L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-10 (1981-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—nor—

 

"Astigarragako Tomasak, honek atera dizkigu azak"

 

Mikel Atxaga

 

San Isidro Eguna. Baserritarren eguna. Nere jatorrikoen eguna. Astigarragara bidali naute. Agindu txarragorik bada neretzat. Kazetari kaleumeentzat, ipuin, sorgin-kontu eta historio zaharrak irakurtzea bezala da baserritarren kontuak entzutea. Ahuntzak mendirako joera omen du. Berde naturala dagoenera, noski. Zer egin behar du, bada, kale gorrian? Zikina, hormigoia eta porlana jan? Neri ere honelako zerbait gertatzen zait.

        Probaleku berria inauguratzen zen Astigarragan. Oraindik estrenatzeko eta pitzaduraz betea ikusi dugu. Hargin eta igeltsero koskorrak nonbait! Markesaren mende lanean madarikatzen aritu ziren haiek sendoago ezarri zituzten elizako eta udaletxeko harlanduak.

        Orduak jo zai, probalekuko baztar batean nengoan eserita, harri hotzaren gainean. Halako batean Zakiluxut azaldu zen plazaren erdira, alanzankoa! Antton Olariaga marrazkilaria, bizi-bizirik. Eguerdia zen. Ezin zabaldu zituen begiak eguzkiaren argiak kixkur erazten zizkion Anttoni. Baserritarrei begira txunditurik zegoen. "Nondik azaldu dituk hauek? Beste munduren batetik etorritako jendea ziruditek. Nongo bazterretan izkutaturik bizi ote dituk? Aurpegia, kolorea, gorpuzkera, belarriak, jazkera... beste arraza bat duk hau" zioen Zakilixutek, harri eta zur.

        Izan ere Erdi Aroko zerbait zirudien hark. Egitura zaharreko plaza hartan, demarria, idiak eta baserritarrak zeuden. Eta erretore jauna jakina, sotana, rokete, estola, ur-bedeinkatu eta guzti, eskuan eliz-liburu zaharra zuelarik. Erdi Aroko pribilegioz markesak erretoretza eman zion apaiza. Garai batean jauntxoek eta haundizkiek izendatzen zituzten parrokietako apaizak. Lazkao, Usurbil eta Astigarragako markesek gure garairarte gorde zuten eskubide hau. Aurreneko bi herriotako erretoreak gotzaiak izendatutakoak dira orain. Astigarragan, ordea, markesak aukeratutakoarekin jarraitzen dute. Erdi Aroko ingurugiro hura erabatekoa gerta zedin latin zaharrean bedeinkatu behar zen probalekua. Apaiza "in nomina patris"ka hasi zenean "aitaren"ka geratu zen Zakilixut.

        Baina han bildurik zeuden baserritarrei euskarazko otoitzak baino grazi gehiago egin zien erretorearen latinezko armoniak, nahiz eta goiz guztian entzun ziren hitz arrotz bakarrak izan.

        Euskara hutsean mintzo ziren euskaldunak ziren. Beren eguneroko bizitzan ez "Euzkadi" eta ez "Euskadi" esan beharrik ez duten baserritarrak. Baina esan behar balitz "z"rekin ezin esanik ez dutenak. "Oh! Euzkadi"n idazten ari naizelako gogoratu zait hau. Izan ere Ramon Saizarbitoriaren arrazoia oso baliotsutzat harturik "z"ren aldekoa izan nintzan ni ere. Poliziakoekin zerikusirik ez duen "z"ren aldekoa, noski. Bihotzean Euskadirik sentitzen ez zuen jende asko hasi zen bapatean "Euxkadi"ka eta "Eukadi"ka. "Euzkadi" ezin esan dutenek Pais Norte esanaz jarrai dezatela idatzi zuen Ramonek, amorrazioaren amorrazioz. Saizarbitoriak, nik eta beste askok badakigu Aranak "z"rekin sortu bazuen ere "s"rekin beharko lukeela izan. Dena den, letra batengatik muturrak hausterik ez duela merezi uste dugun hoietakoak gara gu. "Bizi bedi", beraz.

        Baina, demako idiak bezala natorren arrastora. Astigarragako plazan ez zen euskara xanka-meherik entzuten. Haien euskara ez zen saretua, ez zen urritua. "Zoro" eta "soro", "atzo" eta "atso" bereizten zituzten. "Maitasuna egin dut" eta honelakorik esaten ez dakite. "Titi jorra" eta honelakoak asmatzen dituztenek nahiago dute lasatu bat hartu dut eta horrelakoak esatea.

        Lan bat eskatu didate "Oh! Euzkadi"koek. "Ez dizutet agintzen. Eta ez zuen aldizkari horretan idatzi nahi ez dudalako, zer esanik ez daukatelako baizik" erantzun nien. Hala ere inori ezer ukatzen ez dakitelako eta pakeak gehiago balio duelako hauxe bakarrik esateko hasi naiz Astigarragatik bueltan: euskara kaletartu eta normalizatu behar den garai honetan ezin ditugula euskararen moldeak eta egitura desegin, alegia.

        Hitzez hitz egin behar diren itzulpenetan, gai teknikoetan eta abarretan erdararen mende gertatzea ez da harritzekoa. Tabernako eta lagunarteko hizkera gure literaturan onartzea ere beharrezkoa da. Baina euskal lagunarteko hizkera jaso behar dugu, ez erdarak aldrebestu eta urritutako euskal-gaiztoa. Euskaraz omen dagoen zenbait lanek zer alde du gaztelaniatik? "Ardo batzuk hartzen", "carroza bat naiz" eta abar erdarak saretu duen euskara xanka-mehatutik datozkigu.

        Astigarragan bildu zen euskal lagunarte hartan beste erabatera esan ziren esaera hoiek denak. Haien ahoetan. erdal maldiziorik gorrienak ere euskaldunak ziren.

        Berriro DEIAra itzuli behar dut Astigarragako informazioa egitera, hori baita agindu didatena. Semaforo gorrietan gertatzen naizenean don Nemesio Etxanizen kanta ari naizela abesten ohartzen naiz: "Astigarragako Tomasak, honek atera dizkigu azak".

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.