Aranzazuko Ama Birjiña
Joxean Muñoz
Aurten txapeldun eta iaz txapeldun moral, aurten "zorionak" iaz "hala ere zorionak", solasgai eta arazo ahantz-ezin bihurtu zaigu futbola, eta eskerrak. Telediario eraberriturik gabe, euskaratutako irratia itzalita edo Egin irakurtzeari utzirik pasa baikintezke, baina inola ez futbolari buruzkoez axolagabeturik.
Denok dantza erazi gaitu, denok erreakziona erazi, alde nahiz kontra, euforian ala kabreoan, indiferentziak ia inposible bihurtuz, hitzegitera behartzen gaituela (inbolukratuz), idaztera bultzatzen (posizionatuz). Zailagotu egin dira mespretxuak, eta hori ere mesederako, habilidade haundia behar baita mespretxulari ona izateko, baztarrak mespretxuz klarifikatzeko (eta nahasteko).
Irabaztearen bentajak, irabaztearen aldeko izateko arrazoi nahikoa, nahiz eta Arantzazuko fraileak besterik gomendatu txiringitoa betetakoan bakarrik sortzen zaien humildade faltsoko ahotsez.
Irabazi nahi du jendeak, futbolzale izan ala ez, denok bihurtu dugu Zamoraren gola konsuelo politiko-moral. Politikan irabazi ala galdu egiten dela (gerrak eta batailak) eta politikan garaipen moralik ez dela gogoan hartu gabe, ez bada putakerien artean denok merezi dugun poz unea eta inori ukatu ezin zaion garaile sentitzearen atsedena. Urte guztian azken erresultadoa bakarrik jakin duen asko dago, askok futbola gizartearekin batera ulertzeko premia garbia, irabaztean (eta Madrili irabaztean) datzala pentsatzen duen bezala.
Futbola arazo nazionalera mugatzea da hori (iaz ere susmo horretan), arazo nazionala Madrilen kontrako ribalidade eta norgehiagok ara mugatzea (iaz ere tribuen beldur). Guk barru barruan daramagun izpiritu humanistak eraginik ez dugu Quini ahaztu nahi, gure bihotzaren justizi egarriak hartaraturik ezin Jose Maria Garcia baztertu.
Atso eta agure, seme alaba, famili eta kuadrila, denok kaleratu ginen hainbeste eskertzen den batasun giroan, non kolore bakarra txuri-urdina zen eta alderdia Reala. Gure nazio konzeptuak batasuna eskatzen duela eta horretxegatik desberdintasunak izkutatuko dituen kanpoko etsai elkartzailea.
Erasoak ba daduude, egon, eta ez dugu hoien hila denborarik galduko. Batasuna ezinezkoa bihurtzen ari zaigu politikan eta politikatik urrun ari gara bilatzen (eta aurkitzen) anaitasunerako arrazoia, nazio sentitzeko indarra.
Futbola politizatu baino gehiago nazionalizatu egin dugula. Realari zor, beraz, fetxatatik kanpoko aberri egun txiki hori baina Realaren azpitik edo gainetik begiratu behar naziotasunerako futbola aukeratzearen arrazoia, kirola aukeratzearena (ez baitugu oraindik Everesteko kartela gelatik kendu).
Neutroa da futbola, politikak dakarren muturjokatik aparteko; lehiaketa da kirola, lehenengotasunaren egarrian eta norgehiagokaren gainean eraikia. Anaiarteko zatiketarik gabe eskeintzen digu etsaiaren figura eta, beraz, irabazteko posibilidadea.
Inoiz baino elementu gehiagok aberastu du iaz erabakitzeke gelditu zen desafioarekin hasi den liga hau; ala gu izan gara arreta gehiago jarri diogunak, ez baita alferrik izan lagunek irrati-despertadorea erregalatzea edo gure donostiartasuna pozten genuelarik kuadrila futbolzalea topatua.
