L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<euzk0901>— Oh! Euzkadi-8 (1981-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Literatura, euskara kaletarra (eta III)

 

Gotzon Egia

 

Hitzaldiren batetan entzuna daukagu gerraurreko poesigintza eta poesigileen akats nagusiena irakurlegorik sortzerik ez lortua omen dela. Alegia, Lizardi, Lauaxeta eta besteek jarraitzailerik izan ez bazuten, inork irakurri ezin zezakeen lanak eginaren erruia dela. Ezaguna da poeta eta prosista hauen molde linguistikoak ez zuela zorionez aurrera jo, baina errezegia ematen du euskal literaturaren kritiko baten esana izateko.

        Hizkuntza zibilizatu guztiek erantzukizun preziso eta zehatzak eman ohi dizkio epe historiko bakoitzak sortzen dituen beharrei. Bere izatea defendatzeko instintoa eta sena omen da. Epe historiko horren egoerak hizkuntzaren geroa arriskatzen baldin badu, ordea, erantzukizun hoiek latzak izango dira, burrukalariak apika. Horregatik, gerraurreko poeta eta prosista haien erantzukizuna (Lizardi buru) eta betebeharra ahal bezain emankor eta joria izan zen, kritikoek justiziarik egiten ikasi ez badute ere, ordurarte sortzeke zegoen hizkuntza literario modernoa saiatuz.

        Gurean ere, lehengo txandan esan genuenez, hizkuntzaren defuntzioaren aurkako burrukak konpromiso astuna eskatuko dio literaturari, literatoari, zeinetan literatura bera hizkuntz gatazkarako harma eragile gerta litekeela demostratzea izango baita eginkizunik beharrezkoenetakoa.

        Euskararen geroan murgildurik, aztoratu behar gaituen gauza bakarra —nork ez daki— euskaldun berrien sortzea da. Hamaika bider, gehiegitan eta aspertzeraino ari garela pentsa liteke euskaldun berriak gora eta behera: ezagunegi ditugun argumento hoiek gorde egingo ditugu gaurkoz, beraz. Edozein herriri, edozein literaturari, epe historiko bati ekiterakoan oker edo huts egiteko eskubide historikoa aitortu behar zaio, baina esperentzi historikoak aldarrikatzen dituen irakasketak baztertzetik datozen estropozoak larrutik pagatu izan ohi dira. Horregatik, euskal literatura modernoak euskaldun berriei so eginez moldatu eta atondu beharko du lehenago adierazi dugun erantzukizun hori.

        Euskal Herrian ez ezik, mundu zabalean argitaletxeak literaturgileak baino azkarragoak izaten dira, eta hara nondik duela bospasei urtez euskal argitaldariak euskaldun berrien lepotik sosa mordoa ateratzeko modurik zegoela konturatu, eta bonbardeo maltzur eta —askotan— zikinenean hasi. Eta horrela sortu zitzaigun subgenero sasiliterario berri bat: euskalduntzerako liburua (honetan ere azterketarako nahikoa gai). Jakina da, behin baino gehiagotan esan denez, euskaldun berria testo idatziari lotuta dagoela oso. Euskalduntzearen gizarte multzoa gehitzen doan arabera, argi dago irakurlego potentzial berri bat sortuko dela, betidanik bere euskaltasuna testo idatziari zor diona. Hemen dago, bada, literaturak eta literatoek duten desapioa. Euskal literaturak, orain eta hemen, euskaldungo berriaren izaera jasoz, dituen baldintza soziologiko eta linguistikoak bereganatuz, aukera kosziente bat eskeintzeko premia larria dauka. Orain arteko lotsagabekeria askoren irtenbide ezak animo eta gogo anitz utzi du alferrik galdua. Gauza serioa da oso: euskaldun berria abere urbano eta letraduna da. Horretaz, erantzukizuna baldintza hauetan ezarri beharko da irakurlego sortu berri eta dinamiko horren elikagarri izango den literatura baten bidez. Ez gaitezen engaina: gaurko abenturatxo poliziako aspergarrien huskeria demostratua dago. Irakurlego horren gose ezin aseak ez du irakurgai, testo, adreilurik eskatzen, gizarte honek ezagutzen duen hizkuntz burrukarako tresna egokiak baizik.

        Guztiz gureganatzen ditugu lehengo batean orrialde hauetan bertan altza ziren narragintzaren aldeko deiak, poemaren erreztasunez gaindi, narrazioak duen lan eta ekintza beharra hobetsiz. Ez dugu deus eransterik. Aipatu ditugun premiak betetzeko narragintza ezinbesteko beharra delako ustetan gaude zeharo. Artikulu hartan, halaberean, euskal literaturak duen narragintzaren errebisatze orokor baten alde hots egiten zen, zenbait nobelari eta narraziogile gogotik errebindikatuz: beste zenbaiten artean (Frai Bartolome de Santa Teresa, Laphitze, Lizardi) Victoriano Iraola Aristiguieta (1.841 - 1.919). Sanjuandarra, urtetan Donostiako kontzejal, ogibidez litografo, eta euskal idazlea. Beste adibide ezagunagoren artean hau hautatu nahi izan dugu, narrazio tradizioaren ezjakintasunaren lekuko denez gero, eta joan den rnendearen hondarretako literatur giro berrian kaletartasuneranzko leihoa zabaltzen digun heinean.

