L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-5 (1980-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

—itzulpena—

 

Jesus Díaz

 

— Ezaidazu gazte, nor den Descartes?

 

                ...Descartes, Descartes, Descartes... Nor zen Descartes?, Descartes ez da kubanoa. Kubanoa ez da behintzat...

 

— Descartes?

— Bai, Descartes, Renato Descartes.

 

                ...Descartes, Descartes. Zein karajo zen Descartes? Izen hori entzun diat ba. Non? Ez duk kubanoa, zerbait esan behar diat, ez duk kubanoa...

 

— Beno, hasteko, Re-Re-Renanto Descartes ez da kubanoa... "Inglesa da" —dio norbaitek...— inglesa da...

— Inglesa!

 

                ...Farrez ari dira. Hanka sartu diat, marikoi horrek karreatu niauk. Farrez ari dituk. Izorratu niautek. Prietok. Prietok prestatu dik hau. Prietok eta Anak prestatu diate. Ze preparatu eta preparazio gero! Descartes?

 

— Renanto inglesa izatea baliteke; baina Renato frantzesa da. Esaidazu mesedez, nor da?

 

                ...Farrez, nitaz farrez ari duk. Farrez ari dituk. Denak ziaudek. Hau sadikoa duk, sadikoa. Nor da? Heure amagatik, Descartes! Nor? iada! iada, koño! iada! La Bohemia. Iada...

 

— Descartes, Descartes, Descartesek zera bat eduki zuen Rosacruz bat...

— Rosacruz bat!

 

                ...Berriro zulora sartu nauk. Zer nolako aldia harrapatu duen agureak. La Bohemia esaten badut ere, esaten dik esaten dik... "...noraino iristen den herri honen kultur eskasia. Batxillerko estudiante batek ez daki ezta Renato Descartes frantzesa zenik ere. Zientzia, zientzia behar du herri honek, zeren..."

                ...Iraultza, marikoi zaharra, iraultza falta zaiok herri honi, miazkatzaile zaharra, txibatoa, sadikoa...

                ..."Baina ikusten duzue. Descartes matematiko, fisiko eta filosofo bat izan zen! Jenio bat! Jenio bat! Berotu egiten nauzu gazte. Rosacruz bat! Ikusi ote da inon antzeko ignorantziarik, bai, zeren..."

                ...Baina zer txibateo duen! Zerbait gertatuko zaiok! Koño! Behar bezala joan izango nauk orain ere zulora. Teatro egiten ari ote? Hau duk izorramena, nik ere etsaiaren ahoko zuloraino etorri behar...

 

— ..."Eta orain eser zaitez. "Klasea bukatzean hitzegingo dugu elkarrekin" .

 

                ...Klasea bukatzean, klasea bukatzean tximista baino azkarrago atzeko atetik aterako nauk. Ez niauk harrapatuko, ez niauk harrapatuko, aldegingo diat. Hau duk luzetzea, koño! baniak, baniak.

 

— Riinnn!

 

                ...aio...

 

— Gazte !

 

                ...Gazte eta ze gazte. Koño! Dios! Akabo. Prieto, polizia, polizia eskaileratan. Nola? Nola jakin dute? Nork salatu nau? Ana, Peña, Prieto, Descartesek, Nork? Itzuli egin behar diat. Eskaileratan jodituko niautek...

 

— Mutiko!

— Esan, doktore jauna!

— Zu ez zara hemengo ikasle ezta .

 

                ...Akabo hementxe. Hau ere tartean zegok. Hau sadikoa duk, sadikoa duk...

 

— Ni? Bai.

— Ez zara eskolara inoiz etorri ba.

 

                ...Katua, katu zaharra, agure arratoizalea, agure kaka...

 

— Ez, zeren nik, zeren, ba... nik.

— Zu?

 

                ...Ni ezerrez, ni arratoia nauk, ni kakajale bat nauk.

 

— Matanzasetiktrasladatubatnaizta.

— Nola?

— Matanzas traslado ni.

— Karnetik ba al duzu?

 

                ...Karneta? Karneta? agure txibatoa... Karneta?

 

— Karneta?

— Karneta.

 

                ...Karneta. Jodituko niauk. Oraintxe zetozek. Ezin diat gehiago, ezin diat, ez...

 

— Ez.

— Orduan ezin zintezke traslado bat izan. Ez zara hemengo ikasle.

 

                ...Irabazi duk agure katua, agure arratoizalea, agure marikoia. Ezin diat gehiago. Izorra nazak, izorra nazazue.

 

— Begira, ni hemengo ikasle izana naiz. Orain iraultzaile izateagatik expulsatua nago. Buka ezazu; zer nahi duzu?

— Ez dakit nolako iraultza egingo duzuen Descartes irakurri gabe.

 

                ...Hau kargatuta, erotuta edo ni joditu nahiean zegok. Hori, azkenera arte joditu nahi niauk, agure sadikoa.

 

— Hori da, Rolando Duany, hori bera da.

 

                ...Prieto duk hizketan ari dena. Prieto poliziarekin. Izorra nazak, Prieto, Ana, izorra nazazue...

 

— Hau gurekin etorriko da.

 

                ...sarjentoa sartu duk. Bazetorrek, nigana zetorrek, koño!

 

— Egon pixkat.

— Ez naiz egongo, tipo hau peligrosoa da.

— Egoteko esan dizut!

 

                ...Agurea zoratu ote da? Hau komeri bat ote?

 

— Nola ausartzen zara?

— Hemen ausartzen dena zu zara, ikasle hau nirekin ari da hizketan, nire gelan.

 

                ...Burutik egin zaio. Eta neri, neri ere bai...

 

— Perez injeniero jauna, sentitzen dut baina hau ez da ikaslea. Lotsagarriki expulsatua logo gure ikastetxetik, bazter zirikatzaile eta fidelista izateagatik.

— Mutiko hau nere ikasle partikularra da. Eta oso ona gainera.

 

                ...agure, agure zaharra, zaharra, zahar iraultzailea, martitarra, fidelista, koraietsua...

 

— Hemen toki guztietan jeneralak agintzen du. Hau gurekin etorriko da!

 

                ...Nigana dator sarjentoa, badator. Bere traje zuriarekin, Varona balitz bezala, erdiratzen da agurea, ederra.

 

— Bigunkeriaz aski dugu. Zu ere gurekin etorriko zara!

— Astoak! Indarra da abereen eskubidea.

— Isil zaitez, zeure onagatik —diot.

— Astoak.

                ...Jo du. Bera jo du, putaseme horrek. Lurrera dator agurea. Eutsi behar diot. Eutsi diot eta bere malkoak masailean sentitzen ditut, eta belarrian bere hitzak.

 

— Herri gizaixoa.

— eta gogoak ematen didate, eta esaten diot, esaten...

— Maisu.

 

        Orain errepikatzen diodan bezala, eta nigana etortzen da korrika eta besarkatzen nau eta berriro bere malkoak sentitzen ditut, orain dudan kapitan errebelde bizarrean.

 

"Los años duros"

1966.go Casa de las Américas saria

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.