L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-6 (1980-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Visa euskalduna

 

Joxan Muñoz

 

"Mutilak" eta "mutilek" bereizteko hilabeteak. "Etorri zintzaizkidan" esateko, hiru ikastaro. "Ote" jatorki kolokatzeko, urteak. Etsipengarri, euskalduntze manual hau, orduz ordukoa, egunez egunekoa.

        Banakako eta aldapa gorako lanari irtenbiderik ikusi ez eta prozesoak azkartuko dituen medioak nahi ditugu. Egun guztian klasean jasotako euskara razioa besterik ez duen ikaslearentzat kaleak eta kalekoak konkistatu. "Niezazkiokeen" guztiak buruz ikasita, maitale erdalduneko euskaldun berriarentzat (lezioak sobra eta Azpeitian euskaraz hasteko ausardia falta) euskararekiko kontakto posible bat. Hara non bihurtu garen eskale.

        Eta egokiera txarra eskalearena. Eskatu, harrapatzeko edo lortzeko indarrari utzi dionak egiten du, jasotakoa, eskaleak, mesedetzat eduki behar baitu. Horretxegatik da xelebrea gure eskaletza; derrihor eman behar litzaigukeena eskatu (eta oihuka) eskatzen baitugu, edo bestela "cartas al director" guztietan euskararekiko errespeto eske emandako orduak, ibilitako kilometro eta legoa guztiak, pegatinatan gastatutako sosak lekuko. Barexeago ala ozenki, baina azken finean mesedezka beti, mendikante eta masokista konplejoa kendu ezinik.

        Bai, badakit jakin, aspaldiko kontua dugula errealismoa pesimista jartzen den mugan, etsitzeko gogoa sortzen dela euskararenak errepasatuz gero, zaila dela bidea, batez ere bidea, ikusi baino gehiago, sinetsi egiten dugunean, amestu. Esateko guztiak esan beharko dira, ordea, "euskaraz bai baina"-ren eta "bai baina euskaraz"-en artean harrapatuta gaudenok zertxobait aklara gaitezen.

        "Bai baina euskaraz" esaten du mintzapraktika egiteko alkoholizatu egin behar duen irakasle-ikasle kuadrilak, Bataplanen ligatzeko, marzianoak hiltzeko edo The Ramones-en konziertoan porro bat eskeintzeko (oraindik?) balio ez duen hau sinisten jarraitu nahi duenak.

        "Euskaraz bai baina" esaten du euskarak ez duela dena barkatzen, euskararen izenpeko bortxak seko bortxak direla ikusten duenak. Eta maizenetan ez dira bi pertsona diferente.

        Irtenbide bakarra, letxe txarra eta malezia. Zeren eskaka aritzearen arriskua hainbeste eta hainbestetan ukatzen ari zaizkigun hori milagrozkoa izango dela sinestea baita, deskonfiantza galtzea, gurearen salbazioa erregalatuko digutenaren esperantzatan hondoratzea. Horretxegatik ari gara eskaletzen, horretxegatik hain zuzen, berdin daitezke instantziak eta manifestazioak, problema guztiak eman behar liguketenera mugatzen baititugu, gure ezin aurrera joanak, huts hutsik, ailegatzen ez diren paketetxo hoien errua balitz bezala.

        Haur temosoa hartu beharko dugu eredutzat. Eskatu, eskatzen duen haur hori —eta nola gainera!— (karraxi egiteko eskubidea gorde). Eta eskuratzen duenean irrifarra eta begi deskonfiatuak maisuki konbinatuz, gustokoa ez badu, eta engainatu nahi izan badute, apurtu, eta karrasi ozenagotan hasten dakien haur kabroi, euskor eta puskatzailea. (Tresna berriak, kinkaila eta txantajea bereizten jakin).

        Hasteko, eta edozein tirabiratan bezala, eman liezaguketenaren artean zer behar dugun eta guk zer eskain genezakeen ikusi. Musu trukekoaz mesfidatu egiten gara. (Horrela ohitu gaituzte).

        Alegia, euskalduntze preteknolojikotik irtetzeko, telebista, publizidadea, irrati eta aldizkariak, euskara erabat normalizatzeko, despidoko agiri, haziendako deklarapen, UCD-ko mitin eta lege antiterroristak euskaratu beharko direla.

        Guk hoien beharra dugu euskaldun bezala salbatuko bagara, baina hoiek ez dute euskararen beharrik gure etxe-burmuinetan sartzeko, gu mangoneatzeko, edo-soilik-guri informazio bat pasatzeko. Euskaragandik beste probetxu bat espero dute.

