokian emateko linguistikaren arlotik begiratuta.

        Nere ustean Euskaltzaindiari dagokion lana batez ere hizkuntzalaritzarena da zuzenean, eta lan horretan aurrera eginaz ekarriko dio onik haundiena gure euskarari. Eta uste dut benetan onuragarriak izan direla (eta izango) jardunaldiok alde horretatik.

        Euskara salbatzea denon eginkizuna da, eta bakoitzak bere lana ongi eginaz lortuko dugula hori iruditzen zait. Nahiago nuke Euskaltzaindiak berea betetzen duen bezala, beteko bagenu bakoitzak geurea.

        Bestalde ez dut uste soziolinguistika aldetik kongresotarako gaudenik, ez baita oraindik aztertze lan haundirik egin, bi edo hiru hortan hasiak badira ere. Eta ez dakit gainera arlo bori Euskaltzaindiari zuzenean dagokionik. Dena den, gauden egoeran, eskertzekoa litzateke bai Euskaltzaindiak arlo horri bultzada bat ematea. Ea hemendik urte batzuetara izaten den gairik jardunaldi bikain batzu antolatzeko!

        Bukatzeko, gauza bat eskatzera ausartzen naiz "Oh! Euzkadi" aldizkariari: gure giro itxi eta ilun honi ateak eta argia zabaltzeko ahalegina, aire freskoa, ikuspegi zabaleko kritikagintza, bide berriak urratzeko saiakera...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.