L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-10 (1981-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—solasean—

 

Ondarra

 

        Harrapatu nahi duenak Nafarroaraino joan behar du eta Lekarozko kaputxinotegian jo atea, eta el padre Ondarra por favor galdetu. Agudo azalduko zaizu kristal lodiko antiajudun fraile ttiki gris bat, euskaltzaindiak Txillardegi Altuna sesio hartan asmatu zuen nafar ezezagun ilustre hori, ezezaguna gehiago behar bada ilustrea baino, oraingoz behintzat, eta horrek tiratu gaitu orain arteko antzinaberri horietaz ahaztuz gaurkotasun apal bat duen euskaltzain berria interviewatzera.

        Eskua eman baino gehiago eskaini egiten duen keinu mekanikoarekin batera alboko gela luzera pasatuko zaitu eta telefonoz eskatutakoan baietza eman zigun bezalatsu hasiko da hizketan, ez erreparorik eta ez ilusiorik, gauzak albotik eta urruti samar ikusi dituenaren moduan, galderek apenas zulatzen duten inespresibidadez.

        Oh! Euzkadi? Hor Sarasolak eta egiten dute lan? Eta Lertxundik eta? Nik Sarasola Zeruko Argian ezagutu nuen. Bai 1.966-67ko ikasturtean egon nintzen han. Bageneukan eskolanaia ttiki bat, Okendoko kaputxinotan eta han egon nintzen irakasle eta orduan joaten nintzen bidenabar Zeruko Argian lan egitera harpidedunen arazoetan.

        Etxanizek izugarrizko lana egiten zuen, berak euskeratzen zuen dena, berari eramaten zizkion Ezeiza aitak, papertxoak eta hartu periodikoetatik eta berak euskaratu, eta berak egiten zuen izugarrizko lana. Orain lehengo guztiak joan dira. Orduan Basarri ere han egoten zen, Artetxe ere bai, ez hainbeste baina, honek irakurtzeko lan errezak eta horrelakoak egiten zituen, aproposak, hil arte jarraitu zuen hori egiten. Nik oraindik hartzen det Zeruko Argia, pagatuta eh?

        Baina aldaketa handia izan du, ni ez nintzen ohartu hartaz, baino nik esango nuke bapatean izan zela, ez dakit, ez nintzen ohartu, aldatu egin zen, zeharo, baina... Ni konturatu nintzen nola Baserri eta beste batzuk ere hasi ziren Z.A. uzten, nik ez nuen ikusten zergatik, ezta? baino gero hori ikusi da, hoiek ni baino gehio ikusten zutela eta seguru, klaro, nik uste askok utzi dutela. Eta batez ere herriko jendeak eh? Bueno esan nahi dut baserritarrak eta... ez baldin badaude oso politizatuak ezta?... nere ustez. Agirian dago, elizarekikoa, behintzat bat holako elizaldeko bada, ezta? ez dakit nola erosiko duen. Nik erosten dut. Harpideduna naiz baina ordainduta, klaro. Baina konprenitzen dut... herri xeheak eta apaizak eta... Ia dena da politika, alde batekoa. Ezkerrekoa esan dezagun. Orduan ez da Euskal Herri guztirako, bueno Euskal Herriko alderdi guztiendako ez da. Klaro nahi badute horrela beren ideiak sartu eta horrela bai, hortarako aproposa izango da baino guztiondako ez da, klaro... Nik erosten dut bai, ni subskribiturik nago klaro.

        Noski arazo linguistikoak ere izango zirela, klaro. Basarrirenak etabar. Hain jende desberdinaren artean ez al zen istilurik sortu? Saizarbitoria, Sarasola, Basarri, Artetxe... Bai eta Arregi bera ere, bai; zabala zen, ez zen mutur batekoa, aurrerakoia bai, neretzako ezta? baina ez zen mutur batekoa. Orain baino jende gehiago alderdi askotakoak eta prolema gutxi.