        "Entre nosotros hay que situar en el último decenio del siglo pasado las primeras señales manifiestas de la aparición de un espíritu nuevo —prefigurado ya en unos cuantos precursores— que había de transformar en muchos aspectos las características de la literatura. Ya no es la poesía el único género cultivado desinteresadamente; desaparece el antiguo predominio de las obras de edificación y formación religiosa (...) se trata con empeño de buscar nuevos campos de manifestación (...) y por consiguiente es cada vez mayor el número de traducciones de obras profanas consideradas como modelos". Hala laburtzen du Koldo Mitxelenak bi mendeon artean sortutako idazle multzo haren eginkizun berritzailea. Izan ere, abertzaletasunaren sorrera kementsu hartan, politika mailako erizpide abertzaleek ez zuten unanimitate berdina izaten hizkuntzarenean, orduan ere. Euskal-Erria aldizkariaren inguruan elkartu zen taldeari, ordea, euskal literaturaren lehenengo agerpide moderno eta kaletarrak aitortu behar zaizkio. Mitxelenarekin batera mintzatuz, euskal letrek lehendabiziko aldiz apaizgo hitsaren mantalpetik ihes egiten dute, eta literatoak musikagile, inprentalari edo gimnasta bihurtzen dira. Baina batez ere, beste ezeren gainetik, literato, literaturgile dira bilakatuko, hizkuntzaren militante eta burrukalari, gehientsuenak batez beste. Jose Manterola, Emilio Lopez Alen, Martzelino Soroa, Pepe Artola, Toribio Alzaga, Antonio Arzac edo Serafin Baroja (Pioren aita) baten artean Iraola sanjuandarrak ez ditu meritu kaskarrak biltzen. Donostia erromantiko eta nobezentistaren lekuko paregabea, berari zor diogu Bilintxen erretraturik ezagunena (liburudenda famatuak zorroetan azaltzen duena eta taberna ezagun batetan ormetako apaingarri daukatena), kaldererotan euskaraz abesten den kanta bakarraren hitza bezala (Sarriegi-ren musikaz). Pariseko Erakusketa Unibertsalean globoan ere ibilia omen zen, eta Kontxako tamarindoak bertaratu zituzteneko bat. Errepublikanoa izanik, Victoria Eugenia eta Maria Cristinak beren oporraldiak Miramarreko jauregian egiten zituztenean, Sabino Arana Goirik eratu eta argitaratzen zuen aldizkari batetan (Baserritarra) partaide sutsuenetakoa Iraola. Abertzaletasuna eta hori, orduan ere.

        Garai hartako guztiek bezala, Iraolak ere poemak idazten zituen, doinu heroiko-trajikoaz maiz, adarjotze leun eta fin batez gehienetan (onenak, Kontuchoak liburuan, Donostiyan Pozoren Moldiztegiyan 1886). Eta beste guztiek bezala, Iraolak ere antzerkia idatzi zuen frankotan. Zartzuela, opera, "bakarrizketa", "elkarrizketak egintze batian" eta jenero honetako beste hamaika lan mota, guztiak Martzelino Soroaren Iriyarena eta Anton Kaiku aitzindari haien jarraile zirenak. Euskal literaturaren aztertzaileengana jotzen badugu, mende arteko literatur gorakadaren ardatza antzerkia izanaren arrazoiak garai hartako bizimolde eta mentalitate kaskarinari (hots, "kasko arinari") lotuta daudela dirudi: "El teatro sin pretensiones de Soroa tuvo la mejor acogida de un público de risa fácil y tan amigo de las bromas corno el autor" dio Mitxelenak; "Ciertamente las producciones de estos autores no alcanzan un tono elevado ni selecto" Villasantek; "...bere ereduaren erara farrez lehertzeko obrak idazten zituzten edo oso modan zegoen antzerki seudo-historikoari eldu zioten" berriz Patri Urkizuk; "Gaur arteko euskal literatura profanoaren karakteristika jeneral den preparazio literario falta, beste arrazoiren artean marjinalismoa gatik eta profesionalismo falta gatik sortzen dena, garai honetan ikusten da inoiz baino argiagorik, hala poesian nola Soroa eta Donostiako eskolako gainerakoen hats xipiko teatro singlean" azkenik Ibon Sarasolak.

