Koldo Izagirre
Ohituak gaude, alafede, EEko eta HBko buruen arteko ahozko gatazketara. Ez diote elkarri deskuidorik mendrena barkatzen. Ez naiz ni tartean bakegile sartuko. Ruiz Balerdi aferaz Periko Solabarriak egin dituen deklarazioek konsiderazio bat merazi dute ordea.
Ez dirudi morala nahiz eta "diotena egia baldin bada" lelo errazegia erantsi, poliziari egindako deklaraziotan oinarritzea inolako juiziorik egiteko. Zeren, komisarian deklaratutakoa egia baldin balitz ere, edonork suposa dezake kasu honetan detenituak ezin zezakeela bestelakorik esan. Eta izenpetu duena izenpetuz akusaziorik ahulena "aukeratuko" zuela abokatu batek, edonork soma dezake. Komisarietan egindako deklarazioak torturapean lortuak ("arrankatuak" esaten da gaztelaniaz, ileak edo hazkazalak bezala...) baldin badira, komisarian izenpetua defentsa orok ilegaltzat arbuiatzen baldin badu, aitor dezagun lege honen unibertsaltasuna. Batentzat balio ez duenak ez du inorentzat balio. Ez zait morala iruditzen poliziaren informeetatik kondenatzea. Kondenatu edo salatu behar baldin bada, eta ezker abertzalean, bestelako informabideak erabili behar dira. Niri grabea iruditu zait Solabarriaren komentarioa. Mihi lasterraren pikardia noski.
Demagojikoa dirudi, bestalde, komisio bezala (aurreiritzi bat) hartutako diru hori "gauza probetxagarritan" inbertitzea hobe litzatekeela eta, euskal kulturari emateko esatea (hemen euskal politikoen behaztopa harri gogorra ageri zaigu: euskara eta euskal kultura. Zer irudituko Solabarriari "gauza probetxagarria" eta, "euskal kultura". Ez baita Solabarria bakarra, hala bateko nola besteko buruek aho betean erabiltzen dute "euskara" hitza (Marcelino Orejak bezalatsu ORTFari emandako elkar hizketan: "L'euskara? Mais oui, c'est une lange trés ancienne...", eta egunen batetan eztanda egingo die hortzetan). Solabarriak erabaki egin du nunbait Balerdik "gauza ez probetxagarritan" ezarri behar zuela diru hori, bentaja petral batez baliatu, "gauza probetxagarritan" inbertitzeko asmoa izanez gero ezin bailiteke bat hor barrena dirua zertarako duen esaten ari, "euskal kultura" baino gauza garrantzitsuagoak badaudela kontutan hartzen baldin badugu behintzat. Hantuste barkagaitza litzateke noski Solabarriari KAS alternatibak zenbat puntu dituen gogora eraztea.
"Euskal kultura" bere buruaz arduratzeko gauza ez baldin bada, utz dezagun bakean hiltzen. Baina karitaterik ez. Nik, "euskal kulturaren" partaide humil honek, ez nuke "langileei hainbeste odol izerdi kostatako" diru horren ximikorik ere nahi.
Sekuestra ditzala "euskal kulturak" bere Suñer-ak.
|