L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-8 (1981-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Quo vadis, Jordi?

 

Josu Landa

 

Entzun askotan entzuten genuen arren, Patxi Altunaren klaseetatik pasatu behar izan genuen quosque tandem hitz multzoak zer esan nahi zuen jakiteko, eta historikoa omen den "quosque tandem abutere Catilina patientiam nostram" esaldirik etor zitekeela deskubritzeko. Honaino gure adoleszentziaren inesperientziak egunoro ematen dizkigun sorpresak. Eta honaino diogu, zeren eta geronek gure eskultore sonemazale hau liburu horren bidez ezagutu bagenuen, eta zahartzaroan lizunduta zegoela uste genuen arren, oraingo honetan ezetz frogatu baitigu, oraindik kapaz dela inor tratatzen ausartuko ez zen gai baten inguruan hamabost bat folio luze idazteko. Eta fresko bukatzeko gainera (Ikus MUGA, 13. zenbakia).

        Eta alde batetatik postu gara, zergatik ukatu. Catalunya eta gure herriaren arteko borroka isilean —zein areago bestea baino—, beste puntu batetan parekatu garela, edo parekatzekotan gaudela behintzat. Han ba dute Dali, baina hemen ba dugu Oteiza. Hala ere, diferentzia bat dago nabarmen. Dalik ematen duen itxura ia katxondeoaren mugara iristen da, eta botereak eta komunikabideek hala hartzen dute. Aitzitik, hemen, Oteiza —ez dakigu ulertzen ez delako edo— oso kontutan eta oso serio hartzen da sektore batzuetan, nahiz eta katxondeoz hartzeko Dalik bezainbat arrazoin eduki.

        Izan ere, "cromlech"aren interpretapen metafisikoaz edo harritxo azilienseek zer nolako sinbolika duten gizakiaren bilakaeran, ez dugu badaezpada gehiegi zalantzan jarriko. Horretaz ez dugu, ez, ezer esango. Terreno horretan egiazki ezer gutxi baitakigu, eta galtzaile atera gintezke. Baina azken MUGAn agertutako artikuluan beste alor batzuk ere ikutu egiten dira, eta "cromlech" neolitokoaz zein forma duen ez ezik ezer gutxi gehiago ez baldin badakigu ere, hizkuntza, euskara etabarri buruz, apur bat gehiago ba dakigu. Oteizaren interpretapenei mugak jartzeko adina bederen.

        Eman dezagun hasteko SONEMA —Oteizaren hitzetan— fonemaren antzeko zerbait dela, baina zientifikoki isladatutako zerbait bakarti izan gabe, guztiaren partaide denean, soinuen munduan ari denean berriro, bizitzarekin izate estetikoa berreskuratzen duenean. Eman dezagun FONEMA-SONEMA berezkuntza hau eman daitekeela, konzesio gisa. Jarrai gaitezen.

        Sonema zer den entenditzea posible baldin bada, kontuz horretatik ateratzen direnekin, hozka egin baitezakete. Euskararen sonema ez bait da beste hizkuntzen sonemen antzekoa, desberdina da. Sonema harrigarri honek "por su propia naturaleza mítica canta en sentido inverso del tiempo", eta hortik deribatzen du sonema honi buruzko semiologiak konkaboa izan behar duela, negatiboa. Ez baduzue ongi ulertzen izan daiteke nik gaizki ulertu dudalako, zeuon adimenak ez duelako behar bezain ondo funtzionatzen, edo Oteizak argibide handiagorik ematen ez duelako. Nire ustez, probabilitate gehienek azken posibilitate honetara jotzen dute, nahiz eta —noski— ni oker ibiltzea oso posible izan, eta kasu horretan eskertuko nuke nire okerretik ateratzeko zerutik jaitsiko zaidan indar izkutua. Lehen bailehen baletorkit.

        Eta jarraitzen da On Jurgi froga eta oinarrien bila, eta horra hor non pertsonaia oso maite baten kasu "misteriosoa" aipatzen digun: Loyola (bai, hori, gure patroi aundiya). Oteizaren ustez, Loyolak zeinuak linguistikoki hustu eta isladatzen ditu, hau da, harritxo aziliensetik ideograma ezabatzen du, alegia, harri mutu horietaz eta bere barne isiltasunaz borobila marrazten du Jainkoari eskatutako erantzuna jasotzeko. Surrealismoa ala Jainkoen sonemak? A! Eta ez bazenekiten, Loyolak, Velázquez pintoreak bezalaxe, denboraren desokupazio espazialez egiten zuen lan. Ba dakizue orain. Gure patroi handia aszetika, poetika, sonematika, estetika eta metafisikaren fenomeno bat omen, eta gu enteratu gabe. Hain eskergaitzak gara euskaldunok!

