Baina gozo
R. Etxezarreta
Idazle eta eskritore hitzek dituzten konnotazioak, mintzaileen baitan oso lirateke ezberdinak neurtzeko modu arraioren bat bagenu. Baina entzule ezkultoen (teorikoki behintzat) harrerez erreparatu ezkero nabari samarra da ez dietela garrantzi berdina ematen ez batari ez besteari. Eskritorea, erdi aristokrata erdi famoso den pertsonaia bat da, idazten duena, eta fama duenez etxetik atera gabe, eta gela itxi batetan sarturik, irakurtzen eta idazten aritzen den gizon/emakume bat, Herri-maitea, ikaragarri bizkorra, libururen bat idatzitakoa, eta edozer kontutan edozeini, parregarri geratzeke, botatzeko modukoa. Elitekoa nolabait, eta besteek pentsatu ere egingo ez genituzkeen gauzak jakin, ikasi, asmatu eta ateratzen dituena, Jainkoa eta agintarien ondoren eta herriaren aurretik bien artean legoke.
Ez hala berriz idazlea. Idazleak beste konnotazio batzuek izango lituzke. Euskara kontutan asko dakiena, gaueskolen arduraduna eta bultzatzailea, sortzaileaz gainera, hatxeak non jarri dakien eta PNVkoa ez bien gazte bibotero eskandaloso, sesiante, sestroso, betijardun bat. Jende xehearen artean mozkortuko dena, eta populoaren mordoilo amorfo horretatik inoiz destakatuko ez dena, unkualkiera baina pordioseroan gainera. Izkutuko inbidiaren bat piztuko duena, baina tira.
Dena den euskara ere ari da bere estatus bat lortzen eta bi kontzeptuok badute beren txokotea egungo gurean. Nahiz eta gurea izan, beharbada, kultura idatziaz ahazturik, edo denik ere akordatu gaberik behintzat, beste kultur molde batzuetara iragan dena, aho kulturatik, telebistaren akulturara. Urrezko lumen eskasian, goleatzaile karuak gure artean. Eta gurea izango da, hau ere beharbada, telebista, bideo, kassette, informatika, etabarrak iraganaz kultur idatzi batetara iritsiko dena, eta literaturaren aurrean "baina bizia" esan araziko diguna.
Nahiz eta konnotatiboki eskritore/idazle bikoiztasun hori ukan, nor da maila denotatibo batetan bikoiztasun hortako termino bakoitzari dagozkion ezaugarriak bereizteko kapaz?
Zer zen Axular? eskritorea ala idazlea? Zer da gaurko periodikoetako kronikagile lokal bat? Zer hormetan pintadak egiten ari dena? Zer euskaraz rotulatzen ari dena?
Trasmisio oralean maisuak izan bagara ere, garbi dago ez direla gaurkoak hori indarberritzeko garairik aproposenak, nahiz eta inoiz baino premia handiagoak ukan horretarako. Gure gerratean enlazeak paperetan pasatzen zituzten beren mezuak, eta kontrarioaren aurrean gertatukoan, agudo jan paperak (tripakultura). Kuban berriz bizarrundiak borrokatu zirenean, nekazariak erabiltzen zituzten mezulari inolako paperik gabe, berek zuten ahoaren menperagaitasuna zeta eta. Betitik karreiatu dugu paperik ezaren konplexu hori, eta orain eman diogu paretak eta ateak hizkiz margotzeari. Hizki kultura indartzen hasiak gara iada, jaioberria den idixkoa bezala, salto, brinko eta txalo.
Textu idatziaren gozamena eta plazerra gugan sentitzen hasiak gara. Begira bestela tabernetako komunetako ateetan, aurrekaldetik noski, zeinen rotulazio majoak eta fauna bariopintoa aurki ditzakegun. Behin baino gehiagotan aipatu dugu gure zenbait hizki majikoren fetitxismoa (s, z, h), ba hau zabaldu egingo genuke eta inolako hizkiz adierazitako mezu orori hedatu. Hauek tiratuta azaleratuko da edozein literato inkoszientea, Literatoaren figura normahausle eta oroesale birtuoso bezala harturik.
Taberna komunen rotulazioa aipatu dugu arestian, eta kuriosoa da 100 eta WC horiek korritu duten bidea beren identitate nazionala lortzeko, gerora zenbaitetan proiekzio unibertsalago batetara joko badute ere. Non "lasaitu-leku" polisemiko mujikiano batekin aurkituko garen, poiesis grekoaren gailurra eta topeak imajinazioaren esku utziz, inon "guisonak" zehatz, denotatzaile, sobrio euskaldun baten aurrean, beti ere sagardo kupel baten aurrean dagoen agure buruzuri, zapelaundi, mokoluze pipadun baten pean sostengaturik, hizkuntza edozeinetako jendeak uler dezan, aldi batez bere etnia eredua eta protogizon modernoa ikusiz. Estos jodidos vascos que a Eibar le llama Eibar, al hombre guison y al tonto bobo. Eta beste inon "gixonak", Azpeitiko Eperanean, han jabea bakarrik baita gizona, Kanpeon bakarrik.
Oraindik ere, oraindik, furi furian dago erre gaineko kakotxaren promozioa (Epe´ra, Onda´raitz...) eta estragoak egiten ditu hauen autore anonimoen erotikan. Euskal textu oker hauek bakarrik baitira egun herri xeheari sortzaile, sortzaile inkonformista inprimatua izateko aukera ematen dioten bakarrak. Zerri zozketaren zenbakia Urrestillako tabernetan "txarixa nº. 1328" jarrita fresko oheratzen denaren balorea ez da makala eta han "txarriyen numerue" irakurtzen duenarena ere ez. Hori euskaltzaindiak eta UZEIk inoiz lortuko ez duten balio intelektuala da, beste estetika baten bilakaera, textugintza nazionala, aho kulturaren bilakaera plastikoa, gure literaturaren santimamine, askok beste uste badu ere.
Gaizki jarritako hatxe batez sentitu dugun harrokeria, hatxe pirata horren gozamena da gure balore nazionala.
Barthesek uste dut esaten zuela, gozamenaren eta plazerraren gauzarik bereena eta propioena, ezin adierazia zela. Beno.
|