L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-8 (1981-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Komunikabideak Euzkadiko eta euskaraz eskuratzeko (noiz) posibilitatea omen dugu (nork). Guk, parentesirik gabe galdetzen dugu nola. Ez ibili behar den bideagatik, ez baitugu horretan sartu izan nahi, eskuratzea eta, batez ere, komunikabideen funtzioa edo serbitzua nola ulertzen dituzten jakiteko baizik. Ziudadano guztiok (omen) eskubidea.

        Galdetzekoa eta erantzuna jasotzekoa ere bai. Besterik gabe hartu dugun seta balitz ulertuko genuke, batzutan behintzat argi ikusten baitugu gure aldizkariaren eskastasuna; humilak izaki, nahiz eta bestelako itxurak egin. Baina komunikabideena, telebista, telebista (antza denez ez dago eta besterik) euskaldungo guztiaren salbabide bihurtzen ari da, jarri gaituzte denok TB euskaramintzailearen esperantzatan, ikasleak ere kutsatuko ditugu itxaropen hori bihurtuz jarraitzeko eta hobeagotzeko esperantza bakarra, gu zuen zai, zuek agindu eta eman ez.

        Edozein telebista (eta komunikabideren) programazioa defendatzeko arrazoi asko aurkitu ohi da; gurean, euskarak aportatuko ditu beste batzuk, eta, ezeren gainetik, barkapenak. Besterik gabe barkatzeko ohiturarik ez daukagu guk (tentazio horren kontra borrokatzen dugu) euskara eta absoluzioa diferente direlako iritzian; euskaldun izatez aparte (batera) beste zenbait ere ba garela, alegia (Insistituko dugu).

        Beldur gara "herriak horixe nahi du", eta "besterik ezin da gaurkoz lortu" (medaila baten bi aldeak?) botako digutela, eta nabaria da horrek beste lekutan, beste debatetan izan duen pisua, gehiegi, nola nahi ere, hemengo ezkerraren erantzun kapazidaderako. Euskaraz (instrumentoa, zera) lotuko digutena gainera.

        Ezkerrak komunikabide guztien aurreko iritziak eztabaidatu behar ditu eta euskararena "jalgi hadi plazara" slogana baino terreno zehatzago batetara ekarri. Zehaztasuna, praktikan egindako konfrontazioa, euskaldungo guztiak behar du. Euskal Herri guztiarentzat gertatuko delako topaleku, debategai eta konfrontabide.

        Telebistaren zai egon gabe. Bera daiteke garrantzitsuena, eragin haundienekoa, komunikabideen sektorean, ardatza.

        Hala balitz ere, ezingo dugu interbentziorik gutxien permitituko duen monstruoa jarri zuzen zuzenean eztabaidan, beste pausorik gabe, beste esperientziarik gabe. Indartsuena bera da, egoera normal (korriente), batetan, onerako eta txarrerako, baina gurea ez da normala, ez eta ere korrientea, ezin dugu TBak dena monopolizatuko duela pensatzearen arriskuan erori (Egoera normalizatuetan ere ez da horrela; krisialdi luzearen ondoren irratiek ezagututako goraldia lekuko).

        Hemengo TBa ahula izango da hasieran, eta kaskarra, lortu egin beharko du besteek ba duten hipnosi edo faszinaziorako ahalmema. TBa euskaraz (euskaraz bada) ikusten ohitu, egin beharko dugu, gainera. Ikasi.

        Arrazoi dezente dago, bada, berte komunikabideei (denei) begira jartzeko, dagoena aldatzeko edo aldaketara eragiteko, ezin baita arlorik utzi eta gutxiago oraindik dagoena datorrenarengatik baztertu (renunzioa da hori), ametsak edo futuroan konjugatzea beti izan dela presentea erabiltzea baino errezago.

        Hor dugu irratia. Apenas aipatzen da, ez luke inork esango arazo zaigunik. Ez gaitu aztergai izateko adina preokupatu (Azterketa publikoa, preokupazio publikoa).

        Eta hor infraestruktura bat badago, ohitura bat, euskararen tradizio (txiki baina egiazko) bat, profesional zenbait, publiko fidel bat eta permeabilidade dezentea (permeabilidaderako posibilidade dezentea): arlo bat.

