L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<euzk0701>— Oh! Euzkadi-6 (1980-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Badakigu borondate oneko bat baino gehiago saminduko dugula, baina norbaitek esan behar zuen: asfalto gainean hainbeste korrika eginez, meningeak buruhezurraren kontra eten gabe kolpatzearen ondorioz osasun mentala arriskuan ari gara sartzen eta ezer gutxi lortzeko gainera; kasurik hoberenean kirol markaren bat haustea.

        Ez dakigu Euskalerrian korrikaren eratzaileek zein sentidutan hartu duten Etxepareren deia, baina lortu dute euskaldungoa, eta erdaldungoa kaleratzea eta hala ikusi ahal izan ditugu, politika, kultur, eta egokiago dena, kirol munduko ordezkariak (euskara euskaldunok korrika eginez salbatuko bada, deportista gehiago atera arazi behar zuten) jarrera, egia esateko, ez oso itxurosotan bideetan zehar korrika.

        Pentsatzen dugu pertsona hoietako asko hautapen faltso baten aurrean harrapatuak: aurrean izan direla harrapatuak: edo korrika egiten duzu ala euskararen aurka zaude eta ale, guztiok trotean. Hori, noski, herri hontako eta honen politikoen egitate ohizko eta jatorra izaki, maizegi aukeratzen baitute hautapen faltsoen artean, bide egokitik, hautapena faltsoa dela esanez, abiatzera ausartu gabe.

        Badakigu korrikarena testimuniozko gauza dela eta boltsa pasatzekoa, baina kuriosoa da nola beti gure ateraldia korrika egitekoa den. Izan zitezkeen beste era batetako afirmazio ekintzak, egun batean denok euskaraz egitea, prentsa, radio, bulego eta leku guztietan —ojo, ez dugu esaten egiteko— eta ez dakiena ohitu dadila hutsune sozial eta kultural bat duela onartzen. Baina ez, hemen korrika, hemen sakrifikatu, beharra dago eta sakrifizioak oso fisikoa izan behar, muskuloetan, izerdian, aho lehortuan, oinazean sentitu, ikusi egin daitekeena, zilizioa bezala, ez baikeunden alferrik duela urte batzuk arte kristo guztia seminarioan.

        Izan daiteke baita, estudiante txarraren sindromea, egunero mendipuntako ermitara mezetara joateko prest, prest, belauniko Loiolara, Xabierrera, Arantzazura, Begoñara —holako lekuak ez zaizkigu falta— joateko prest, santu guztiei suerte onaren truke sakrifizio gogorrenak eskaintzea dena, egunean pare bat ordu estudiatu baino lehen, prest.

        Laister, bide hontatik, euskara ez dakienak esan ahal izango du, hitzegin ez dut hitzegiten, baina urtero 50 kilometro Korrika-n eta 60 Kilometroak-etan, osea, euskalzale kantidadea eta osasuna, no veas. Eta politikoek berriz, ba telebista oraindik berde, eta euskal eskola publikoa ba ikusiko dugu baina 3.000 metro hamar minutotan.

        Guk ez dugu erakunderik nahi ordezkariak kalera korrika atera daitezen, eta batzuk zein aurpegi jarri ez dakitelarik eta askok nolako tripak, problemei soluziobideak eskaintzeko baizik. Ea ba horri ekiten dioten. Besteok berriz ordua dugu kandelak jartzea, otoitzak eta baraua eskaintzen eta bestelako kristau modeloak politika alorrera eramateko ohiturari uzteko.

        Zeren hortik gure problemak beste batzuek, santoek, asamblada batekoek edo bestekoek, soluzionatuko dizkigutela sinestea baitator, eta gure egitekoa sakrifikazioa praktikatzea. Sufritzea, berez, ona balitz bezala baitabil hemen jendea, eta begira nundik korrikak ere izan duen bere hildakoa —korrika egitetik zetorren mutiko bat— eta eduki ahal izango zuen bere elizkizuna ere, dena beti bezala izan dadin, elizkizunetarako gusto morbosoenetakoa eta despiste politikorik handienetakoa duen herri zahar eta benedikatu honetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.