L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-10 (1981-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Dagoen krisia

 

Mikel Hernandez Abaitua

 

Asko hitzegiten dugu gaur egun euskal literaturaren krisiari buruz eta batzuk fenomeno hori esplikatzeko gure literatura beti krisi gorrian egon dela esango dizute edota beste edozein arrazoi gure egoera beti kaskarra izan dela adierazteko. Baina zerk uzten du gure inguruan krisi usai urdurigarri hori. Segur asko urrezko urte batzuk (edo zilarrezkoak) pasatu ondoren berriz ere zerbait deseginda dagoela susmoa dago, Aresti bezalako pertsona animadoreak joan direla modu batean edo bestean, oso arazo normala baita gure herrian oso gazte jubilatzea. Hemen jendea nahiko azkar jubilatzen zaizu, Aresti heriotzak soilik jubilatu zuen bitartean. Joxe Azurmendik berak esango dizu nola Alemanian oso pertsona gaztea den kulturarako eta hemen izugarri zahar aurkitzen dela edo hartzen dutela, baina Joxe ez da Saizarbitoria baino zaharragoa eta halaz ere, nahiz eta zaharrago eman, lehenengoa bizirik dugu, bigarrena literaturarako zeharo hila dugun bitartean (antza denez). Hortaz gure literaturaren krisiaren lehenengo arrazoia (edo azkena nahi bada) orairidik urte piloan zehar renditu behar zuen jendeak pott egitea da, ala nazkatzea, nekatzea, etc. Inork ez die botatzen kulpa, nik ere ez noski, baina bai ordea aztertu edo pentsatu beharko genuke arazoaren zergatia, nolaz desinflatzen den generazio bat hurrengo generazioa oraindik heldugabe dagoenean, gordin, berde, esaten dizutela "orain zuei tokatzen zaizue", zahartxo daudela esanda, baina begiratzen dituzu haien fetxak eta konturatzen zara Julio Cortazar bat (edo asko eta asko) hauen edadean (eta zaharrago ere) hasi zirela publikatzen, hau da, zahartxo kontsideratzen diren hauek edo nekatuta sentitzen diren hauek garairik produktiboenean aurkitzen direla teorian behintzat. Gure marginaltasuna, gure pobrezia dela medio, promesa zirenak, obra promesekin kontsagratu dira eta hortik aurrera ez dira jarraitu. Hau ez da kaso guztietan gertatzen baina gure autore mordoxka batek egin zituen obren ondoren espero zitekeena, saio haiek pasata, gauza trinkoagoak ateratzea zen, baina ez, idazteari erdi edo zeharo uzten diote eta batzutan berek sentitzen duten gatazka da; esango dute gero "nobela luze eta klasiko bat egiteko gogoa daukat", edota "amalahostia orain poesia utzi eta nobela sano bat egitera noa", beste batzuk ez dute ezer esaten egin dituzten nobelatxoak (hau ez da peioratiboa) nahikotzat hartzen dituzte edota idaztea inposible zaiela diote. Baina non dago korapiloaren muina.

        Errespuesta ez da oso zaila —errespuestaren parte bat behintzat—. Gure literatura oso normala ez izatea (edozeinek dio), gure literatura askotan simulakro hutsa izatea (B. Atxaga dixit) baino konkretoago, edozein literatura normalak betetzen duen espektroa ez dugula guk betetzen da arazoa (edo arazoaren parte inportante bat). Lehendabizi askotan esan den bezala kritika literario baten falta izugarria. Baina normalean esaten ez den bezala, bi mailatan kokatu behar dugu afirmazio hori, espezifikatuezkero bat hori bitan banatzen da eta bi horiek gaur egun edozein lekutan dauden bi kritika mota dira. Edozein lekutan baina ez hainbeste hemen. Bi mota horiek, maiz izendatzen diren bezala, kritika inpresionista eta kritika zientifikoa dira. Bietatik gutxi egin bada ere, ez dago dudarik lehenengoa gehiago egin dela bigarrena baino. Biak dira ordea beharrekoak, baina inportanteagoa da bigarrena, iraunkorrago eta exhaustiboagoa delako. Irakurle profanoarentzat esango dugu kritika inpresionista normalean errebistetan agertzen dena dela nahiz eta gaur egun garai batetan baino pixka bat zientifikoagoa izan edo zientifismoz zipriztindua egon. Izenak indikatzen duen bezala, nolabait, liburu baten irakurketak uzten duen "inpresioa" azaltzen da. Hau da kritikarik pobreena baina ez harritu nabaitzen baduzu hau ere ez dela gure artean egiten. Egitekotan hau egin da, baina bolada batzutan ez genuen hau ere izaten; badirudi azken bolada honetan zerbait egiten ari dela. Kritika zientifikoa (nahiz eta gaur egun oraindik zeharo zientifikoa dela ezin dugun esan; linguistika esaterako zientifikoa dela esan daitekeen bezala) XX. mendean desarroilatu dena da, formalismo errusiarra, Proppekin hasi eta gaur arte irauten duena zeinarekin metodo eta modelo diferenteak erabili diren. Literaturaren mekanismoa explikatzera aspiratzen du eta ez bakarrik deskribatzera nahiz eta momento honetan epe deskriptiboago batetan egon zeharo zientifiko batetan baino. Kritika zientifiko formalista hau "Poetika" deitzen da normalean, baina badaude beste kritika zientifiko batzuk, halanola soziologikoa eta psikoanalitikoa.