        Sarasolak ez dakit hainbeste eskribitzen zuen baina han asko ikusten nuen. Akordatzen naiz nola egun batean olerkitxo bat eraman zuen, baina gero joan zen berriz ere eskatzera, adar jotze bat klaro. Olerki hura ez zen Zeruko Argian agertzeko. Adar jotzea ezta? gero berriz eskatu zuen, adiskide bezala, adiskide bezala klaro. Ez genuen argitaratu klaro. Adar jotze bat, olerki txiki bat, laburtxoa baina... xelebrekeriak...

        Erotikoa edo?

        Hori, bai, bai uste dut zela erotikoa edo holakoa, bai, eta gainera joan zen zenbait neskatxekin, ez bera bakarrik. Bi edo hiru neskatxekin eta klaro... parrez eta parrez; eta gero bakarrik edo ez dakit nola joan zen eta eskatu eta eraman zuen.

        Kaputxinogai zeneko estudiante garaitan alde batetik testera. Meza berria eman orduko Txilera bidalia. Itzuli ostean komentuz komentu. Herritik at dagoen Lekarozen, gobernupetik kanpo dagoen Nafarroan, gaurkotasunetik aparteko euskal hitz zaharrak jasotzeko lanean euskal kulturak bizi (izan) dituen istilu eta korronteak gertaera eta berriak urruti ditu. Badirudi, gainera, horrelakoen berriak jasotzeko ilusio gehiegirik ez duela, eta prentsaren asuntoaz mintzatzean hau esan digu zenbaitetaz.

        Hemen ez ditugu hoiek hartzen. Ni orain hasiko naiz klaro, gauza hoiek erosten baino... Jakin bai badaukagu eta Zeruko Argia ere bai. Goiz Argi ez daukagu. Hartzen dugu, Naparrak, ba hartzen dugu Diario de Navarra eta Deia, Diario Vasco ere bai, Diario Vasco eta Gaceta bai Gaceta... ni fraile naiz ezta? eta ez dago nere kontu. Liburutegia eta liburuzain bat badaude eta horrek erabakitzen du... Klaro guk ere bultzatzen dugu, bai, baino gehiegi ezin da bultzatu... Deia, demokratikoki sartu genuela esan daiteke, eskatuta, eta gehiengoa sortu zen alde. Ta orduan ba iada sartu egin genuen Deia bai... Egin? ez da proposatu ere, ez da probatu ere. Ez dugu hartzen. Ez dute utziko. Bueno, beste konbentutan hartzen dute, Iruinan, nik Iruina esaten dut eh? "Iruinea" etzait gustatzen, Donostian ere bai, Egin, bueno.

        Demokraziaren alderdi berri hori ezagutuz gero tentagarri bihurtzen zitzaigun demokrazia horren beste alderdiak jakitea ere, eta isilune adierazgarri asko egin arren, makalki emandako hitzetan jarraitzen du Ondarrak.