        Gainera, artikulua hain luzea dela eta, adarjotzea eternoa dela dirudi, ez duela bukaerarik, eta hau batzuetan ona izan badaiteke ere —umorearen kontua, badakizue—, ni harrapatu ninduenean, eztarrian okertu zitzaidan. Zer egingo diogu bada!

        Oker dabil Oteiza —huts txiki bat egiaz eta jakinduriaz betetako 33.354 hitzen artean— hatxe letrari buruzkoetan. Geronek Jorge Handiak erabili duen metodoa erabiliz kontrako erresultadoa atera baitugu (1). Dena dela, garbi dagoena da Aita Villasante pasatu egin dela "h"aren arrazoinak esplikatzen liburu bat ateratzean, bost lerrotan demostra baitaiteke (1 berriro) letra horren egokitasuna. Beraz, ez gaude konforme parasitotzat jotzen duen hatxea "la torsión francófonobarroca que sufre la palabra, la falsa o inútil y antietimológica imagen fónica que oculta y ciega la imagen interna y visual del sonema" denik.

        Baina kontuz ibili behar da ere, kontuz, Oteizari kritika bat egiterakoan, prestu baitauka koartada: Bi estadio deferente bereztea (poetika 1 eta poetika 2; politika 1 eta politika 2). Beraz, 1. estadioa, kezka estetiko eta esperimentalena izango litzateke; 2. estadioa, berriz, posesperimentala. Bera noski, bigarren estadio aurreratuago honetan egongo litzateke, pribilejiatuena, eta gu, hain goi mailako teoriak ulertzen ez ditugun txusmazaleok lehen estadio primarioago horretan egongo ginateke. Ez dakit norbaitek sinistuko duen aitzaki tonto horretan baina, sinistekotan, guk erantzungo diogu 3. estadioan gaudela dagoeneko (poetika 3, politika 3, etabar). Izan ere, Agata Kristi askoz hobea zen koartadak asmatzen Sabinoren busto famatuaren egilea baino.

        Quo vadis, Oteiza? Norbaitek pentsatuko du ez zoazela inora, horrelako teoriez ez dagoela inor engainatzerik, eta beraz alperrikakoa dela horretaz ezer esatea ala idaztea. Eta ni konforme egongo nintzateke, detaile batengatik ez balitz izango. Egia izan daiteke Oteizari inork ez diola kasorik egiten, eta egitekotan, erotuei egiten zaien modura besterik ez zaiola egiten. Akaso bai. Baina orduan, eta bestela ere bai, grabeena da, MUGA bezalako aldizkari batek Oteizari halako inportantzia —inportantzia kasu hauetan tokiaren arauera neurtzen baita— ematea. Are grabeago, euskararen inguruko debate hirukoitz baten partaide bezala ageri bada (Mitxelena eta Caro Barojarekin batera). Benetan grabea. Ezin baitugu ahantzi MUGA boterean dagoen partidu politikoaren aldizkari kulturala denik.

        Bestaldetik noski, geure adimena ez dela subnormala egiaztatzeko beharra ere izan da. "Sonemática vasca y mitos" izeneko artikuluan, "Oh! Euzkadi" irakurtzean irakurle ez ilustratuari gertatzen zaiona gertatu zaigu: ez dugu tutik ere ulertu. Eta irakasle zahar batek esan zuen bezala, lehen aldiz irakurtzean ez badut ulertzen arrazoinak nere buruan izan daitezke, bigarrenez dudak betetzen du dena, baina hirugarren aldiz lasai gelditzeko arrazoinik badago, ia seguru astopitoa bestea izango baita. Beraz, oraingo honetan geure adimena normala dela behintzat.

        Besterik gabe, eta gehiago ez luzatzeko, agurtzeko ordua iritsi zaigu. Eta herrialde saindu eta autoktono honetan Oteizaren diszipulo zintzo izatea baino ohore handiagorik ez dagoenez, metodo sonematiko batez saiatuko naiz agurra ematen (poetika 1 delakoan daudenok bere ezjakintasunez jabe daitezen, eta poetika 2 delakoan daudenok huts ortografikoetaz ohartaraz nazaten: $6&—!okipé, Þ123? kafôéù, 8hi9o(vc(cv)vc)iñ ¿? in ferroçiari""ferro/bv %%%, *.

 

<sangria>(1) "H" LETRARI BURUZ GEUK EGINDAKO DERIBAZIO SONEMATIKOA: Tomando en cuenta que la sublimación mítica se realiza por medio de un proceso de catálisis metafísico-lingüística, en la que el ideograma —en sentido genérico— cóncavo realice coito etimológico con el convexo no es difícil vislumbrar por medio de una Intuición 2 que la aspiración de la "h" proyecta bisontes magdalenienses supone la conflagración alevósica y premeditada de la negatividad vasca aplicada al terreno ortografico. Por lo tanto, la "h" es comestible. Reg. San. num. 15.324.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.