L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-10 (1981-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Txapela

 

Joxean Muñoz

 

Nekeza euskaldun izatea, gogorra izan eta egin elkarrekin eta elkarren eragile duela jakitea. Eragozkarria euskaldun edo euskotar konzeptoek euskaldun aktibo hitzaren ondorio bezala ez bada, zentzurik ez dutela ikustea.

        Besteak inongoak izan litezke hori azpimarratu gabe, hori definizio eta ezaugarri nagusitzat hartu gabe, aberririk ba dutenez abertzaletasunaren beharrik gabe. Haientzat -koa izatea datu bat da, zirkunstanzia bat eta -a izatea (espainola, frantzesa, etc.) ondorio arrunt bat, problemarik gabeko definizioaren beste esakera.

        Aberria, egitate baino gehiago proiektoa denean, asmo eta itxaropena, -koak gara (Euskadikoak) -ak (euskaldunak) garelako eta aitzitik; guk ez dugu datu objetiborik, zirkunstanzia naturalik, guk gure nongotasuna asmoa sendotuz konkistatu behar dugu, eta asmoa inongoak izateko eskubidearengatik landu. "Euskal Herrikoa naiz" esanik errealitate batetaz mintza gaitezenean, eta ez itxaropen batetaz, egongo gara derrigorrezko abertzaletasunetik libre. Euskaldun izango gara (definizio doblerik ez) "euskaldun aktibo" trakeskeria asmatzen eta errepikatzen ihardun behar gabe.

        Geografia ere deskubritu eta berrizendatu behar izan dugularik, hizkuntza herren eta erdi mutu, gizarte koherentzia larri eta osatu gabea dugularik, bere burua daukagun hau nahikoa zaionak konsidera dezake besterik gabe euskotar, hau herri egina iruditurik Euskadikoa izatea errealitate erreal zaionak. Hutsik euskaldun, daukagun hizkuntza nahikoatzat duenak, eta euskaldun izateko (euskarak bizirik jarraituko duelako) segurtasuna gozatzen duenak.

        Ez dut uste, ordea, guk nongotasun naturalik dugunik, gurea, erabat jokatzen baita kontzientzia mailan; aukera bat da, aukera zori bihur dadilako borroka luzea.

        Konzientzia aktibotik ezin irtenak ba ditu, halere, bere bentajak, normaren muga eta bortxa argien anormalak ikusten duen bezalaxe. Euskalduntasunak eraginiko tirabirak besteen (espainolen, frantzesen, etc.) naturaltasunaren gezurra ikusarazten digu. Deserosoa da gure naziotasuna eta deserosotu egin dugu besteena. Ez digute, bistan da, batere eskertu. Haiek haien abertzaletasuna guk gurea baino sutsuago ari dira eta aldarrikatzen.

        Euskaldun izatea euskalduntasuna (Euskal Herriaren posibilitatea) praktikatzea dela, beraz, eta zerbait izateari nongo zerbait izatea gaineratu zaio. Dikotomia hori (Euskal Herria bai, baina nolakoa) arazo personala bihurturik dago (zer izan eta gainera euskalduna), euskalduntasuna zertan datzan oso garbi ez dakigunez areagotua.

        Ukatu dugu arrazaren arabera neur dadila, odol analisietan mareatu egiten baikara eta mutil zaharrarena ez dago, bestalde, neskei RHa eskatzen aritzeko. Konfesionarioak utzi genituenetik izaera euskaldun jator eta bereziarena ere baztertu, arbitro/juez guztien mesfidantzaz.

        Apenas gelditu da hizkuntzaz beste ezer. Eta herritasunari buruzkoak dira, gehienetan, hizkuntzaren inguruko solasaldi, artikulo, gogoetak.

        Guk euskalduntasunaren eskubidea euskararen eskubidearekin dugu berdinduta. Esistentziaren froga ere egin behar izan dugu, lagunek hain grafikoki adierazi zuten "pst, pst, epa, aquí, aquí, look here" hura. Erabat gainditu ez badugu ere, beste aro batetan gaude, agian, beste lagun batek ale hontan bertan "baina"rena deitzen duena.