Ikusgarritasunaren eskasia ere lagungarri izan zaigu inguruko personaje, gertakizun, istilu eta komentarioei arreta haundiagoa jartzeko.
Arretarekin memoria, Quini ez ahaztera obligatzen gaituena, Quiniren inguruko gertakizuna, dantza honen lehen pausoa.
Pauso depuratzailea. Hain zuzen ere futboletik erabat kanpoko gertaera batek sortu du arazoa: bahiketa bat. Hain zuzen ere konfliktoen, politikaren eta gizarte arazoen konnotazioz betetako ekintza. Gorputz hijienizatu batetan txertatutako birusaren antzera, antikuerpo (antipolitika) guztiak mobiliza erazten dira, eta garbiketa operazio zabal bat hasten. Terrorismoaren kontra hain zuzen.
Quini kobaya bat da. Tipo maitatu eta errespetatua omen dena aukeratu dute terrorista-kriminalek. Elkartasun humanistak ez du inongo oztoporik aurkituko. Gizon ona biolentziak erasotu du. Maiuskulaz bataia litekeen biolentzia bat jasan baldin badugu aspaldi hontan, hori terrorismoa dela erakutsi digute, eta erakusten jarraituko. Zoro batzuk politikan erabiltzen saiatzen diren maltzurkeriek erasotu dute Quini, gizona, gizon ona, Quini, futbolari, kirolaria.
Denbora luzean terrorismo politikoa ote den argitu gabe utzi diguten arazoa inbasio arazoa da, nola zanpatu duen terrorismoak gizon pribatuaren (bide batez gizakia beti gizaki pribatua, indibiduoa dela erakutsiz) bizitza, nola heldu den politikakeriekin zerikusirik ez duen hesparru batetara, pertsonaren alderdi ezproduktibo, eta beraz, ezpolitikoa, ozioa den kirolera.
Zein arrazoi egon liteke kondenaren atzean, aurrean edo alboan, ekintza ulertzen saiatzeko. Zein argudio derrigor politiko jar lekioke aurrean balorazio politikotatik at dagoen pertsona erasotzeari, politikatik at dagoen pertsona izaki, politikatik erabat urrun dagoen futbola gauzatzen duen pertsona izanik.
Biolentzien aurrean erabiltzen ditugun judizioak moralak izaten dira eta gertakizunen arabera aldakorrak, erlatiboak, beraz. Balantzatsuak. Kolpe gogor baten ondorioz alde batera ala bestera erabaki beharra planteatzen da. Balantzaren plater batean jartzeko arrazoien faltan, futbolaren neutraltasunak, garbitasunak, inozentziak irabazten du.
Gizakia indibiduoa omen. Bere aktibidade publikoak jar lezake, ezerk jartzekotan bere gizatasuna erlatibizatzeko adina etiketa eta ezaugarri, hauek bai, diskutigarriak, tensioa sor lezaketenak, etsaigoak agian.
Aktibidade publikotzat kirola duenak etsaigo kolektibo bakarra gezurrezkoa du, deportiboa denez, sanoa; lana kirola duenak ez du indibidualtasuna galduko, ez da inoiz pertsona izatetik engranajea izatera pasako, pertsonajea baizik.
Quini arketipoa. Pribatuan ona ("muy humano" esan ohi da) publikoan ere pertsona indibiduala, terrorismoa (zirt ala zarteko politika, mundua ikuspundu politizatutik ikustearen eta baloratzearen adibiderik nagusiena) erabat arrotza zaion biktima, gu guztion irudia.
Mugimendu berberak aseptizatu du futbola (kirola) eta terrorismoa kriminalidadearekin uztartu. Erasoaren biktima izan den pertsona Pertsona bihurtu da eta garbiketa prozeso inbersoaren abiapuntu bilakatu: gizatasun indibidualaren ideolojia sendoturik, futbola neutralizatzea lortu da eta futbola gizarteak hain beharrezko omen duen depuraziorako esperimentaleku.