        Euskal kritikak oso ohituta gauzka balorazio inplakable, zorrotz eta behinbetirakoetan, eta balorapen mailan ba dute honetan denek zentzurik aski. Halabaina, afirmazio hauen arrazoiketa sakonago bat beharrezkoagoa litzateke, ene ustez. Denek aitortzen dutenez, opereta eta zartzuela haiek tontorka betetzen zituzten Donostiako Antzoki Zaharrean egiten ziren saio guztiak, eta, topikoak topiko, hori literatur mota batek irakurlego-entzulego zabala zuenaren seinale argia da, Mitxelenak "en contraste con el utilitarismo anterior, la nueva literatura no deja de ser a veces demasiado desinteresada: no se sabe muy bien, en efecto, a qué público pueden estar destinadas algunas de sus producciones" badio ere. Ordurarteko literaturaren utilitarismoa, lehen esan dugunez, apaizgoaren moralitate sermoilariaren zerbitzuan besterik ez zegoen. Ingurugiro honetan, antzerkia, jenero txikoaren erara, molde profanoa bezala ialgitzen da. Literatura, honetan, gizartearen espektakulo-ispilu bilakatzen da; irakurlego-entzulegoak libertimendua du esijitzen, non berak ere parte har bailezake eskuak puskatzeraino txalotuz edota antzezlari kaskarra txistuka eszenario gainetik boteaz, maiz aski gertatzen zena gainera. Mendetako aszetismoaren mengantza, nolabait. Bestalde, eta Aita Villasantek berak dionez, "siendo el teatro un género esencialmente urbano, se comprende su nacimiento tardío entre nosotros, y se comprende también que haya sido San Sebastiàn el foco principal de esta actividad teatral (...)". Izan ere, garai honetako antzerkia, eta literaturgintza parterik handiena, euskal literaturaren aurreneko agerpide urbano eta kaletarrak ditugu. Hari honi jarraikiz, euskal teatroaren zati nagusi den honen errebisatze orokorra eskatzeko eskubidea nahiko dugula uste dugu.

        Antzerkiaz bestalde, prosarik ere izan zuen mende arteko epe honek. Iraolak berak prosan egin zituen kalidade handienetako lanak. Antzerkilari bezala, izen doi-doia besterik ez dugu aurkitu kritikalari guztien manualetan. Prosista bezala, ordea, izenik ere ez. Hona, han-hemenka lardaskatu ahal izan ditugunak: "Goi-goikoak izan ez arren be, atsegiñez irakurri oi ditugu, olako zirrara gozo-eztia nabaituaz biotz barrenean. Betoz ugari beronen taiuko txori kantatzaileak" dio Aita Onaindiak; eta Gregorio Mujicak definizio hau eman zuen "Euzkadi" egunkarian 1.920-11-20: "Tue, en cierto modo, continuador del espíritu de Bilintx".

        Egia da Iraolaren prosazko lanek ez dutela dozenaka tomo lodiak osatzeko aski ematen, baina narragintzaren eremu lehor eta antzu honetan erreferentzi ttipiena ere erdeinatu eta bazterreratzea lujo handiegia da. Baserritarra, Euskal-Esnalea, Euskal-Erria, eta orduko beste zenbait aldizkaritan, hor daude dozenaka ipui, kontaera, narrazio labur eta "izkirimiri", zeinetan Iraolak (antzerki lanetan baino hobeki, uste dugu) bere Donostiaren erretratu kaletarra ematen baitu hizkera humoretsu eta ziridun batez. Ez dugu honekin Iraola narradore eredu definitibotzat azaldu nahi, ezta haren lanak ez lukeen entidaderik asmatu nahi ere. Baina bere garaikide prosisten lan ezagunagoek, hala Txomin Agirreren baserritar eta arrantzaleek nola Pedro Miguel Urruzuno apaiz elgoibartarraren humore zarpail eta infantilak, nekez eskein liezagukete egungo narrazioak irrikiz behar dituen tradiziozko erreferentzi garbirik. Didaktisko-moralismoak oro bazterturik (Peru Abarca-renean hasi eta Garoa edo Kresala-raino guztiz bizirik dirautenak), lirismo purtzil guztiak gaindituz (Arrese y Beitia-ren prosa poetikoa zeharo kutsatzen duena), Iraolak euskal giro urbano batek eskeintzen dituen hariaz josi zuen bere prosa labur eta zoragarria, hizkuntza kaletartu eta lotsagabe batek ematen zizkion ahalmenak sano profitatuz. Bere ohorerako, ez zuen gainera sekula erdaraz izkribatu, guk dakigunez bederen.

        Euskaldunberritze masiboarekin batera sortuko den euskal giro urbano gaurkotuak eta irakurlego kaletar modernoak, literatur mota berri horren sortzearen alde zabaltzen dute deihadarra. Noizpait etorriko ahal da narrazioz, prosaz eta hitz lauz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.