Ez du Jon Kortazarrek
zure plazerraren sentsazioa neurtuko, Tere
<sangria> Baina ez dut uste nobela bat irakurtzean, poema bat leitzean edo ez dakit zer egitean, plazerraren sentsazioa utzi behar dugunik azken ondorio semantiko batzu bilatzearren.
Teresita Irastorza
Edo azken ondorio semantikoek eragingo diote zure plazerrari. Kritika literarioaren falta izugarria omen dago. Ez ote da plazerrarekiko sentsibilitate falta dagoela edo plazer eragile falta? Literatura falta? Lau eta hiru ez dira beti bat plazer kontutan.
Ez dugu oraindik ez jakin eta aldeano konplexoa garai joanen zakuan sartu, eta urteak direla aldarrikatzen genuen berbera deadarka eskatzen ari da oraindik unibertsitari jendea, eskolan ikasitakoa nonbait aplikatu arte bazter guztiak leporaino egiten ari ohi den jendea, ikaslerik hoberena programetatik at ikasten duena, eta irakaslearen ortodoxia hausteko asmoa agertzen duena dela kontutan hartu gabe.
Hemen egon daiteke errua, unibertsitateak artisauak egin beharrean kapatazak egin dituela, epaileak ateratzen dituela, borreroak, saltsa guztietan iritzia emateko baimena dutenak, eta nor berak ezer egin gabe besterenaz iritzia emanez guztion kontsiderazioa eta begirunea irabazi nahi dutenak. Zeharbidetik igo ohi dira ahal duten artean jaitsi gabe irauteko. Eta jalona poesia baino poesiari buruz gehiago idazten da, noela baino noelari buruz gehiago, ipuina baino ipuinaz gehiago. Azkenik literatura bera ere kutsatzea lortzen dute, eta mundu bereko erreferentzi hestuz eginikako literatura bat besterik ez da lortzen, literaturari buruzko literatura bat besterik ez dugu egiten, hain da hestua gure mundua, hain da urria gure jakituria interdisziplinarra, hain gaude pozik 100 metro irakurtzen, zertarako estudiatu eta harakatu horien erreferentzi ez literarioetan, hori beste batzuen lana da.
Aspaldikoa da herri honetan, apaizak txortarik ez jo, eta experimentatuenak balira bezala, ohekidearekiko behar dugun portaeraz kontseiluak ematea. Bien. Kritikan ere antzera. Irakurri dute Joyce, Joyceri buruz gehiago, irakurri Kafka, Kafkari buruz gehiago, eta dena dakite eta denei esplikatzen die monologo interiorraren teknika, eta beste teknikak. Irakurri dute euskal literatura modernoa, eta iritzi orokor bat emateko ez dira gauza, Aresti da liburuetan explikatu den azken autorea.
Zaila esplikatzea, inpresio hutsa baitut, baina hemen, literato bokazio asko ipurdia aulkiari itsasten ez dakiena, eta frustrazioan kritiko sartzen dena, zeren uka ezin daitekeen eskubidea literatur mundua gustatzea baita, eta egun irteera profesionalik hoberena euskararen edozein arlotan primera serie izaten saiatzea, ez da saila denak analfabetontzi batzuek besterik ez baikara.
Hemengo erdiak ere ez ziaztik hiretzat Mikel Hatxe, gaztea haiz, eta gaztea fina ohi duk. Baina kontuz, ez duk mundu osoa EUTG.
Zientifismoa jarri nahi dute modan, seriotasuna, diplomatu aidea, eta serio itxuran eginikako txorakeriak ohi dira doble txorakeria, Azalkeriaz aritzeaz aspertuak gaude, serio izatea kasu batzuek salbu oraindik fatxada hutsa da, serio, inkopetenteren sinonimoa da eta aldrebes behar luke.