        Hemen giroa, euskal giroa izan da, orain ez dago halakoa. Batek egin nahi badu, klaro, uzten diote eh? Orain bai, Euskaltzaindiako naizenez badaukat askatasun osoa, edozer egiteko, liburuak erosteko, etab. Orain artean ez dut halakorik izan. Badaiteke ni frankotiradore bezala izatea. Hemen ez dira denak euskaltzale eta gutxiagorik ere izan; batzuek bai, aita Donostia, Jorge aita, Etxalar aita, Arrigarai. Peralta, petra alta Harri garai, hau Kaparrosokoa zen euskaraz ikasi eta gramatika bat egin zuen. Orain, Baztan euskalduntzeko Lekaroz ez da izan laguntza bat. Gu hemen, ba hemen gaude, baina ez gara hemengoak. Gainera mutikoak beti izaten da hemen talde handi bat, ehun eta gehio, bizkaikoak euskaraz dakitenak gutxi, nafarrak ba... hemengoak, inguru hauetakoak bai baina, asko behitikoak, horiek ez dakite, erdaldunak ezta? alderdi hortatik erdaldunak, orduan ba hemengo giroa... Kaputxinoak eta franziskanoak esaten dute direla euskaldunenak ezta?, nik ere horrela aditu dut. Batek jakin behar du besteek zer egin duten, konparaketak egiteko, gutxi, asko edo ezerrez egiten duten jakiteko. Guk mutikotan Altsasuko komentuan astean ikastordu bat izaten genuen baino denak batuta, bost kurtsotako mutilak denak batean. Gerrakoan eh? Lehenago askoz giro hobea izan zen. Altsasun denak ikasten zuten euskaraz, behartuta. Batzuek oraindik ere badakite ni naiz zu zara esaten, beste guztia ahaztu egin zaie. Beno gero batek baino gehiagok ikasi zuen eh? Nafarrak berak, Nafarroakoak. Askok ez eh? gutxik, klaro baina hasteko, gero batek bazeukan zaletasuna. Gerrakoan eta ondoren izugarrizko kontrakoa zegoen. Bueno kanpoan ere bai. Eta orduan kontuz ibili behar zen, beldurra zegoen eh? beldurra. Inoiz ez zidaten esan euskarazko gauzarik ez estudiatzeko ezta? euskaraz eta ez ibiltzeko inoiz ere, baina kontuz ibiltzeko bai. Kontuz, etsai handiak zeudela, eta arriskua zegoela, arriskua etsaiengatik eh? etsaien aldetik, ez berek beren aldetik. Ta gero ziren ere direktorea, bere nagusiak, ta ibiltzeko kontuz. Aditu zutela euskaltzale nintzela eta ibiltzeko kontuz. Arriskua zegoela. Bazeudela bestelakoak.

        Ah! orain alde bietatik egoera askoz zabalagoa dago. Baliteke etsai amorratuak izatea ezta? baino pu! lagun bezala, bi edo hiru izango dira, nahi baduzu hogei, baina iada ez da erakundea, ez da nagusia nagusia delako, pertsona bezala baizik. Baino lehen gorroto handiagoa zegoen, geure artean ere. Batzuek periodiko politikoetan idazten zutela eta, hori gauzatxo bat besterik ez zen, nagusiek eta... Ez, ez, orduan giro txarragoa zegoen, orain baino giro gaiztoagoa zegoen gerla aurretik.

        Orain lasaiago, klaro. Baina, Lekaroz, Lekaroz bezala, ba ez, ez dago girorik, norberak egin behar du. Danak ez dira euskaltzale, ezta? gehienak nafarrak dira, ta zuk badakizu. Eta kanpokoaren antzeko giroa dago hemen ere. Bakarrik baliteke hemen inor ez izatea Herri Batasuneko, baliteke ezta?

        Eta zeu nafarra izanik nolatan euskaltzale?

        Gu euskaltzale gara senide guztiok. Baina uste dut bakoitza bere aldetik egin garela euskaltzale, ez dakit nola eta zergatik. Hemen gauden senideak lau gara eta laurok euskaltzale. Nere euskaltzaletasuna berezkoa da. Akordatzen naiz Altsasura joaten nintzanean, han izaten genituen borrokak, eta nik ikusten nuen Nafarroa aipatzen zutela baina hori Gipuzkoaren kontra izan ohi zela, eta hori euskaldunen kontra egitea zen eta ni hoiekin jartzen nintzen, eta hori txikitandik, hamabi urtekin edo.

        Nik beti izan dut euskal gauzetarako izugarrizko grina. Baina euskara ahaztu egin zitzaidan asko, batez ere Txilen, hamairu urte bota nituen, eta Altsasun, iada boskarren kurtsoan edo, ia ez nekien ezer, gerora hasi nintzen piskat lasaiago. Eta Bakaikoari buruzko lanak egin nituen. Ni Bakaikoakoa naiz. Ba dakizue non dagoen? Nafarroan klaro, hemen, Etxarri Aranaz gero Bakaikoa, Iturmendi, Urdiain, Altsasu. Handik pasatzen da trenbidea.

