L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<euzk1101>— Oh! Euzkadi-10 (1981-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Gotzon Egia

 

Iritsi zen azkenean geure hizkuntzaren xit zaindari handiak zabaltzen duen titulorako azterketaren eraberritzea, zeina hain ozen eta garrazki aldarrikatua izan baitzen. Aldaketa, ondoren, laburra izan da, behar hainbat baino gehiago luzatzea besterik ez. Ahozko proba ordu laurden eskasera luzatu eta mendi-ibaien izenak mapamundoan kokatzea. Eta beste zenbait komeria gorri, oraingoan ere. Hala nola "non ikasi duzu det esaten? dut esan behar da" aztertzaile batek esandakoa edo "erantzun iezaizkiezu galdera hauei" (sic) ariketaburu primorosoa. Lehendik ere esana geneukan geografia eta historia mendi altuena eta ibai luzeenera mugatuko zutela, eta hortxe-hortxe ibili dira. Baina ez genuen espero eraberritzeak literatur galderetan jotapasa egitea ekarriko zuenik. Joannes Leiçarraga abade protestantearen arkaikotasuna eta latintzaletasunaren atzean askok apaiz jesuita ezagun baten eskua sumatu zuen gorderik, eta horretarako arrazoirik aski ere bai. Eta geu galdezka: horrenbesteko txorakeriak lagata, ez al zaie buru pentsakor eta mamidun hoiei sekula gogoratuko Leizarragak gure euskara batua modernoarekin daukan zerikusia baloratzea, huskeria filologista hoien gainetik ("...deabruaz tenta bedinçat")? Ez al zuten eskura literatur kritikalarien arteko adibide erreakzionario eta lotsagarriagorik Justo Garate baino Peru Abarca-ren zientifikotasunaz (!) galdetzeko (Justo Garate jauna, Arestiren garaian Arestiren etsai porrokatua)? Ez ote dute euskal literatura osoan Duvoisin kapitainaren Bilbe saindua baino obra entretenigarriagorik topatu?

        Beste behin ere esana genuen neurria eta norabidea galduta darabiltela, baina oraingoan farre egin nahi izan digute, tontotzat hartu gaituzte nonbait: azterketan Bonaparte Printzea eta Duvoisinen lanekin ikasleak buruz behera eta hankaz gora ibilierazi ondoren, hor datorkigu biharamonean Juan San Martin inefablea astelehenetako bere txokoan artikulu argigarri batetan "L.L. Bonaparte printzearen lanak" kontatuz (Hoja del Lunes de San Sebastián 1.981-5-18). Eta ez dauka, bada, euskaltzain honek lau kolumna erditako artikuluan hogeitabost (25, kontatzeko lana hartu baikenuen) akats, okey eta huts egiteko azala, kopeta eta gibelaundia! "Denboraz mugitu zelako" ("porque se movió a tiempo", sic), "etzuen", "euskalkieri", "Intxauspe eta Uriartek eragozpenak jartzen zituen" (sic) eta hauen tamainako zientoka perla disdiratsurekin nazkatuta gauzka Juan S. Martinek iadanik. Eta ez diogu aurrerakoan beste gehiagorik barkatuko. Behar izanez gero gure hontan hileroko bazter bat istituitzeko prest gaude, merezi duen maneran jipoitu eta ebaintzeko J.S. Martin. Ez diogu bere gaztelera aristokratikoa barkatuko ("erudita disertación" eta halakoak) euskaraz gutxienez maila berdinean idazten ikasten ez duen bitartean. Irrespetuosoak jartzen bagara ere, esne guritan dabilen asko besteren neke latzetan ikusi nahi genuke. Gu behintzat, zihur geurean: J.S.M.-ek ez luke azterketarik aprobatuko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.