L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-8 (1981-apirila) —<euzk0913>




 

 

—itzulpena—

 

J. Joyce

 

Irlandar hizkuntza, indoeuropar familiakoa izan arren, Erroman hitzegiten den hizkuntza Teheranen hitzegiten denaz adina diferentziatzen da ingeleseraz. Zeinu berezi batzuk dituen alfabeto bat du, eta ia hiru mila urteko historia. Duela hamar urte, atlantiar itsasaldeko mendebaldar probintzietako nekazariek, hegoaldeko batzuek eta mendebaldeko hemisferioaren aurrean europar abangoardiako zentinela bezela altxatzen diren ugartetxokoek, bakarrik hitzegiten zuten. Galiar Ligak indartu du bere erabilera. Irlandar egunkari guztiek, organo unionistak izan ezik, gutxienez irlanderaz idatziriko izenburu berezi bat eskaintzen dute. Hiri inportantenetako postatrukea irlanderaz idazten da, irlandar hizkuntza lehen eta bigarren mailako eskola gehienetan irakasten da, eta unibertsitateetan, gaineratiko hizkuntza modernoen, frantsesa, italiera, alemanera, eta gazteleraren parean jarria izan da. Dublinen kale izenak bi hizkuntzetan ageri dira. Ligak kontzertuak, mahainak eta sozial egintzak antolatzen ditu, non "beurla" (hau da, ingelesera) hitzegiten dutenak amorraina lehorrean bezela sentitzen baitira, tonu gogor eta guturalez mintzatzen den jendetzaren arten galdurik. Kaleetan, elkarri, beharrezko den baino indar gehiagoz agian, irlanderaz egiten dioten taldeak igarotzen ikusten dira. Ligako Kideek, idatziz elkar Komunikatzen dutenean, irlandera erabiltzen dute, eta helbidea irakurtzeko gauza ez dela, kartari gizarajoak arazoa konpon diezaioten bere nagusiengana jo behar izatea ez da arraroa.

 

* * *

 

Kulturguneetatik hain urruti dagoen Irlanda bezelako ugarte batek apostolu eskolei dagokionez hain gailur garaiak iritxi ahal izateak arraroa dirudi, baina azaleko azterketa batek ere zera erakutsiko digu, bere berezko medioen bidez bere kultur propioa aurreratzeko irlandar nazioaren insistentzia, gehiago dela europar kontzertuan leku on bat gorde nahi duen nazio gazte baten esijentzia baino, iraganiko zibilizazio baten gloria eraberrietan berritzeko antzinako nazio baten esijentzia.

 

* * *

 

Ingelesen etorrera aurreko hiru mendeen historia irakurtzeko urdaila behar da, zeren barrengo borrokak eta, atzerritar beltzak eta atzerritar zuriak deitzen zitzaien danimarkar eta noruegiarren kontrako gatazkak hain izan ziren gogorrak eta etengabekoak, ezen aro hau hiltegi bat bihurtu baitzuten. Danimarkarrak ugarteko ekialdeko itsasbazterreko portu printzipalenetaz jabetu ziren eta erresuma bat finkatu zuten hogei mendetan zehar hiri haundi bat izan den egungo Irlandako hiriburuan, Dublinen. Ondoren, bertako erregeak elkar hiltzen saiatu ziren, ajedrez jokoan botatzen zituzten merezitako atsedenak hartuz noizik behin. Azkenik Brian Buru usurpatzailearen horda ipartarren kontrako garaipenak eskandinabiar erasoaldiei bukaera eman zien. Baina eskandinabiarrek ez zuten herrialdea utzi, baizik eta komunitatera ekandu ziren, irlandar modernoen izaera bitxia ulertu nahi badugu ahantzi ez dezakeguna.

 

* * *

 

Aurreko nazio idiosinkrasiaren oinarrien gainean beste bat eraiki zen non esandako elementu desberdinak nahasi baitziren eta nazioaren korputz zaharra berritu zuten. Antzinako etsaiak ingelesen inbasioaz defendatzeko elkartu egin ziren, hiritar protestanteak (Hiberni Hiberniores bilakatuak, irlandarrak berak baino irlandarragoak) irlandar katolikoekin batu ziren, itsasoz bestaldeko kalbinotar eta luterotarrei aurka egiteko, eta danimarkar, normandar eta alglosaxoniar kolonizatzaileen ondorengoak irlandar nazio berriaren alde britaniar tiraniaren kontra borrokatzen ziren.

 

* * *

 

Orain berriro, hauteskunde bezperan irlandar Parlamentuko kide batek hautesleen aurrean hitzaldi bat ematen zuen bitartean, antzinako arrazakoa izateaz harrotu zen, eta clomwelliar kolonizatzaileen ondoko izateaz salatu lehiakidea. Salaketa honek prentsa guztiaren trufak eragin zituen, atzerritar familietatik datozenak egungo nazioatik baztertzea ezinezkoa denez gero, eta irlandar arrazakoak ez direnei abertzale izena ukatzea irlandar mugimendu modernoaren ia heroi guztiei titulo horixe ukatzea baitlitzateke, tartean direlarik Lord Edward Fitzgerald, Robert Emmet, Theobald Wolfe Tone eta Mapper Tandy, 1.798-ko altxamenduaren buruak, Thomas Davis eta John Mitchel, Irlanda Gazte mugimenduaren buruak, Isaak Butt eta Joseph Biggar, azken hau traba parlamentarioaren asmatzaile, feniar antiklerikal asko, eta azkenik Charles Stewart Parnell, agian irlandarrek sekula izan duten bururik bikainena, baina zeinen zainetan keltar odol tanta bakarra ere ez baitzen.

 

"Escritos Críticos" James Joyce

Irlanda, isla de santos y sabios 1.907

 

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.