        Komunikaziorako beharrezko ez zaien euskarak identidade karta ematen die ("hemengotasuna"), euskara onartzen duten guztiekin sinpatiazko zirkuito berri bat irekitzea, hurbiltasun solidario bat. Anunziatzen den marka zerebrora eta memoriara joango da, anunzioaren itxurak eta moldaketak sabeleko grinak ukitu nahi dituzte eta euskarazko eranskiek, bihotza.

        Publizidadean, baina ez publizidadean bakarrik, probetxuzko informazio bakarra jasotakoa da eta ez eskainitakoa. Ez dago euskara, ez zabalpenaren aldetik eta ez gertutasunarenetik, informazio-jasotzea errazteko; publizidadeak inpaktoa ziurtatu behar du, deszifraketa-lan konszientearen etsai da, begi belarrietako kanal berehalakoa erabili behar du. Publizidadeak eta publizidadearen filosofiaren partaide diren (izan behar duten?) medioek, inguratu eta blaitu egin nahi gaituztenek, sensazionalismoaren eta inpaktoaren munduan —edozein gradutan— sartuta dauden medioek. (Geronek horrela reakzionatzen dugu, bestalde egunkaria begiratu, irakurri edo ikusi baino gehiago, musika aditu, entzun baino gehiago, hitzak irentsi, eta ez pentsatu).

        Efektoaren negozio honetan euskarak aberastasun nagusi bat eskaintzen die: euskara bera. Bere burua exhibitzea. Ez da tresna gaitu bat eta ez da tresna errentablea. Euskaraz, efekto asko egin ezinean, euskara bera da efektoa (ez nazionala, ez abertzalea, eta ez herrikoia, "del país"-ko efektoa). Jendeak (zenbatek?) "euskara barik ez da euskal herririk" pensatzen duenez, erdaraz komunikatutakoari rezeptibidade eta jarrera ona ager dakion.

        Eskaera horri benetan erantzun gabe (euskara erantzuteko gai izan dadin trebatu gabe) onartzen delako itxurak egin; limosna eskasa, janaria eskatzen duenarentzat dozena bat polboroi betegarri.

        Itxurazko euskaltzaletasun hau "bai baina euskaraz" eta "euskaraz bai baina", bi alderdion kontra dator eta ez batetik eta ez bestetik onar genezake. Ez du euskara sendotuko eta dakarren euskal herria (edo darabilen bidea behintzat) ez zaigu interesatzen. Ez baitzaigu onuragarri euskal herri fantasmagoriko bat, euskal herri publizitario bat, despidoko agiriak, haziendaren portaerak eta UCDko mitinak ez zaizkigun neurrian. Antiantiterroristak garen neurrian, zera.

        Aspaldi gaude, gainera, itxurazko euskaltzaletasunaren beldurrak, eta gure artean ikusi duguna, ikusten duguna, moda eta posea (izan) ote den pentsatzen dugu sarri, eta komentatzen. Hizkuntzaren beharra slogan huts bihur daiteke "éuskarábarík-éz-dá-éuskalérrirík", eta orduan bai akabo. Zeren, moda eta guzti, ongi etorria onerako bada, eta modale bultzatu badu lehen kursoan zer datorkion jakin gabe apuntatu dena, geure lana da aurrera bultzatzea. Baina euskararen alde legokeen populazio ikaragarri handi hori ez ote dagoen lilurazio baten azpian (zeinaren lehen seinalea besteak euskaldun daitezelako praktika den), eta lilura bat lilura itxurosoagoak deusezten du. Eta ez gaude euskaldunberri edo alfabetoberri bat ere galtzeko moduan.

        Kolpez apurtu ez dena, irrifarrez eta itxurosoki honda daitekeela. Baina, berriro ere kolpeak jasotzen hastea masokismo bastoegia da, eta geronek ere defentsabide berriak aurkitu behar ditugu, maleziaz betetako jarrera berria, non erderazko testoaren azpian "zure aukera" edo " hator" edo "eros" jartzea salagarria den, non aldizkari egunkariak artikulo euskaldun batekin ez duen nahikoa, inprimatutako kanpainei euskaraz pentsatuta egotea esijitu behar zaien; non "hire laguntza behar DYAgu" bezalako kaso (eszepzio) positiboak txalotu behar diren, non, asko, moda dela eta, euskara ikas daitekeela edo Villasante Euskaltzaindia deitzen den zerbaiten lehendakari itsusia dela enteratuak pozgarri izaten jarraituko duen; ez hizkuntzaz eta ez esanahiaz mesedegarri den zenbait eta zenbait jokaera, ekintza eta asmo salatu; eskatu, hala behar baldin bada, baina azpilanari utzi gabe, fidatu gabe, zera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.