Euskal liburua auzitan
J.M. Zabaleta
Irakurri berria dut El País egunkariaren ekainaren 7ko alean (30. orrialdean), URSSeko liburu politikaren alor baten berri. Liburutegi pulikoena. Eta urruti baldin badago ere, zenbait puntutan gonbarazioa bidezkoa iruditzen zait, gure arteko literatura nagusiari buruz, edo hobeto, nagusientzako literaturari buruz erizpide batzuk lantzeko.
Esate batetarako, 2.000na pertsonako liburutegi publiko bat dago, dohazkoa. Kultur ihardunik gogozkoena bide dute sobietar horiek irakurketa. Eta bataz beste pertsona/urteko 90 ordu igarotzen dituzte sobietarrek liburutegi publikoan, etxeko irakurtaldiez apartekoan. Liburuaren salmenta prezioa ere politikoa da, badago aldea Espainia nahiz Frantziako liburuaren prezioarekin, baina ez da esajeraziozkoa ere alde hori. Baldintza horietan, gauza ulergarria da, gaitzestekoa den bezainbat agian, liburuaren edukia ere politikaz kontrolatua izatea.
Liburutegi publiko horietan 2.000 milioi liburu daude banaturik, Estatuak ordaindurik noski, liburutegi bakoitzean 15 mila liburu, bataz beste, beraz.
Guzti horretarako, noski, garrantzia handia behar du inondik ere irakaskuntzan irakurketak. Badirudi, kontsolatu nahi badugu, Espainiako Hezkuntz Ministeritzako arduradunek ere bide horretatik abiatu nahi dutela, Irakaskuntzaren ordenamendu berriarekin.
Dato horiek hona aplikatu, eta euskal liburugintzarentzat baliagarri bilakarazi nahi baldin baditugu, tarteko beste dato batzuk ere aztertu behar genituzke. Ez naiz textu liburuaz ari noski, horrek, kontsumo derrigorrezkoa duenez, ez baitu horrenbesteko problema larririk gure artean, argitalpenari dagokionez behinik eta dituzkeenak ere berehala dira konpongarri.
Kontutan hartu. behar da Inglaterra-Alemanian, populazioaren ehuneko 8ak astean edo hamar egunez behin liburu bat erosten duela (Islandian ehuneko 20a iristen da maila horretara), eta ehuneko 8 horrek produkzio osoaren ehuneko 90 kontsumitzen duela; ehuneko 63ak lantzean behin erosten duela liburu bat, eta produkzioaren ehuneko 10 kontsumitzen duela, eta badela ehuneko 25 bat libururik erosten ez duena. Espainian, berriz, Camp del'arparen hitzetan, ehuneko 63ak ez du libururik kontsumitzen. Dato hauek xehakatuak izan gabe ere, badute zer esana.
Jakina behar genuke honez gero euskal liburu zaleak zer eta zenbat kontsumitzen duen, baina ez dakigu.
Nolanahi ere, euskal kulturaren oinarrizko arloa denez liburugintza, ez litzateke zaila dato posible batzuren hurbilpena egin eta kontutik ez galtzea. Euskal liburugintzaz badihardugu, irakurlegoa behintzat ez ahaztekoa baita.
Esan daiteke, hasera haseratik, textu liburuaz eta euskara ikastekoaz aparte, euskal liburua, konparatiboki, ez dela esistitzen, edo ez dela errentagarria bederen (lujozkoa ez dena, eta irakaskuntzari loturiko banaketa kanaletatik zabaltzen ez dena). Irakurria dut euskal argitaletxeek erizpide komertzialak erabiltzen dituztela azkenaldi honetan; jakin nahi nuke nik aipatu arloez kanpoko liburugintzan non diren errentak; ez baita baldintza objetiborik existitzen. Esplikatuko duk zergatik.
Aztertu behar den lehendabiziko gauza euskal irakurlego posiblearen beraren egoera da. Askotan entzun izan da euskal liburuak erosle gutxiago duela orain, duela zenbait urte baino. Erantzun posible bat baino gehiago du horrek. Asmatuena, nere ustez, honako hau litzateke: orain dela zenbait urtetako euskal liburuen eroslegoak mezenazgotik gehiago zuela irakurlegotik baino. Eta horrek eutsi zion produkzioa laburra zen artean. Gaur egun irakurlegoak eutsi beharko lioke batez ere, bestelako laguntzarik ezean, produkzioari.
Baina irakurlegoaren beraren egoera ez da ahaztu behar, eragina gero garbi azaltzen baita. Normalean euskaraz oso gutxitan hitzegiten duen irakurlearentzat argitaratzen baita euskal liburua. Eman dezagun Euskal Herri osoan, Ll. Aracilen eskemaren arabera, elkarrizketen ehuneko 2,64 egiten direla euskaraz. Eskema berean hiru faktoreren arabera erabakitzen da hizkuntza bataren ala bestearen erabilkera: Mezu emailearen proportzioa, mezu hartzailearena, mezuarena. Baina kasu batek adierazten du ondoena: Siadecok Andoain-Tolosa bitarteko eskualdeko euskararen erabilkerari buruz egindako azter lanak. Mezu emaile eta mezu hartzaile elebidunen proportzioa ehuneko 50 bada eta erabilkera ehuneko 12, euskaraz emangarri den mezuarena ehuneko 50 ken zertxobait da.