        Ba lehendabizikoa "Voces vascas de Bakaikoa que no aparecen en Azkue" egin nuen. Gero baditut nere amari hartuak, hil zen nere ama. Etxean egoten nintzenean entzun ahala apuntatzen nituen eta pila bat badut ez dakit noiz argitaratuko ditudan, Fontesen ongi argitara daitezke.

        Nire ama beti ari zitzaidan erraiten da erraiten, Iruñako seminarioan apaiz egiteko, eta nik ezetz beldurra neukan jendaurrean egoteko eta predikatzeko, baina arratsalde batetan eskolatik etxerakoan esan nion: "Ama, Altsasura nahi det joan" eta bera oso pozik geratu zen.

        Gero egin nuen Elkanoko Leizarragaren lana, lanen berri eman nuen ezta? Hondarribian eta hemen lortu nituen paperak. Ni beti ibili naiz baina ez dut egokierarik izan argitaratzeko. Orain Euskaltzaindia hasi da horiek argitaratzen, orain Juan Apezetxearenarekin ari da. Neu berriz Polikarpo Iraizozi buruz ari naiz lanean, euskal izkribu asko ditu, sermoiak eta sermoiak, eta gehienak Nafarroa bertakoak dira, hemengo euskalkian idatziak. Batzuek orain euskara galdurik dagoen tokietakoak dira, Goñibarren aurkitutakoak.

        Ikerlanetaz aritzen denean luzatu egiten da, detaileak, lekuak, sermoi zaharren baten bitxitasuna gozatuz gustoen, egunoroko istilu eta eztabaidatatik urrun dagoen lan metikulosoan balego bezala. Ez dizkizu aurkitutako esakera edo hitzak aipatuko, hizkuntz zaharraren gozamenean baino Nafarroako lekurik apartatuenean ere euskararen arrastoak aurkitzeak liluratzen duela dirudi.

        Ni naparra naiz eta uste dut Gipuzkoan eta badagoela Nafarroan baino jende gehiago, jende trebatua, bai ikertzeko ta bai propaganda egiteko. Ta Nafarroan zer? Eta uste dut inportantea dela hemengoa ezagutzea, Nafarroa orain gutxi arte euskalduna zela ezta? Nere asmoa, edo nere kezka hori da, Nafarroan nola, non, eta noiz hitzegiten zen, ezagutzera ematea.

        Klaro, praktikan erabiltzeko... elementu hoiek errekuperatu?... bai, ez dakit. Eta ezagutzeko, ezta? Euskara nolakoa zen eta gero erabakiak hartzeko. Baino batez ere, neretako, erakustea da. Nafarrei erakustea, argumentu bezala, euskaldunak duela konturatzeko ezta? Esan gabe, klaro, nik hemen esaten dut, baino esan gabe, horrela nahi duena, kontura dadin; borondate ona duena. Nik egin dezakedana hori da. Nik hortan saiatu nahi dut, nafarra eta euskalduna naizen aldetik, neretako oso inportantea da. Besteak politika aldetik, besteak... ta nik alderdi hortatik.

        Gure kultura ofizialeko baten aurrean jakineko erantzuna hartzen duten galderak ere zuzendu beharrean aurkitu ginen euskaltzain neofitoari, askotan esaten zuena baino gauza gehiago zekien errezeloak hartuta, 68ko istiluak, eta Euskerazaintza aipatu zizkigun, apal batzutan, tinko bestetan.