Poliziaren efektibidadeari buruzkoak bizkar hezurreko dardarik gabe entzutea lortu zuten, poliziari eskerrak ematea eta goraipatzea nota diskutitu jakin gabe utzi gintuzten.
Futbola ez da, beraz, politikatik at dagoen zerbait, futbola politikan, gizartean eragin ahal izateko lehen saioa da, defentsarik ez duena, besteen politikarako prestatu gabe dagoena. Eremu depuratua beti da agintearen politikaren zerbitzurako.
Agintearen zerbitzurako, baita ere, erlatibidadeak inoiz ukituko ez dituen printzipio aldagaitzak, egoera aldakorren aurrean tinko mantentzeko (gurea ez den) tradizioak inposatutako eskemez baliatu behar duena.
Ona eta Gaiztoa adibidez, biak bere zentzurik sakralizatuenean, biak monolitikoak eta egia hutsak. Politikaren etsaiak, noiz, nola, norekin zalantzatsutan oinarritzen baita politika, egoera aldakorrei buruz eskema berriez enfrentatzea eskatzen duena.
Prinzipio mugiezinak beti dira mugimenduaren, aldaketaren kontrako.
Nahiz eta erabiltzen dituena urduria izan, iskanbilatsua eta zalapartaria, azken berriaren bilako zokoteroa. Jose Maria Garcia.
Kirolak gizartearekin beti egiten du topo.
Topaketa eta harreman konplikatuak sortu ohi dira kirola eta gizartea bi hesparru desberdindutzat baditugu. Inor hartzekotan lotura hoien epaile-tipotzat, hori Jose M. Garcia da, montatu dugun dantza honen bigarren pausoa.
J.M. Garcia zuzen eta ausarta delako da epaile. Epaile den neurrian da On.
Orain gutxi entzun diogu profesional batek izan ditzakeen birtuteen artean intelijentzia eta kultura, falta onartuz eta asumituz, baztertzen. Bere berea duen balorea lana da, eta beste bien hutsunea betetzeko adina kapazidade omen duela, dio, lanerako. Deskonfiantza eta beldurrik gutxien sortzen duen balorea da lana, balore ona da. Indibiduoaren neke eta izerdiarekin lotua, pribilejioen konnotaziorik gabea, hasta aukeratu baten urruntasunik ez duena.
"Butanito"k futbol ikuskariaren kalidadea epaitu baino gehiago, futbolaren (kirolaren) soziolojia permanentea egiten du. Bertan Arrazoinaren txartelak banatuz murgiltzen da, kaso bakoitzean errudun eta errugabearen arteko bereizketa tajanteak eginez. Hitzaren justiziero bat da. Gehiengo isilduaren ordezkaritza bizkar gainetan harturik bazter guztietako arazoak harrotzen ditu (ausarki) eta sarri punta askotako gertaera hoiek Egiaren eta Justiziaren kontzeptuez ulertzen saiatu, txartel hoiek eskutan dituela parte hartze epailarira ausartu.
Berak Ontasunaren izenean hartzen duen jarrera da posizio jator bakarra. Erabiltzen dituen arrazoiak, denak, baitaude istiluen gainetik, denak dira biribilak, irmeak, diskusiorik gabe denok onartu behar genituzkeenak: Gizatasuna, Egia, Objetibotasuna eta abar (abar maiuskulazkoa). Boterearen kontrakoa omen da, gainera, (jendearen elkartasuna lortzeko ordezkari argiaren arma ongi erabilia), hain zuzen ere Boterea kirola oztopatzen ari delako, nahasten, zikintzen eta kutsatzen.
Garciak gauoro lotzen du kirola gizarte arazoekin, arazo politikoekin, azken piruetan politika kirolaren kalterako ari dela frogatzeko. Arazo, arrazoi eta ajente externoen inbasioaren aurkako gurutzada etengabea.
