Baina ilun
Ez gaitu gehiegitan kale bazterretan geldierazten guk nahi hainbat neskato masailgorrik, eta ez genuen hortaz uste honenbeste maitale genuenik. Euskal aldizkari baten erredakzio osoa (ikus ARGIA 912 alea, 1.981-5-24) genuenik, hain gutxi. Gu baino askoz beteranoago diren kolega hauei eskerrak luzatu behar dizkiegu lehenik, nolabait ere orain artean laguntza eta animaziorik eskas izan baitugu, diru publikoarena ezik. Istimatua dago. Baina (hitz askok omen du bere fetitxismoa, eta hau ere ari da gurean ikaragarria irabazten; zerbait bagara, "baina"-ren belaunaldia gara) gogoak eman digu behean doazen ohar hauekin batera egitea zuenaren aprezioa:
Bat Ez dugu asko uste aldizkari baten izatea "publikoaren oihartzun eta salmenta" soilek justifikatzen dutenik, askorengan hoiek eta ez bestek mantentzeko eta irauteko balio badute ere. Euskal kultur idatziaren salmentak beheratzearen arrazoi soziologiko aski zorrotzak ba dira hemen gu esplikazioak ematen hasteko. Arrazoi hoien arabera, beterano askok beharko luke bere txiringitoa aspaldi itxita.
Bi "Zenbait apreziazio" egiteko garaia dugu agian noiz ez horretarako garaia, baina ez salmentak beheruntz eta azpiruntz joan zaizkigulako nori ez eta gehiago jeitsi ez ditezen. Apreziaziook euskal kulturaren barruan debate eta kritikarako bide eta egokierarik ba ote dagoen, eta egotez gerotan zein mugaren barruan ezartzerik ote dagoen zuzendu beharko genituzke hobeki. Hasieran ere esana utzi genuen ez geneukala batere konplejurik deus esatekorik ez dagoela ikustean pertsiana bota eta lasai asko nor bere etxera joateko. Bien bitartean, lumari ekiteko asmotan gabiltza. Eta maizetan lotsagabe suertatzen bagara, ez da gure atrebentzia ausartegia delako noski, bazterrotan lotsagabekeria galanta dabilelako baizik.
Hiru Intuizioz eta jakitez, oker zabiltzate gure estiloa periodistiko, literario, ameno eta aberats kalifikatzean, nahiko adjetibo ondragarriak badira ere askorentzat. Are okerrago "horrek zenbateraino zailtzen duen irakurleko normal baten ekite" esandakoan. Zuen eta gure kalterako, ez dugu uste irakurlego normal(izatu)a inork behatz seinalagarriarekin erakuts diezagukeenik; idazlego normalizatua ere ez. Jende arrunta gure letrak letzerakoan deus ulertu gabe gelditzen bada, guretako zenbaiten nobaterismo eta iaiotasun ezari leporatu behar diogula uste dugu zinez.
Lau Egia esan, ez dugu oso ongi ulertu zertan gauzatzen den gureari darion lehenaldiko kanale sasimarjinaletako kutsua. Kanale normal(izatu)etara pasatzea atzekaldeko publizitatean badatza, esan beharra daukagu aski demostratuta utzi dugula honez gero deus ere gabe kaleratzeko gauza garena, eta ondorenetan agian horri ere ekingo diogula, publizitateari alegia.
Bost Askotan teorizatu izan dugu intelektualak duen gizarte-erantzukizunaz, eta teorizatu beharko, besteak beste. Baina intelektoaren zereginik propioena ekitea bera nola baita, hala helburuak ere ekitearenak berarenak ditugu nagusi. Lehiaketa literarioen kontrako biraoa franko boteak gara, eta damurik ez batere. Idazle gazteak bere lanaren bideratzea ekintza estable eta iraunkor batetan aurki lezakeelako usteari jarraitzen gatzaizkio, eta geronek horixe lortu dugun neurrian deklaratzen dugu harro geron burua. Norberak bilatu behar izaten du ale bakoitzean bere lekua emango dion lanaren nondik-norakoa, maisuen indikazio istimagarriak inorentzat ustez mugarri bihurtzen ez baitira. Ongi asko ikasi dugu, nobatook behinik-behin, norberaren kapritxoak duela aldizkariaren ideia horretatik landa geratzeko zirriztarririk errezenak, firmak izenpean ditugunean batez ere. Eta horregatik asmatzen ez dakigunean, gure kaskartasuna da kulpaduna.
Eta sei Azken izpi bat. Borondate eta jelosiarik onenean ez genuen ulertu nahi izan "gizarte-oihartzunak" denominazioaren azpian kastilanozko "ecos de sociedad" egunkari defuntuarena zegonik. Ez horregatik, ez horregarik, gazteak.
|