L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-10 (1981-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Hizkera standard
hizkera literarioa

 

Joxe Azurmendi

 

Euskara batuarekin euskaldun guztientzako euskara standard bat egin nahi dugu. Euskara "naturala" geure etxekoa zela, pentsatzen badugu, ez da dudarik euskara batua artifizial samarra iruditu beharko zaigula.

        Baina natural/artifizial kontzeptuok arriskutsuak dira hizkuntza kontuan. Zentzu askorik ez dute seguruenik.

 

        2.a

        Hizkuntzak mintzatu egiten dira. Idazten direnean lehenengo artifizialtasun bat sortzen da. Idatziak ez dauka literarioa izan beharrik eta, alderantziz, mintzatua edo kantatua izan daiteke literarioa. Orduan mintzatua ere artifiziala da, hots, literarioa. Izan ere, literaturtasuna zertan datzan arazo zailean sartu gabe orain: "la literatura se expresa en un leguaje especial, el cual se superpone sobre la lengua natural como un sistema secundario" (Yuri M. Lotmann).

        Han eta hemen artifizialtasun gehiago seinalatuz jarrai genezake. Gramatikak beti artifizialtasun modu bat adierazten du. Artifizialtasun maila bat lortzen da, bizkaiera edo gipuzkera XVIII. mendeaz gero finkapen gradu erlatibo batetara iristen direnean euskalki literario gisa. Egia da gero ohitu egiten garela eta ohiturak berriro naturaltasun modu bat itzul liezaiokeela lehengo artifizialari. Hori gertatzen da, esate baterako, eskola literarioekin: eskola "berriak" (Lizardi, adibidez) beti antinatural edo artifizial kutsu batekin sortzen dira lehenagokoari buruz. Gero jendea ohitu egiten da eta epigonoen garaia dator.

        Gizonaren historian dena da artifiziala.

 

        2.b

        Orain, dena dela, euskara batu eta normalizatu standard bat ari gara egiten. Esanak esan, halere, nik ez dut uste momentu honetan literatoei sortzen zaien egiazko problema batuaren artifizialtasuna denik. Problemak beste nondibait sortzen dira, hezur bat eta zakur bi dagoen tokian problemak sortzen diren modura: hizkuntzaren lantze linguistikoaren (normalizapenaren) eta literarioaren arteko mugak beti dira irristakorrak, baina gurea bezalako periodo batetan gehiago sentitzen da inseguritate hori. "Así, por ejemplo, en los comienzos de la poesía neocheca, cuando la norma del lenguaje standard no se sentía de un modo demasiado acentuado, los neologismos poéticos, cuya finalidad era violar la norma, se distinguían poco de los neologismos destinados a ser admitidos generalmente e integrados en la norma, de modo que podían confundirse mutuamente" (J. Mukarovsky). Neologismoetatik hizkuntzaren lantze eremu guztiratsu heda daitekeena, noski. Problema, beraz, ez da normalizapenaren (artifizialaren) gehiegia, gutxiegia baino.

        Literatoek erraz protestatzen dute saiogileen kontra edo UZEIren kontra, hots, normalizapen eta standardizapen lanaren kontra. Horiek hizkuntza fosilizatu edo egiten dutelako, omen. Baina, egiaz, nahasturik bezala aurkitzen direlako eta bakoitzaren eginkizun diferentea behar bezala ezagutzen ez delako. Beraiek, literatoek, hizkuntza lantzen dute eta normalizatzaileak ere hizkuntza lantzen ari dira. Baina bion intentzioak kontrarioak izan arren, bion lana maiz gurutzatu eta nahastu egiten da.

        Gu ez gara halere esperimentu horretan sartu garen lehenengoak eta beste herri batzuetako esperentziak ezagutzeak ez liguke kalterik egingo. Horregatik J. Mukarovskyren Lenguaje standard y lenguaje poético estudioa guztiz interesgarria iruditzen zait, gurearen moduko esperentzia baten gainean teorizatzen duelakoxe hain zuzen. Gure problemak (euskara batua artifiziala dela, edo kreazioaren lekua hizkuntzalaritzak jan duela, etab., hots, normalizapenaren eta kreazioaren artean dagoen teinka funtsean) hobeto razionalizatzen eta oposizioak —absurduak— desegiten ere lagun liezaiguke, nik uste. (Erraztasunagatik haren textuak espainolez emango ditut).

 

        2.c

        Hizkera standard/hizkera literario artean diferentziapen bat badago, oposizio eta kontrastapen erlatibo bat ere ikus daiteke agian, borroka bat edo alegia, baina bion lotura oinarrizkoa begien bistatik inoiz ez galtzekotan. Euskara batua ez da arrazoi politikoengatik edo soziologikoengatik beharrezkoa dugun gauza bat, baina arrazoi literarioen aldetik hobe litzatekeena ez edukitzea. Besteak beste, arrazoi literarioek ere lehenbailehen euskara batu, normalizatu, standardizatu bat indartzea eskatzen digute.

        Hizkera standard bat artifiziala da nolabait, baina bera da "naturala" izatera deitua, gizarte osoa jabe duela: literaturak nahitaez hizkera standard haren gainean eta haren elementuekin eraikitzen du bere artifizioa: "el lenguaje standard sirve de fondo al lenguaje poético, fondo sobre el que se refleja la deformación estéticamente intencional de las formas lingüísticas del idioma, es decir, la violación intencional de la norma". Biok elkar ukatzen dutela, edo batak bestea inposibilitatzen dutela, pentsaraziko luke, izan ere, gure literatoren batzuen radikalismoak normalizatzaileen eta gramatikoen eta hizkuntzalarien kontra. Abangoardismo berantkor baten garraisi extenporaneoak bezala dira.