Arazo zikin eta zailetan garaile gertatzeko Zuzentasun sobornaezina azaltzen digu etengabe. Egiaren zerbitzari sufritua da, eta beraz, justizieroa. Barkatzen ba daki, halere, eta, beraz, Ona.
Hankasartze eta hutsegiteak errieta emanez konpontzen ditu sarri, eta arazo konponezinak denon kalterako utzi ilun, bihurri; Nahasketa gure etsai izaki. Nahasketa kanpotik etorria, berriz.
Espainiako kirolaren patua mundu hortakoak ez direnen, interes eta eskusartzeak sufritu beharra da. Arrazoi extradeportiboak. Garciaren gurutzada futbola esku arrotzetatik libratzea da, eta denok onar geniezaioke, zentzu komunkoa baita kirola huts hutsik kirola delako tautolojia, denok ordezka gaitzala onar genezake zentzu komunetik Printzipio Moraletarako bidea, gauoro saiatzen duena, kritikaren galbahetik pasa gabe heltzen baita kontzientzira, hain zuzen ere, zentzu komuna eginaren eginez arrazoirik behar ez duen arrazoiketa delako.
Botere arrotz horren beldurrez edo gustoz pekatuan eroritakoari barkamen errietatsua eskeiniko dio, baina ez, inoiz ez, Boterea bera gauzatzen dutenei, inoiz ez (esana utzi zuen Guztion Epailariak) eskandalizatzen dutenei: (Porta).
J.M.Garciak gauoro sendotzen du momentu batetan Quiniren bizkar indartu nahi izan zen dikotomia morala. Guk, gure (ustezko) politizazioarekin ez dugu manikeismo hortatik irtetzen jakin.
Reala euskotarra izateaz aparte futbol-talde Ona da. Diruaren bidez eraikitako ekipoen aurrean, boteretsu eta txantxuileroen aurrean, kanteraren arabera eta kantera zainduz osatutako plangintza errepresentatzen du. Boterea eta negozioa besteen atributoak dira eta, horrela, Realaren garaipena humil(ago)en garaipena da bilakatzen, nazionalidade humildu bat den euskal herriak Madrilgo zentralismoari irabaztearekin bat egiten duena.
On eta Gaiztoen artean bereiztera ohitu gaituzte (J.M. Garcia). Futbolean politikotasunetik libre dagoen nazionalismoa proiekta genezake, futbola posizionamendutatik kanpo eta ideolojietatik garbi dagoenez. Jokatzen duena futbolari indibiduoa da eta, beste maila batetan, sinboloa (Quini).
Neutraltasunean baturik eta ontasun atributoen jabe, denok irabazi dugu boteretsuen kontra. Aberri egun txiki hori posible egin duena ez da Zamora, lehenagoko gertakizun guztiak baizik.
Politikara ekarri gaitu Realaren harrerak. Baina politika manikeo eta itsu batetara, non J.M. Garciaren kontrako kritika R. Madrilen aldeko izatean datzan. Zer esaten duen edo zer isiltzen begiratu, formei arretarik jarri gabe. Formez osatzen den diskursoa ulertzen saiatu gabe. "Onak" Calvo Sotelorengana joana ezin ulertuko dugu, ez badugu dikotomia hori beraplikatuz Realaren baitan bilatzen errugabea eta erruduna. Edo, bestela, arazoa ahaztu.
"Happy End" guztiak gustatzen, guri. Horri eutsi nahiz eta pelikularen erdia begiak itxita pasa edo zinetik bukatu baino hamar minutu lehenago atera.
Arantzazuko Ama Birjiñak ez lieke emoziozko 90 minutugatik, gol ikusgarri zenbaitengatik edo, puroa ahoan hartuta, lagunartean Atotxara joateagatik, tranpa, sasiko egia, eta ideoloji puskak irentsi eraztea barkatu behar.
|