Euskararen irakaskuntza planifikapena oraindik
Hasarreak hartzen nau penaz beteriko "gure euskara zaharra hiltzen ari zaigu" eta tankera horretako hitz negartiak entzutean. Harro sentitu izan ginen bularretik zuzenean amak irakatsi zigun hizkuntza Europako zaharrenetakoa zela jakitean. Lingua Navarrorum. Aspaldiko arramario, uztarri, haitzur eta zintzarri. Gorde itzazue, balio haundia dute eta! Moda, jaunak. Lasai daitezela hain larri dabiltzan arkeologoak, testigutzat hor geldituko baitira "Gero"-ren argitalpen dotoreak, Haranburuk ateratako larruzko azaleko Aresti gorria eta Auñamendiren apaingailuak. Bertsoak ere jasota daude hemendik urte gutxitara semeei "aita, neskato batekin nator eta zure ohea zabalagoa denez gero, zoaz literara", botatzen digutenean Txirritaren "Goizuetako mixioak" JVC pletina berrian jartzeko. Gure ikasle gizarajoak "etxea ikusi dudan" gaizki dagoelarekin torturatzeak ez du merezi. Utz dezagun bere kasa hil dadin guregaino heldu den pitxi bitxi hau.
Baina ez. Ezetz. Euskara Besteak bezelaxeko hizkuntza (pobretuagoa) denez gero, gizarte batek erabiltzen duen komunikatzeko era da. Oraindik. Eta egun Euskadin bizi den gizartea euskal gizartea da. Oraindik. Aspalditxo (Zorion Ustela) oso garbi utzi bait zuten Ramonek eta Koldok hemen komunitate bakarra garela, euskaraz mintzatzen garenok eta euskaraz nahirik oraindik ezinbestean erdaraz mintzatzen direnek osaturiko euskal komunitatea.
Ezinbestean. Egoera larria, omen, gaurkoa, gehiengoak uste baino beltzagoa. Kalean ez omen da euskararik entzuten, baina gero eta gehiago, ordea. Oraindik. Egunkarietan eta irratian toki gutxi duela (noiz gero eta gehiago esanen?). Bale, konforme. Larri.
Euskaraz nahirik ordea! Nahi hori azaldu du herriak, behin baino gehiagotan, eta numeroak gogoko ez ditudanez gero (ez dakizkit gainera!) ez naiz Donostian edo Bilbon eguneko hainbestek ikasi nani duela oihukatzen hasiko. Herriak nani du, sumatzen da demanda, eta kanpoan eskola bat bilatu ezinik gelditu direnak badira. Asko. Herriak nahi du eta gobernuak ihardetsi dio ez duela euskararik gabeko Euskadirik kontzebitzen. Ez dut nik esan.
Baina euskal haurtzaindegirik ez, ikastola-eskola bilingueak serio jartzeko arazotan (sakonki aztertzekoa beste batetan) ta instituto eta unibertsitateaz zer esanik ez. Bai, badakit ingelesaren pare jarri garela oraingoan, baditugula izugarri dakiten hamar katedratiko, eta ez hainbeste baina ikaragarri azkar diren hogei agregatu. Zenbait liburu-zomorro Jalgi Hadiko "ireki ezazu ba" berrogei ikasleren (zaldiko potro batzuk, adizu!) aurrean ikusiko nuke gustora. Eta agregatuetan, nik ezagutu dudan irakaslerik hoberena kanpoan utzi dute, nahiz eta euskara irakasten hamar urte baino gehiagotan aritu, ez izaki ordea ofiziala. Baina ez nuen honetaz luzatu nahi, Etxenike jaunak esan baitu, esan, irakaskuntza maila honi buruz zerbait, eta bai baita ni baino gehiagorik honetaz.
Beste irakaskuntza mafia batek kezkatzen nau oraintxe: gaueskolak, euskal akademiak, euskal eskolak. Alor pobrea, ez ofiziala, baina jendeak behar duena, eskatzen duena. Oraindik, Gaueskolak ez omen dabiltza behar bezela. Boluntarismoaz oso urrutira ez daitekeela iritsi entzuten ohituak gaude, baina oso garrantzizkoa delakoan nago ni. Garantia minimo batzuk ikasleari ematen bazaizkio zintzo aski eskolaratzen da egunoroko zurruta utzi behar badu ere. Akademiak leporaino beteta daude. Gipuzkoar aldizkari batek eskola hauetako baten aurrean matrikula egunean bildu zen jendearen argazkia eta dena atera zuen; ikastetxearen izena oker jarri bazuen ere, hor dago lekuko. Baina akademiak edo euskal eskolak edo dei nani duzuen bezala, ez dira euskaraz nahirik erderaz mintzatzen direnak euskalduntzeko aski. Asko aurreratu dugu, kalean nabari da. Edozeinek ezin du, ordea, irakasle profesional hauek bizitzeko behar duten dirua ordaindu. Gaueskolak berbultzada planifikatu bat behar dutela uste dut, atera daitezkeela aurrera, atera behar dituztela. Euskadiko (y los navarros) (?) edozein hiritarrek euskara ikasteko eskubide osoa du, horregatik hilaren azkenean larrik ibiltzea suposatu gabe. Eta irakaskuntza arlo honetaz ez du inork ahorik zabaldu, eh, Etxenike jauna?
Boluntarismoak eman du frutu ugari eta emanen du. Oraindik. Baina (baina asko asunto honetan) planifikapen baten beharrean gaude, behar dugulako, euskaldundu nahi-behar dugulako, hainbeste arazorentzat. Planifikapena!
|