        Hona hemen Mukarovskyren texto batzuk:

        2.11 "La violación sistemática de la norma posibilita el aprovechamiento poético de la lengua; sin esta posibilidad, la poesía no existiría. Cuanto más fija es la norma de un idioma, tanto más variadas son las maneras de sus transgresión y, por consiguiente, tantas más posibilidades existen para la poesía en dicho idioma". Bestela esan: zenbait eta normalizatzenago dugun eta normalizapena gizartean ezartzenago dugun, hainbat posibilitate poetiko gehiago ere sortuko dugu. Normalizapenaren eta posibilitate literario/poetikoak ugaritzearen artean etsaigorik ez dago, elkarren osagarritasun dialektikoa baino. Bata bestearen kontra, bata bestea eginez eta osatuz.

        2.12 "...en épocas como la del resugimiento nacional, en las que la norma no está completamente establecida, es difícil hacer una distinción entre los medios destinados a crear dicha norma y los medios cuya finalidad es violarla sistemática e intencionadamente".

        (Kreazio literario tradizio baten gainean eta haren deformazio gisa ere gertatzen da: "sobre el fondo de una determinada tradición, es decir, de un cánon automatizado, respecto al que se manifiesta como una deformación", etab., baina beste alderdiok hemen alde bat uzten ditugu, normalizapen/kreazio arazoan hobeto zentratzeko).

 

        2.d

        2.21 Ez da, hizkera standardak literarioari bere lanerako oinarria eta elementuak aportatzen dizkiola bakarrik: alderantziz ere etengabe gertatzen da hizkuntzaren eboluzioan. "Además de la relación de la norma del lenguaje respecto a la poesía, existe también una relación inversa, es decir la de la poesía respecto a la norma". Izan ere, "la valoración estética constituye un factor muy importante en la creación de la norma del lenguaje standard". (Hots: UZEIn, jende askok besterik uste arren, literatura ere egiten da!). Hizkera standardak eta honen eboluzioak hizkera poetikoan eragiten duen bezalaxe, arau estetikoek eta, beraz, hizkera literarioak eragin haundia bait dute atzera hizkera standardeko arauen eta moldeen finkapenean eta eboluzioan. "Semejante intervención en la evolución del lenguaje standard es eficaz y útil en las epocas en que la valoración estética consciente de los fenómenos se convierte en un hecho social, tal como sucedió por ejemplo en la Francia del xiglo XVII".

        2.22 Berriro ernazimendu egoerara itzuliaz, hizkera poetiko/literarioaren eragina hizkera standardaren gainean garbi berezteko zailtasuna aitortzen du Mukarovskyk: "las letras neochecas han atravesado un período en el que el lenguaje poético se confundía casi con el standard. Se trata de la época del renacimiento nacional, cuando se iba creando el lenguaje standard neocheco". Beharbada horregatixe, situazio hauetan literatoek biziki gogor eta minbera erreakzionatzen dute literariotasunaren defentsan (gure artean gertatzen ari zaigun moduan): "...desde el principio se han registrado los intentos de violar esta armonía, de diferenciar radicalmente el lenguaje poético del lenguaje standard, de hacerlo sentir como una deformación sobre el fondo de la norma del lenguaje standard. La necesidad de estas distinción fue expresada por el propio Jungmann en el prólogo de la traducción del Paraíso perdido de Milton: "No quieras, querido patriota, que el noble poema se vea deshonrado por un lenguaje corriente...".

        Gurea bezalako egoera batetan, hizkera normalizatu standard finkapena eta hizkera literario berri baten kreazioa batera egin beharra dagoenean, eginkizun biak elkarren lehian bezala desarroilatzen dira eta zaila gertatzen da biok bereztea. Hizkera standardak mugikortasun haundiegia du (bestela hizkera literarioak bakarrik duena) eta mugimendu literarioa ere nolabait bere baitan bildu bezala egiten du. Iruntsi. Literatoak, orduan, bere orijinaltasuna galduta ikusten du: mugimendu linguistikoan urtuta. Honek sortu behar du, hein batetan, momentu honetako euskal idazleen sentimentu frustrantea: euskararen lantzaileen anean (textugile, gramatiko, etab. artean alegia) beste bat gehiago bezala geratzea, diferentziatu ezinik. Horrexek eragiten die, eragin ere, kreazioaren orijinaltasuna, independentzia, hain garrazki errebindikatzera, batzuetan piska bat ridikuloa iruditzen zaigun moduan. Eta halere onartu beharra daukate, gertatzen den nahasketa (hizkera normalizatu/hizkera literarioki landu) gauzen beren logikan halaxe dagoela eta ez daukala bueltarik.

        Edo bai, buelta bat dauka eta bat bakarra: gauzak diren bezala onartu eta dagoen egurrari atera ezpala. Hiztegigileek, itzultzaileek, textugileek, etab. euskara normalizatu nahita lantzen duten hizkerari, tresna literario bezala probetxu ateratzen ahalegindu beharko luke literatoak, lan haien kontra protestatzen edo muzin egiten denbora eta umorea alferrik galdu gabe. Mereziko luke frasekeran, esate baterako, zenbait esperimentatu den azken aldi honetan, aztertzea (hiztegietan, etab.), arintasun, ulergarritasun, etab. bila. Hori ere literaturgintzaren oinarri bat da eta.

        Ulertu beharra daukagu, momentu honetan literaturgileak eta normalizatzaileak elkarren egileak duela, ez etsaiak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.