Cadiz, 14.09.80
Kaixo lagunok:
Nahiz eta oso kaskagogorrak zaretela jakin eta gure borroka literario eta kultural honetan etsiko ez duzuelaz zihur egon ere, zeuen buru-hauste hauetan jarrai dezazuen animatzeko lerro batzuk idaztera ausartu natzaizue. Batez ere, mila kilometrotako urruntasunean hor Andaluziaren erdian Oh! Euzkadi maite hori irakurtzen dela entzutera oso ohituak egongo ez zaretala pentsatuz.
Ez da, ez, nere asmoa ez nuke hontarako ahalmenik izango ere zuen aldizkariaren kritika sakonik egitea (libra gaitezen), oraindaino irakurri ditudan aleek burura ekar arazi didaten gauzatxoren bat adieraztea baizik. Has gaitezen bada.
Batetik, oso onak ditela oro har argitaratu dituzuen artikuluak. Ausartia benetan gure arteko "kulturalista puro" zenbaiti mutur aurrean ezarriko niokena lehen alean "editorial" antzean atera zenutena, garaia baitzen optimismo langile baten ahotsa entzuen genezan. Interesagarria ere, eta zorrotza, 3.ean Kulturari buruz azaldutakoa. Egiazko konpromiso kulturalerako dei ederrak, dudarik gabe.
Bestetik, elkarrizketak ere oso baliotsuak ditugula esango nuke. Egokiro aukeratu tipoei eginda gainera. Baina, noiz-behinka, azken 15 urteotako gerlan ibilitako jende interesgarriari egitea ere, zergatik ez? Saltsa apur bat eragin dedin...
Azkenik, kreazio lanei buruz, nola ez, zerbait esan behar. Poesia onak atera dituzue eta prosa pixka bat ere bai. Baina kreazio arlo hau dela uste dut, batetik gehien landu behar litzatekeena eta, bestetik oraingoz, errenaren hanka okerra. Beraz, ea gehixeago ekiten diogun honi. Bale?
Laugarren edo bostgarren alerik argitaratu ote duzuen ez dakit, gure hari ilun eta klandestinoak ez baitigu hain "egunera" egotea permititzen, eta horregatik ezin berauk aipa. Baina jakin ezazue aurreko hirurok behintzat, gure ahal neurri apal eta xehean, Hegoalde honetako eguzkiaren pean hedatuak daudela.
Besterik ezean, Aurrera ezkerreko ertzetik!
Asmatuko zenuten bezala,
"soldaduska sofritzen ari den bat"
|