Gure irakurlegoaren kasoan, a priori eman daiteke ehuneko 100etan dela mezu emaile elebidun. Irakurlego honentzat, oso gutxi gutxitan ezik euskaraz eskolatua ez bada ere, hizkuntza batean ala bestean emateko mezuen proportzioa, mezu formala ala informala esan ohi denarena, konstante bezala eman genezake, media arrunta baino altuxegoa, euskararen alde. Ez da bere kapazitatea juzkatzen dena, inguruaren inposaketa eta bere borondatezko ahaleginaren arteko oreka baizik: eman dezagun, suposizio gisa, ehuneko 60ren bat. Kasu honetan eskualde bakoitzeko mezu hartzaileen proportzioak determinatuko du batez ere bere euskararen erabilkera.
Eta ikusiko dugu irakurlego prosibleak zenbat hitzegiten duen euskaraz.
Elebidunak ehuneko 75 diren eskualdetan: ehuneko 45
Elebidunak ehuneko 50 diren eskualdetan: ehuneko 30
Elebidunak ehuneko 30 diren eskualdetan: ehuneko 18
Elebidunak ehuneko 10 diren eskualdetan: ehuneko 6
Eta ez ahaztu elebidunak 600 mila inguru garela.
Zehaztasun bat hartu behar da kontutan, ordea: zenbat eta elebidunen proportzioa txikiagoa izan, joera nabariagoa dela euskaldunak euskararen gauzetan espezializatuago izateko eta arlo honetan ghetto bizitza egiteko. Eta horrek distortsionatu egiten ditu datoak. Nola elebidunen proportzioa handia toki askotan ez den, irakurlegoak euskaldungoaren barruan suposatzen duen elitea, euskal gauzetan espizializatuagoa da, eta horregatik liburu salmenta elitetxo horren barruan egiten da batez ere (irakasle, etab.) internadu barruko produkzioa bailitzan. Denok ezagutzen dugu elkar.
Baina argitaletxeen salmenta kopuruetan beste dato bat ere ageri da: zenbat eta euskararen erabilpen sarritasuna handiagoa izan, elebidun/liburu proportzioa handiagoa dela. Gipuzkoan bakarrik euskal liburuen (textua, etab. gabe) ehuneko 75 inguru saltzen da, nire esku ditudan datoen arabera. Gonbarazioa egin bedi dato horren eta Gipuzkoan bizi diren euskal elebidunen proportzioarekin.
Bere hizkuntzaren erabilpen proportzioak salmenta horrela mugatzen badin badu, zerikusirik badu horretan irakurketa bera hitzegitea edo entzutea baino ekintza askoz ere konplexuagoa izateak. Interesgarria litzateke zona bakoitzeko euskaldunek euskaraz zer eta zenbat irakurtzen duten aztertu eta erabilpen proportzioarekin gonbaratzea. Zerikusia badago eta, mezu emailearen proportzioa eta mezu proportzioaren artean.
Hain zuzen ere, beste puntu bat, ongi aztertu beharrekoa, liburu jeneroarena bera izango baitlitzatzeke. Bi aztergai nagusi ditu, nere ustez, salmentan nabari direnak, baina gure artean agian distortsionatu samarturik daudenak: bat, jenero bakoitzaren irakurlego posiblea. Gonbara dezagun petrokimika irakurlego posiblea, edo best-sellerrarena. Baina bigarren aztergai bat ere badago, kuantifikagaitzagoa agian: zenbatgarren liburutik hasten da poesia jenero bezala esistitzen, zenbatgarrenetik fikzioa? Edo beste era batetara, zenbat fikzio liburu behar dira euskaraz irakurlego fikzio zalea euskaraz irakurtzera animatu dadin.
Eta guzti horren arabera argitalpen kostuak aztertu behar dira. Bi argitalpen mota praktikatzen dira gehienbat gure artean: offset eta linotipia. Kostu prezio/salmenta proportzio finko bat emanik (1/4, adibidez) sistema bakoitzak salmenta minimo bat eskatzen du errentagarri izateko. Eta aipatzen ari garen liburu arloan, aurrez adierazitako arrazoiengatik, minimo horietara iristeko baldintzak oso gutxitan gertatzen dina. Horregatik, eta heteromezenazgoa bukatuxea dagoenez, automezenazgora beharturik aurkitzen dira gehienetan argitaletxeak: alegia, finantziabideak bestelako liburu motaren baten salmentan oinarritu beharrean aurkitzen direla (textua, hiztegiak, lujozko liburua), eta euskal literatur liburuari dagokionez militantismoan jarraitu behar. Euskal literatura arraultze barnean hazten oraindik.
Eta hemen dator Rusia.
Zeren argitaletxeen automezenazgoak estuak eta laburrak baititu mugak, nahi eta ahal duenak egin dezake plangintza euskal liburua errentagarria izan dadin, aipatu minimoetara iritsi eta arraultzetik irten dadin, bai argitaldi bakoitzeko ale kopuruari, bai jenero bakoitzaren esistentzia errealerako behar den titulu kopuruari dagokienez.
Lan labur honetan aztergari asko geratzen da kanpoan, baina beste dato asko oraindik ez badago ere, kapazidadea badagoela uste dut gure artean soziolinguistikan oinarritutako plangintza razional eta objetibu bat egin, horren arabera bideratu finantziabideak eta ahaleginak, eta literatura bezala esistitzen hasteko. Ahal duenak baitezake: Suezian, 9 milioi biztanlerentzat, 50 mila milioi pezeta adina gastatzen ditu Estatuak kultura finantziatzen, Europan suekoa minoritarioa dela eta. Aski genuke guk gutxiagotxo ere, plangintza razional batez autofinantziaketa jasangarri batetarako baldintzak sortzen hasiko bagina. Eta moduak badaudela derizkiot. Horretan hasiz, ordea, asko luzatuko litzaidake gaurko hau.
|