        Arlo bat non Irrati Nazional batek funtzio garbi bat izan dezakeen, non irrati-kate asko egonagatik zulo nabariak dauden; behar nabari bat, zer, nola bete behar den aztertzeko arlo (eskuragarri) egoki bat.

        Euskal kulturaz eta euskaraz, egun eta hemengo errealitateaz mintzatzen gara baina Euskal Herria Euzkadirekin berdintzeko lana egin gabe dago eta lortzeko apustua da gurea (nahi eta nahi ez) Euzkadikoa izatea paralelo eta meridiano grado problemaz beste zerbait izan dadin nahi badugu.

        Euzkadin Itoitz dago eta Ruper Ordorika baina ACDC eta Mogollón ere bai (Julio Iglesias ahaztu genezake?). Muestra bat da, ez gara orain horretan hasiko, atentzioa deitzearena baita gaurkoa (Gobernuaren lehen proiektoa serio omen datorrela ari gara entzuten; hobe) kultura, subkultura, masa kultura, euskal/erdal kulturak, ozioa eta antzeko kontzepto guztiak konfrontatzeko eta zehazteko (ahazteko agian edo eta aldatzeko) posibilidadeak dituen arloa dela sujeritzearena.

        Irratiak, bidalitako mezuari erantzuteko posibilitate gehiago onartzen ditu eta geronek geuregandik gertuago sentitzen dugu telebistaren begi majikoa baino.

        Irrati nazionalaren beharrean gaude. Lehen pausoa dateke irrati ofiziala (Zehazpen prozesoan eztabaidatuko ditugu bien arteko diferentziak). Batetik Euzkadi mailakoa izango delako eta, beraz, Euzkadiren problematika bere kargu hartu beharko duena. Euskararen aldekoa, gainera, euskal herriaren (gutxienez euskal herriaren elemento baten) aldekoa. Kontrol eta muga ekonomikoetatik askeago egongo dena, horrek dakartzan posibilitate guztiekin. Beste irrati molde batzuren, beste programazio era batzuren bila arriskatzea, adibidez, eta euskarari dignidade bat ematea, publizidadearen eta "errealitatearen" konzeptoaren erabilkera jakin batzuren aitzakia deuseztatzen joanez.

        Euskararen minimoak (denborazko eta dignidadezkoak) lortzen joan ahal izango dugu, pribatuek konpetentziaren legeak eskatzen dien arabera onartu eta mantendu beharko dituztenak.

        Optimistegi agian. Horrela gerta daitekeela uste dugu eta lanerako biderik ba dugula. Herri zapaldu batean lor liteke irrati ofizial bat besteak baino interesgarriago izatea. Herri horren errealitate nazionalari kaso egiteko obligazio ezinbestezkoa duelako (izateko arrazoirik gorde bahi badu aparatoak) eta errealitate hori bere gobernuaren ideolohiaren defentsarako moldatzea (bere erara egituratu eta mugatuz) lan luzea da.

        Hizkuntzatik hasita, euskal kultura guztia, sasibatasun baten poderioz azterezina bihurtzen badugu, osorik entregatuko diegu komunikabideen (tresna ideolojigileen) jabeei.

        Esperantzaz (eta distantziz) begiratzen dugula irratia (eta telebista). Eta bien (beste guztien baita ere) arteko harremana. Hor leudeke arriskurik garbienak, tresna bakoitzari espezializazio kutsu bat ematea, adibidez.

        Irratia "errealitate" horretatik gertuago. Telebista urrunago. Telebista ahalguztiduna (?) ez dadin errealitate konkreto horrekin gehiegi kutsa are eta luzea den moldaketa prozesoa kontrolatzen jakin arte (TBan informatiboak, nola, zenbat?). Edo irrati "nazional" horren lehen proiektoa "euskal kulturari" bakarrik dedikatzea, hain beharrezkoa den sintesi-lana utziz, bi hesparru desberdinak desberdin jarrai dezaten permitituz.

        Hasierako pausoak tanteoak dakartzan erruen onespena merezi du, baina gero etorriko denaren oinarria dela ahaztu gabe. Euzkadiko komunikabide egituraren lehen pausoak, euskal herria nola bihurtuko den Euzkadi (edo Euzkadi Euskal Herri) definitzen hasiko direnak.

        Ez gaude esperoan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.