Eskapismoak aipatu zituen behin euskal kulturako orojakile, Susakoen pontifize eta oheuzkadianoen aitapondeko den Joxe Azurmendi kulturmutil horrek. Eta neronek, eskapismoaz, esan behar den hura ez beste edozer esatea ulertzen dut. Hortan bai, hortan arrazoi handia du gure mutilak, bai literatura eta bai literaturari dagozkion kritika moldeetan. Hemen elkar oso ondo ezagutzen baitugu egia borobilak botatzeko, eta zenbait lanpostu elegante ere oraindik zozkatu gabe baitago, argi ibili beharrean gertatzen gara ardoak ur bihur ez dakizkigun. Gainera hori "inpresionismo" hutsa litzateke eta katxondeo handiegia baita, betor beraz seriotasuna, betor beraz zientifismoa, baina zientifismo neutroa, aski baita hau bere burua justifikatzeko, ez zaio inori inolako baloraziorik, ez inolako posizionamendurik esijitu behar, ihardun intelektuala sagaratua da inorekin gaizki konpontzeko, eta honen helburua jakituria bat azaltzea besterik ez, luzimendutan ibiltzea gaizkile eta ongile guztien gainetik eta ongi menperatutako teknika eta mekanismo guztien azpitik, que to el mundo egueno, eta hemen epailerik ez dugu onartzen, sujetibismo guztiak txotxoarmarioek beren baitan erabiltzeko lorejokoak beste ez baitira.
Eta inpresionismoa kondenatu digute.
Kritika zientifikorik ez dela egin esanaz kondenatu digute, erreseina inpresionista batzu besterik ez direla agertu prentsan, tamainako gezurraren oiharzunak iraunen du gutxienez honoko hau bizideino. Herri honetan lan literario baten inpresiorik ez da bota joan deneko urtetan, bat bera ere, ezta iosulandismo edo terribilismo intraszendente garaietan ere. Luis Mari Mujikak besterik ez du jaso horrelako kritika, neronek bota nizkion eta POTTekoek ere bai, Jon Kortazar barne (garaiotan oraindik identifikatu ez den Edertzalek ere bota zituen baina inpresionista baino inpresionagarri gehiago ziren). Beste gehienak nere adiskide-kontrario Mikel Hatxe kenduz gero, jendearekin kontenporizatze eta luzimendu pertsonal bat besterik ez dira, luzimendu ahula por zierto. Asko sentitzen dut Kortazar, asko Iosu, asko Lurdes, asko, ikaragarri baino...
Inpresionista dioten kritika hori egiteko norbere buruarekiko zihurtasun handia behar baitu, edo garaiotan nuen ausardia guttienez. Ausardia izango nuen baina ez nintzen hestu gelditu, prakerrekeri ugari entzun dut geroztik hura zela ta baina damu izpirik mendrena auzoan. Bai, zihurtasuna esan dut, metroa ez baita gauzak neurtzeko bakarrik, neurtu eta gero baloratzeko baizik, metrazoak jotzeko, zeren aspaldian modan jarri den kritika moldea, ezagutza batzuen demostrazio exhibizio soil bat besterik ez baita. Kontatzen jende askok dakigu, nahiz kapituloak, nahiz orrialdeak, nahiz lerroak, morfemak, izenlagunak edo aditzandregaiak izan, eta hau azken finean gertaera isolatu baten deskripzio bat besterik ez baita, batzuetan teknikoxegoa bestetan baino, baina deskribapen huts bat, kontextoa zokoratzen duen deskripzio bat, nahiz eta hau izan gehienetan lan literario bat eragiten duena eta bere esan nahia eta funtzioak esplikatzen dituena. Halere ez naiz ni izango teknika desterratuko duena, zenbaitek hortan harrapatu nahi banau ere, zeren "zientifikoan" egiten ari diren guztia kritiko batek beharrezko baitu, eta azterketa baten oinarria hor dago, baina hauei buruzko reflexioak egiten ez badira, kritika ez balitz bezala da, konklusioak falta dira. Eta noski horrela goaz nora ez dakigula, itsumustuka, Sarasolaren lanaz aparteko iritzirik gabe, Azurmendik epilogoren batetan eginak salbu, San Martinek Hoja del Lunesen esanikako txorradak kantatzen.
Eruditoak behar ditugu, eta dei daitezela nahi bezala, Mikel Hatxe, Kortazar, edo Fermin Pintxo, baina erudizioa luzitu beharrean gasta dezatela gauza probetxosoagotan, eta lau lerrotik bostetan ez dezatela aipa manualen autorerik heren esanetan fermutzeko, zeren bere iritziak nahiz eta A. Yllerak ez alabatu errespetatuko ditugu, eta horregatik ez ditugu suspendituko. Euskal irakurle profanoa eta enteratua ez baitira EUTG eta Deustuko irakasleak, zorionez, eta Aresti animadore bat izan bazen ez izan zientifiko itxurak hartu zituelako.
Eta zuk Tere lasai dasta zerulurretako plazerrak. Eta kontatu nola pasa dezun, komarik gabe, kapitulik gabe, baina serio.
|