        Kritika zientifiko hau (poetika) da gure artean gehien despreziatu egiten dena. Ez nuke esango desprezio hau oso generala edo zeharozkoa denik baina bai somatu daitekeela han-hemenka bere kontrako zurrumurrua. Jon Kortazar bat esate baterako ez dago oso ondo ikusita askotan, eta pertsona hau kritika serioago bat (serio eta hila ez dira berdin, kontuz) egiten saiatzen da, baina esango dizute ez duela baloraziorik egiten, eta noski ezetz, kritika zientifikoak ezin du esan obra bat ona edo txarra den, hori bai, emango dizkizu datoak eta horien arauera iruditu zaizu pobre, ona, txarra, baino gehiago esango du zein ezaugarri dituen obrak, nola montatzen den, besterik baino (A. Yllera. Estilístista, poetica y semiótica literaria. 1974. ik. 102 orr.). Hori oso logikoa da zeren ezin dezakegu esan estetika aldetik zein den formarik edo teknikarik onena (onenak), hau da, zer pattern-zerrendarekin idatzi behar den, edota zeintzu diren izaki humanoari gehien doazkionak (T. Todrov. Poétique. 1968). Desprezio honen kausa ignorantzia? ignorantziaren kutsapena? Juan Goytisolok askotan salatu du ze subdesarrollatua den estatu españoleko Poetikari buruzko jokaera. Gauzak oso olinpikoki geitzesten dira ezer gertatuko ez balitz bezala.

        Baina hain da negargarria gure egoera non kritika bidetik abiatzen diren pertsona gutxiak linguistika arlora pasatzen diren (I. Sarasola, K.Otegi...) zergatik ordea? Praktikotasunagatik, horrela diote behintzat. Egia da gutxi dagoela aztertzeko (merezi duena) —hemen azterketa filologikoak zeharo aparte uzten ditugu noski, P. Altuna etc., ez baitira batere literarioak— baina gutxi dagoen hori ez bada aztertzen, nola begiratuko dugu gure burua? Inportantea da nola eta nondik gatozen jakitea eta batez ere modelo literarioak gure literaturaren barrean aztertzea, "Literatura" gure literaturaren barrean ezagutzea, euskaraz gainera, eta euskaldunak gehiago animatu, bultzatu edo, irakurtzera literatura gutxi hori, kritikaren bidez, edo baliozkoak zaizkigun haien parteak behintzat errekuperatu (J. Azurmendik egindako lana Orixeri buruz esaterako). Baina euskal filologietan dagoen jokaera beldurgarria da (nik EUTGeko kasoa ezagutzen dut besterik baino hobeto). Euskal literaturaren azterketa eman behar da baina nola oso gutxi aztertua dagoen, gutxi aztertzen jarraitzen da linguistika primatzen delarik. Horrela sekula moztuko ez dugun zirkulo etengabe batetan erortzen gara. EUTGeko erdal filologietan literatura gehiago aztertzen dela euskal filologian baino ez dago dudarik batere. Euskal literaturaren giro bat sortzea oso inportantea da idazlea bakarrik ez dagoela sentitzeko, arropatu edo despreziatua, baina nolabait egoera normalizatu batetan (ahal litekeen neurrian).

        Idazlearentzat bigarren puntu oso inportantea irakurlegoarena da (eta apaltasuna dela medio ezetz esango didate). Moral handia euki behar da ez irakurrita izatea edota 500 pertsonak bakarrik (eta hori gure artean asko da) irakurrita izatea idazten jarraitzeko. Gainera problema honek arazo asko dakar atzean, zenbat eta gutxiago irakurrita den, autoreak gutxiago idatziko du normalean (salbuespenak beti daude, guk badugu bat oso garbia): profesionalizatze edo erdi profesionalizatzearen arazoa. Gogoz idazten hasten denak asko idazten jarraitzeko erdi aszeta edota frailea izan behar du bestela beti bukatzen du, bizitzaren poderioz, beste arazotan sartzen eta literatura beti ateratzen da galtzaile. Akaso perspektiba hobeak badaude, orain dela ez gehiegi irakurtzen genuen proiektoa (Deia, 81-V-9) gorpuztu egiten bada. Izan ere datorren urtean Mallorcan hizkuntza txikien jardunaldi bat egingo da non Catalunya, Galiza, Suezia, Noruega, Dinamarka eta Euskal Herriko ordezkariak bilduko diren denon artean denon obrak zabaltzeko. Badirudi gainera hemengo batzuen artean zegoen prejuizioa, itzulita izateko, gainditzen ari dela, zeren hori beste arazoa da, beldurrarena edo marginala izaten jarraitzeko gogoa. Ezin da bizi gure zilborra beti tapatuta. Besteei ere erakutsi behar gure larru gorria. Orduan kalitatea igoko da, zeren obra bat ona edo onartzekoa izan daiteke gure kontextuan baina ez Literaturaren kontexto mundialean. Horrela jendea superatu beharko da, munduan ari dela literatura egiten, eta ez bakarrik Euskal Herrian, pentsatu beharko baitu. Erderetatik euskarara egin daitezkeen itzulpenek mesede handia egingo diote euskarari baino ez dago dudarik aldrebes izanda mesede handiagoa litzatekeela. Bigarren alternatiba hau hasi behar dugu posibilitatzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.