Baina bizia (IV)
Ez hitzek bakarrik, letrek ere, hizkiek, badute beren fetitxismoa. Geuk ere majikoa den Z horrekin bataiatu genuen geure aldizkaria.
Bertako erdal prensan "Txirrindulari" irakurri ohi dugu beti, tx taldeak hagitz kolore euskalduna ematen diolarik hitzari, ch-k inolaz ere ez liokeena (bertako erdal prensak bere jatortasuna frogatzeko behar zituen hizki majikoak izan dira tx hoiek). El País bezalako egunkari demokratustean berriz, "eusquera" erabiltzen dute beti (eta ez vascuence edo vasco, euskaldunok geure hizkuntzari emandako izena berdinberean baita izen española), baina ez "euskera", kilo eta Kansas bezala (zeren kilo nazioarteko hitza baita, eta euskara nazio handi baten nazionalitate batetakoa; gallego eta castellano bezain española; beraz "euskera" euskaldunontzat, català kalalanentzat, galego gailegoentzat, eta gainerontzeko españolentzat catalàn, gallego eta "eusquera". Españaren altxor kulturalaren beste pieza bat, K baten eksotismoa ezin izan dezakeena. Ez gara kilo, ez gara Kansas). Q baten poderioz lortzen da euskararen españoltasuna. K izpiritu gaiztoa da, Q da majiaren antidotoa. Halako indarra dute hizkiek.
Euskararen barnean bertan ere ez dira hizki majikoak falta. (Beste batetarako EuZkadirekikoa). Hegoaldean H-a izan dugu, dudarik gabe, hizkirik majikoena, kalenturak eta pozak, sukar malinak eta itxaropenak sortu zituena. Ez gara errepikatzen hasiko H-aren aurka erabili ziren konjuroak. Ez mago nagusiek bakarrik, alor guztietako profesionalek ihardun behar izan zuten. Ale bat aukeratzeagatik, Oteiza (Sabino Aranaren buruari batere antzik hartu ez eta hamorratuta dabilen Oteiza berbera): "Si Heidegger al concluír su metafísica como reflexión artística del espacio hubiera podido utilizar el euskera, creo que habría enriquecido su reflexión. Estas haches fonéticamente borran, ocultan la imagen visual que contienen, falsifican la escritura. Cómo hubiesen indignado a Heidegger". Alferrik H-aren zergatia etabar esplikatzeari ematea, arituak dira geu baino iaioagoak. Zehaztasun lateral bat, halare: H-ak ezer egiten baldin badu, argitu egiten du izkritura. Hegoalde honetan iluntzen eta falsifikatzen duena, hizkera da, ez idazkera. Heidegger haserretuko bada ere.
H-aren borroka garaietan tamatua egin zen Luis Haranburu (Itsasoak ez du esperantzarik, Mitxelenarekiko eztabaida zaratatsua...) Haranburu Altuna ere esaten zitzaion, izena gabe. Baina Haranburu ezaguna eta ahotan hartua gertatu baldin bazen, H-agatik izan zen. Jendeak gustoa eman nahi zion ahosapaiari, eta atseginez estrainatzen zuen hizki berria: Jaranburu. Bai, Haranburu izan zen H-aren arazoa azken fineraino eraman zuena, marka, zigilu, izenpe bihurtuz. Besteak ez ziren horrenbestetaraino ausartu Batasunaren Kutxan (Behobide, Lehete, Saizaharbitoria...). Berak hala aurkezten omen dik bere burua, esaten zuen jendeak J hotsagatik desenkusatu nahiean edo, baina mundu guztiak urratu nahi zuen batuaren zapata berria: Jaranburu maitagarria egin zitzaion jendeari, eta Jaranburu Altuna antonomasiazkoa gertatu zen hura izan ez balitz, beste edozein hitz bilatuko zuen jendeak ("Jarri eta Jerri" ere entzuten zen, baina guti). Gerora EHAS aukeratu zuen jendeak (ejas), eta egunotan HASIri tokatu zaio (jasi). Eta zer izaen motela gelditzen den Hasi azpiraziorik gabe! Herri Batasuna hitzekin ere somatzen da zer edo zer, baina gehiago da Jerry, Henri eta antzeko txisteak egiteko, H-aren beraren eragin hutsez baino (Terry eta Zerri ere ez entzun, baizik eta ikusi egin baititugu paretetan...).
Hor daukagu beraz H-a, komunzki pronunziatzen, ebakitzen ez dugularik. Baina hizkerak idazkera influenziatzen duen bezalaxe ("gehio" idazten du beti Atxagak, esaterako) influentziatzen du idazkerak hizkera (jasi...), eta ahozko hizkerak gero eta estuago hartzen du hizkuntza idatzia arketipotzat, pronunziazioari eragiten diola, aldatzeraino (maila, baina...).
Hortan datza beraz H-aren xarma, indarra, majia, Batuaren bandera izateaz gainera, pronunziazioari ere (guai baina) eragin diola. Badu ordea beste majia bat, bere linearen egiturari dagokiona, estetikoa esango genuke, arkitektonikoa ia. Fetitxismo hau argien aitortu duena Alfonso Irigoien (eta ez Hirigoien) izan da: "Geroago denean H erabiltzera berriz ohitu gara eta egia esateko dotore ematen du eta kentzen baldin bada halako hutsune bat nabaritzen da, gela batean eskegirik dauden kuadruak kentzen direnean nabaritzen den bezalakoa" (Sorterriaren Alde). Sinpatikoa egin zaigu, denoi ere, hizki parasito hau.
Baina badira batere maite ez dutela aitortzen ausartzen ez direnak, eta egundalako eginahalak erretzen dituzte H gehiegi ez idaztearren (Euskalerria, elkarrizketa, mintzaldia...) Badabil azken bolada honetan zurrumurru bat, nunbait Garaikoetxeak ("Garaicoechea" ere idatzi izan da euskaraz, klase borroka euskaratik fuera kanpo bota nahiz, orain derrepente euskaldunok ezkerreko eta iraultzaile besterik ez bagina bezala...) Villasanteri esan ziola ea H batzuk kentzerik ote zegoen, batez ere Hertzaina hitzarena, halako tradizio eta kutsua izaki. Ez dakigu euskal gobernuak zer nolako titulua ipiniko dien Berrozitarrei. Guk bietatik ikusi ditugu idatziak munizipal zaharren autoetan: udal ertzaina, hertzaingoa... H-a fandangoan dabil; Bergarako Kongresoan H kentzeak besterik ez ditu ikusi, zenbaitek. Harekikoa ez da berehala bukatuko, itxuraz.
|