        Ordurako hemen nengoen, eta ni ez nintzen konturatzen. Penagarria baina beharrezko izango zen. Klaro ni euskara batuaren alde nago. Bueno euskaltzaindikoek berek esaten dute oraindik ez dagoela baturik, baina tira hor daude aditza, erakusleak etab. Batua oraindik ez dago ezta? baina ni klaro alde nago.

        Euskarazaintza? ez dakit, onerako ez dakit baino kalterako ere ez. Jakin behar da nolako erakundea daukan Euskaltzaindiak beste horrelako bat egiteko. Nork egin dezake beste horrenbeste? Nere ustez euskarazaintzakoak nik ez dut ezagutzen baino, zaharrak izango direla eta gazteak ez direla joango horien atzetik eta euskararen bizia gazteengan dago. Batua joango da nagusitzen. Ikusten da, bai; horiek zer egiten dute? Bai, hor, Diario Vascon eta Deian "euskera lantzen ezta?" hiztxo bat "nola esango degu hitz hau euskaeraz?" ta noizko konpondu eta bukatu horrela euskararen arazoa? Barregarria da, negargarria ez dut esaten, barregarria. Penagarria nahi baduzu. Hainbeste hiztegi ta hainbeste hitz berri behar dira eta astean hitz bat eta horrela asmatzen?

        Galdetutakoa ez du erantzuník gabe uzten, eta saiatu ginen euskaltzainen arteko diferentzien berri jakiten baina keba...

        Ez dago diferentzia askorik. Klaro, badira batzuk joaten ez direnak, Lekuona eta horiek ez dira inoiz joaten. Baina joaten direnak ongi etortzen direla nere ustez. Baliteke gauza pertsonalak izatea bata bestearekin, baina euskara kontutan, ongi, makurtu egiten dira gehiengoaren iritzira. Neretako taldean handia da Mitxelena. Nik uste hura dela maisu ezta? Bera dela bidea markatzen duena. Hura ez balego, ez dakit. . . izango litzateke besteren bat.

        Eta Txillardegi eta Altunaren borroka, ba nik ez dakit, ni ez nengoen han. Baino biak adiskide izango dira, biak batzorde batean daude gainera, gramatika batzordean.

        Nere aldetik ni hautatu ninduten inbestigaketa soilerako, ez zabalkunde edo propagandarako, ikerlean soilerako baizik, beraz eskatzen didaten guztia egingo dut, oraintxe ari naiz euskaltzaindiako batek eskatuta, berak egin behar duen lan batetarako, gauza bat ingelesetik euskarara itzultzen.

        Hegoamerika, Latinoamerika, Neruda, Donoso, Marquez, Cortazar. Hegoamerika eta literatura, literatura modernoa konkretuki, sinonimoak izan dira guretzat urte askotan, eta euskaran ere badugu egun egiten den literatura.

        Ez, ez, ez dut asko leitu. Baditugu eh? baino... Ez dut hartzen hortarako astirik, beste gauzetarako hartzen dut. Atsegin zait ikerlanetan ibiltzea, hori da nere gustoa. Ezin da dena egin. Hortan ba... Juanito San Martin, klaro, Juanito San Martin da hortan trebea eta hor dago bere lana eta bere arloa.

        Nik ezta erderakoa ere eh? Leitzen nuen, kaputxinogai nintzela baina noelarik ez. Euskara estudiatzen genuen, euskara edo alemana, griegoa nahi baduzu. Hondarribian nengoen eta alemanak zeuden Hendaian, eta uste zen hemen alemanak irabaziko zutela, ingelesaren ordez alemana izango zela munduan nagusi, eta guk aleman ikasi genuen.

        El Quijote bakarrik irakurri nuen, El Quijote baina hain famatua... Bueno baina behin bakarrik eh? gehiago ez. Behin batean klaro. Gero klaro, Amaia ere bai. Hori ere behin bakarrik, izugarri gustatu zitzaidan. Bukaera ez. Azkeneko lerroa uste dut ezta? Hala ere espainolak garela, horrela uste dut bukatzen zela.