        Arazo askoren aurreko baina, bueno, segun, da gurea. Nahikoa lan dudatan bizi behar hau. Horretxegatik haserretzen nau neke berriak alferrik onartu beharrak. Horretxegatik iruditzen zait kritikagarri aldapa gora egindako "pst, pst, aquí, aquí"ren bidea berribili nahia.

        Euskaldun eta alfer garelako agian. Egin ditugunak eta falta zaizkigunak disimulatzen eta aldrebesten dituelako ere bai.

        Euskal Herria egitearen alde baina Euskal Herria seinalatu, markatu eta baskizatzearen kontra. Euskal Herria nahi, eta ez "un país muy vasco".

        Abertzaletasun kritiko eta konszienteaz baliatu, aberri problemak gori gorian azaldu zaizkigunez geu baikara kursileriatik, abertzalekeriatik libratu nahi dugunak; geu baikara patolojia eta gaisotasun infantil folklorekeriazkoen eskubidea izanik ere (erreakzio eta esajerazioak, birao eta astakeriak zilegi zaizkiola, arrazoi guztiak, argudio guztiak eta hitz guztiak izan dituen neurri eta ekilibriodun nacionalista dominantearen kontrako prozesoan) "baina" guztiek galbahetutako herri, Euskal Herria, nahi dugunak.

        Euskaldun eta beste zerbait izan nahi dugu, abertzaletasunaren eta beste horren alde gauden bezalatsu, kopulatibarik gabe, gauzak hitz bakar batez (hitzen beharrik gabe, agian) esan ahal izan ditzagun arte. "Eta" hoiek, "baina" bihurtzeko saio franko egin izan da aldizkari hontan. Gehiago ere beharko dira, gurean nola besteenean borobiltasun gehiegi baitager. (Abertzale dominatuaren praktika bera izaten da, sarri, nacionalista dominanteari "baina"k jartzen dizkiona).

        Euskal Herria bai, baina enpatxorik gabe, edo beste modu batetara, euskaldun bai baina ito gabe.

        Donostiako Gladys Eneako rotuloek hala sujeritzen badute ere, (euskaldun izanik) ez gaudela footing egiten dugun arratsalde bakanetan txapela jazteko asmotan. Ez dugula nahi euskalduntasunaren funtzionalidade minimoaren izenean, sobrako estorborik.

        Footinglari txapeldunez, indioilar txuri-gorri-berdez, ala rotulo euskal grafiazkoez ez dutela Gladys Enea apur bat ere gehiago nazionalizatuko. Autobusetan zigarrorik piztu gabe irauteak nahiko meritu ba duela bestela ere, euskaraz debekatu digun rotuloa letra puntadunez baskizatzeko.

        Berea duena (edo berea nahi lukeena) behin eta berriz markatu, seinalatu, akotatu behar duenak nuevo ricoaren konplejoa duelako ustetan (eta gu pobre izaki) ala inferioridade konplejo oihukalaria (eta betidanik gorrotatzen guk, auzoko horma guztiak M. Teresa, M. Teresa, edo Juanito Albisu eta, baita ere, Juanito quiere a M.T. idazten aritzen diren babosoak).

        Ez dugula etiketa zintzilik ibili nahi, ez dugula txapelik erabiltzen. Etc. Eta lotsarik batere ez, abertzaletasunik beharko ez dueneko aberria egin nahiean dabilenaren abertzaletasun zapaldua, eman egin dioten nazionalistaren nazionalismo agresibo eta ondare-defendatzailea baino garbiagoa eta sotilagoa dela pentsatzen (itxadoten) dugulako.

        Basko ez izateko modurik jatorrena, bestalde, euskaldun izatea dela. Eta guk hizkuntzaren nolako/noizkoak aztertzen jarraituko dugu beste euskarririk eta definizio zehatzagorik ematen ez diguten artean.

        Sonbrero batekin.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.