L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-6 (1980-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal larridura

 

Ramon Etxezarreta

 

Gauzak argi eta garbi esateko tenorea baita: hemen ez dira bi komunitate bizi. Hemen komunitate bakarra gara: euskaraz askatasunean bizi nahi duen erdaraz (hala beharrez) eta euskaraz baliatzen diren gizataldeek osatutako herri-projektu bakarra.

 

Y dos vascos una apuesta... eta hara gaurko apustuak. Zer da euskalduna? Zein da euskaldunago? Ba ederki goaz, majo. Herri bat bere izakera eta esentziak diskutitzen hasten denean desagertzen da, bere buruarekiko konfidantza galtzen duenean. Eta gure herriak, abangoardia

mailan, politikoak eta intelektualak abangoardia badira behintzat, aspaldi galdu du konfidantza, aspaldi egin du porrot, aspaldi akonplexatu da, aspaldi transkulturizatu da. Uko fuertea egin dio. Eta hasierako hitzetan, Koldok eta Ramonek (inoiz ez dizkizuete pagatuko zuen zuhur aldiak) behin batetan esan zuten herri-projektu hori gaizki erabilitako eta ia ezertarako balio ez duen euskara triste horrekin besterik gabe geratu da.

        Aspaldi ekin genion entierroak latinez egiteari, hildakoen bizkarretik mozkorrak harrapatzeari, Jainko bakar bat ohoretzeari, aldi berean utzi berriz igande arratsaldetako intxaurpeko sagardo edateari, palanka botatzeari, hilberriarekin hilea mozteari, eta gantzontziloen ordezko atorra atzeluzea erabiltzeari.

        Sintomatolojia arin bat galdu dugunean, beharrezko izango zen, geure nortea era horizontea galdu ditugu, nora jo ez dakigu eta orain, gaur, hasten gara euskal identitatea eztabaidatzen, konfidantza galtzen eta zihurtasun gehiago emango digun sintomatolojia berri bat bilatzen. Eta hizkuntzaz kanpora ezer bilatzen ez dakigu. Beharbada bera bakarrik da aski baina honekin bakarrik ez gaude konforme.

        Euskaldun izatea zer da? Probidentziaren grazia bat? Santu izpirituaren dohai bat? PNV'k banatzen duen etiketa bat? Foruzale porrokatu bat izatea? Lege zaharra den kutxa majiko horretatik aldian aldiko errekurtso fantasmagoriko horietako bat (gizalegea, pakea, pakea, —kapea—, agintariekiko itzala, fedea, Jainkoa, zergatik ez jainkosaren bat, kaikua) ateratzeko lain habildade izatea?

        Zein da euskaldunago? Zelaietak ezkerrez (kastilanoa omen du ezkerra) Real Madrid zentralistari sartuko dion gola, ala Amuritzak usoari botatako bertsoak, ala Bandresek kastilano garbian parlamentoan botatako diskurtsoa, o el que nuestro nunca bien ponderado amigo Sarasola se sienta solidario con el campesino? (gerortik Ibon, hire txaketari Ibon, beltza duk, aditzen diodan zimaur usaina, Ibon, halakoxea duk, Ibon, hi beti etxekalte, Ibon... eskemepuedes, bésame por favor vasqueta).

        Besteen ezberdinak izan nahi dugu, baina herri normal bat ere izan nahi dugu, normaltasunaren erreferentziatzat ezberdin ditugun horiek harturik. Eta egun garbi dagoena, zera da, besteen hondakina jasotzen dugula eta aprobetxagarria herei uzten diegula etxe etxean dasta dezaten, beren intimitateko gauza balitz bezala. Eta ez gara konturatzen geure teilatuari harrika ari garela. Besterik gabe beste kulturen mekanismoa etxeratzea geure kulturaren ukazioa da, haienaren antzeko kultur sistema berdin bat sortu nahia da, gure berezikeriak, anormaltasunak, kultur propioaren ingrediente bakarra baztertu nahia.

        Geure kultura geure kriterioek epaitu behar dute, eta orduan bilatuko dugu geure benetako identitatea.

        Kultur propioaren normaltzeak ez du esan nahi besteen pareko erreferentziak aurkitzea, alderantziz baizik besteek ez duten sintomatolojia bat aurkitzea, geure kritikotasun propio bat bilakatzea.

        Goytisoloren noela bat baloratzeko erabiltzen den tresna berdina zergatik erabili behar dugu guk Joxe Agirreren bertso bat epaitzeko. Futboleko ekiporik gabeko herri bat zergatik ezin gintezke izan?

        Hau izan izango da gure lehenaldia ukatzera karreiatu gaituena, geure inkultotasuna nabarmendu diguna, eta ezer gutxi balio dugula pentsarazi diguna. Bien bitartean herri soilak bere euskaltasunaz ezta duda izpirik ere ez du egin, euskaraz egin dio burla aurrean jarri zaion kristo guztiari.

        Eta horrela kultura mekanizista bat sortu da, kultura monolitiko bat, monolitikotu mekanizismo horren poderioz egin da. Alferrek eta kobardeek eginikako teorizatze bat sortu eta nagusitu zaigu, eta hor ari gara orain beti kirker zulo berdinean pixa egiten, disziplina faltso batzuek sortzen, serio itxuriak egiten.

        Inoiz izan ez dugun disziplina famatu hori asmatu dugu, eta hori bihurtu zaigu gure herriaren filosofi harria. Ninyolles irakurri dugu, Alicia Illera ere bai, Lasagabasterrek erakutsi digu literatur testoen komentarioak egiten, EUTG bat badadukagu, eta Mitxelena ospetsu hori ere bai, nahiz eta PNV'koa izan, eta beste guztiok euskaldunon barrabilak eta sortzezko jakituria baditugu. Beraz Gora Euskadi Askatua!

        Gaur gaurkoz, eta notizia hoberik ez datorkigun bitartean, euskalduna izatea desgrazia bat, deskalabro bat ez ote? Hizkuntza osatu bat ez dugu, botere politikoari berriz urrutitik ere ez diogu usainik hartu, krisi ekonomikoak burlarik handiena geuri egingo digu, besteek bai bait zekiten ezer gutxi zirela, eta guk berriz uste genuen...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.