        Nik ez nuen irakurtzen baina baneukan ordurako nere deia, orain ere politika gustatzen zait eta Txilen ere, hango politika eh? Orduan Frei zegoen, demokrata kristau eta kontserbadoreak. Allende? klaro ni meza ematera, larunbatetan eta igandetan hango fundotara joaten nintzen, aberatsetara eta horien anean oso fama txarra zuen, esaten zioten El Pituco, eta pituco da hemengo "pintxo" bezala. Pintxo, Fermin Pintxo. Oso ongi jazten zela, elegantea eta fama hori zeukan. Bestalde jende pobrearen bataioren bat ba zen han egoten zen hura, Allende aitaponteko, eta masoia zen, masoia baina pobreen umeekin aitaponteko. Bera beti behartsuen alde, baina ez zen behartsu ez eta pobretasunaren aldeko ere.

        Euskaldunak Txilen? Bai, ongi begiratuak ziren. Bueno, klaro, nork ongi begiratu? Nere ustez denak. Bueno baliteke han bertan ere behartsuek ez hain ongi begiratzea. Baino ez euskaldun zirelako eh? Han badakizu, Txilen, hangoak ez zirenak, espainolak ziren, eta coño, barkatu baina los coños esaten zieten, klaro, beti coño, coño, coño! Eta herri xehe xeheak los godos. Espainolak, godoak. Sentidu peioratiboan, noski, "qué se creen esos" esanez bezala.

        Eta, horregatik; gerta zitekeen euskaldunak ere ba, aberatsak izatea. Ez denak, eta ez det uste gehienak ere eh? Baino hemen baino proportzio haundiagoan bai. Orduan hoiei gorroto izatea... Baino ez euskaldunak zirelako, euskaldun aldetik oso ongi ikusiak ziren, izugarri ongi.

        Euskara eta Euskal Herriaren aldeko langile asko geratu da denok biltzen gintuen zaku zaharra haustean pesimismoak jota, zenbait puntutan etsai izan gaitezkeela ulertu ezinik, hau anaia arteko seta dela pentsatzen. Berak bere burua non kokatzen zuen jakin nahi genuen, definizio personal zehatzen bila. Ez da erraza.

        Nik optimista nahi dut izan, eta hortarako alde edo kontra egoteko zer arrazoi egon daitezkeen ez dakit, baina konponduko garela uste dut. Hizkuntza aldetik esan nahi dut, ez dakit euskal gobernua zer egiten ari den, denok egin dezakegu gehiago. Baina nik espero dut, baliteke nere nahia bakarrik izatea, baina espero dut.

        Partiduen euskararekiko joera epela, noski. Uste dut azkenaldi honetan Deian hasi direla gehiago egiten, baina neretako gutxi, oso gutxi idazten dute euskaraz. Ez dakit Eginen gehiago egiten duten.

        Eta zu noren aldekoa?

        Je, je, bueno ez dakit. Bai, nik badaukat bai, nik badaukat, ni ez naiz muturrekoa, ez mutur bateko, klaro, nere ustez, klaro, baina mutur batekoek esango dute beste muturrekoa naizela ez banaiz beren muturreko, hori egia da, klaro, hori badakit nik, baina nik ez dut izan nahi ez mutur batekoa ez bestekoa. Bueno ni erdikoa. Gainera orain arte ez da izan ez Herri Batasuna ez Euskadiko Ezkerra, ni lehen beti PNVkoa, ez zegoen beste gauzarik eta neretako hau ona zen. Gerla nork egin zuen? Horiek, euskaldun zirelako, euskaltzale. Eskuindarrak direla esango dute baina gerrakoan ez ziren joan eskundarrekin. Lehenbizi euskaltzale izan ziren. Nik Txilen ezagutu nituen euskaltzaleak, PNV izandakoak... ANV ere ba omen zen, baina nik horiek ez nituen ezagutu.

        Baino orain ez nago konforme inorekin, ez eta PNVrekin ere, nik uste dut gehiago egin behar dutela, denak egin behar dutela gehiago.

        Euskadi s ala z?

        Ah! ni eserekin.

        Baina hori ezkertiarrena da.

        Bai, bai badakit. Baina nik horregatik ez. Gainera begira, Euskaltzaindia bera eta ez Euzkal, euskera eta ez euzkera. Campion ere eseren alde zegoen, eta ezer izatekotan PNVkoa izango zen. Ez, Ez, eserekin idatzi behar da. Hori PNVko zaharrei nostaljikoei, konzesio bat egitea da, ez mintzeko. Nik hartzen dut noizean behin "Euzkadi" horiek beti horrela idatzi dute eta orain nola hasiko dira bestaldera.

        Klaro, bai, aldatzea jakintsuena omen da, baina ez dira denak jakintsuak, ez dira, klaro, eta gainera bihotzaren arrazoiak, horiek nola aldatuko dute ba. Klaro, nik konprenitzen dut, baino nik Euskadi klaro. Eta zuek Oh! Euzkadi zetarekin eh?

        Makina bat aldiz explikatutakoa errepikatzen diogu. Gurea adar jotzea dela eta zetaren patalizazioarena. Eta hortik elizarenak aipatzera, elizak euskararekiko izan duen ardura zein ote den bere burua frankotiradoretzat hartu duenarentzat.

        Bai nik uste dut euskararen alde erakunde lanik gehien egin duena eliza izan dela ez?

        Elizak egin dituenak aipatu ditu eta guk, egin gabe utzitakoak. Apaizek izan duten astia, lasaitasuna eta egokiera.

        Bai, baino eliza izan da nik uste lan gehien egin duena, erakunde bezala eh?... Klase edo bezala. Elizgizonak izan direla. Nire ustez hori argi dago; bestela hasi mediku, sendagile ta guztiengandik ezta? Hori esaten dutenak nik uste ez direla hizkuntzaren alde ari, politikaren alde baizik. Errudun bat ari dira bilatzen. Neretako errudun haundiena Estadua izan da, eta gero bere morroi izan diren eskola maisuak; eskola maisuak izan dira euskara hil dutenak, ez apaizak. Nahi badezu apaiza izango zen languntzaile bat, zeren izandu baitira apaiz epelak eta epel baino gehiago, etsaiak, ezta?

        Betaurreko lodiek azpimarratutako inespresibidadean babesturiko liberalismo berdinez aritzen da, euskararen ideolojizazio prolemaz.

        Ez, nik uste det gauza ona dela, klaro. Lehen PNV bakarrik zen euskaltzale. Ezkertiarrak ez ziren. Prieto eta hoiek. Gero, Aresti eta Txillardegi eta hauekin hasi zen eta eremu hortan ere sartu da euskara, ezkertiarren eta langileen, personalki ez dakit, baino behintzat klase hortan eh? ofizialki, esan dezagun, ezkerreko alderditan. Hoiek ere euskaltzale egin dira ta nik uste dut hortik probetxo haundia etorriko dela, klaro.

        Izugarrizko haustura ekarri du horrek klaro. Oraindik Euzkadi, Zrekin idaztea nahi badute, ia bestea. Elizaren kontrako artikuloak eta. Pentsa. Bai izugarrizkoa, gure Damaso aitarendako eta.

        Zer izango zen hoientzat; Baino hori ez da euskeraren kaltetan, klaro. Izango da nahi baduzu moralaren kaltetan edo erlijioaren kaltetan, baina euskararen kaltetan inoiz ez. Eta euskaraz ez bada erderaz irakurriko ditu herriak. Bueno, horrela euskaraz irakurriko ditu, baliteke, eta erderaz, hori seguru.

        Baina euskeraren aldetik hori aberastea da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.