L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-11 (1981-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Literaturaren inguruan orain

 

Iñaki Uria

 

Azken bi urte hauetan euskal literaturan beste ezaugarri batzuren artean, baina ezaugarri berezi bezala, aldizkarien sortzea joko nuke. Taldeak edo fokoak, Joxe Azurmendiren terminologia erabiliz (Oh! Euzkadi, 7). Pott sortu zen Bilbo aldean, banda modura, eta Xaguxarra, Susa, Oh! Euzkadi (hau literatur aldizkaria ez bada ere, inguruan dabil) Donostian.

        Lehen gainbegirada batetaz ba dirudi talde baten izpilu direla, eta izan, badira, taldeak hor daudelako. Baina ez dira talde lan baten eraginaz edo sortuak. Hau da, kolektiboki ikusirik agertzen zaizkigu baina banakoen suma aritmetika bat besterik ez dira. Taldeen barnean bakarlanak primatzen du.

        Guztiau kontutan hartu gabe hortik zehar, talde hauetatik kanpo iharduten idazleak.

        Euskararen eta euskal literaturaren egungo egoeran oso arriskutsu deritzot bakar lan hori.

        Bakar lan hau literaturaren ikuspegi erromantiko edo bohemio baten ondorio izan daiteke azken kapitalismoak (gerraostekoak, 1945) sorturiko irakurle-kontsumidore / idazle-tekniko binakoaren adierazle.

        Behar bada gure herrian dikotomia hori berpianteatu beharko litzateke ez baitago oso garbi publikoarena eta zenbait aldizkariren kasuan idazleak besterik ez dira irakurleak. Baina ez noa hemen arazo honen iturrien bila, ekar ditzaken ondorioetara baizik. Bakarka obra onik sortuko balitz ez legoke hontaz hitzegin beharrik. Eta horrelakorik ez da gertatu oraino. Oso gauza eskasak egiten ditugu eta bakarka jarraitu ezkero oso probabilitate txikia dugu zerbait hobeago egiteko. Bai, atera daitezke zenbait perretxiku kurioso, baina ezin dugu geure egitekoa patoaren eskutan ezarri. Pertsona mailan oso latza da bakarkakoa eta multzo mailean ia ia iharra.

        Elkar lana proposatu nahi nuke (proposatuta dago nahiz eta inork kasorik egin ez).

        Izan ere, bakarrik asko ikas daiteke, liburu pilo bat irakurriz, fitxa politak eginaz, azterketak, etab. Askoz ere gehiago ikas daiteke ordea, liburu hoien komentarioa eginaz, eztabaidak sortuaz, bakoitzaren lanak besteei erakutsiz, etab. Baina hau ez da egiten.

        Bai, autodidaktismoa oso positiboa izango da norberaren heziketan, baina guztiok dakigu maisu on baten kontseiluak zenbat ordu libra erazi liezagukeen. Eta gaur ez da horrelako maisurik, kultur animatzailerik sumatzen gure panoraman.

        Bai, bakarka mila ordu sar daitezke pentsatzen, eta burua etengabeko jirabiran mantendu, eta Mediterraneo ugari deskubritu, edo hori uste izaten dugu behintzat, baina gauza jakina da pentsatutakoaren gutxienez ehuneko 95 ez dela guk pentsatutakoa. Nonbaiten irakurria, bizia, hitzegina edo eztabaidatutako zerbait baino.

        Beraz, pertsona mailan, indibiduo mailan pena merezi duela uste dut elkar lanean aritzeak.

        Areago ordea, giza maila batetatik begiratu ezkero premia handiago du oraindik elkar lanak.

        Gerta daiteke bakarka ari den jendeak, besteen berririk ez duelako edo, gauza berberak egitea. (Honelako zerbait gertatu da itzulpenetan, liburu bat baino gehiago itzuli da bi editorial ezberdinetan).

        Planifikatu behar dira euskal gizartearen behar literarioak. Jakin behar dugu irakurlego mota zein den, ez berari gustatuko zaion best-seller bat egiteko, kontsumo literaturgintzaren marketing-ak jokatzen duen papera betetzeko. Ez, neurri eta molde batzuk hartzeko. Adibidez, zenbat liburu "irakurgai" izateko (euskara ikasteko), zenbat haur literatura, prosa ala poesia. Guztiau ezin dugu utzi editorial baten erizpide aztingarri batzurengan, gertatzen dena ez gertatzea nahi badugu behintzat. Zera: urte guztian umeentzako gauzak, orain ez zaigu poesiarik komeni, gero partiduen kongresua, guztia geldirik...

        Gerta daiteke bakarka jarduteak ingurukoak ezagutu ezkero beraien medioz ezagutu ditzakegun autoreak ez ezagutzea. Nik pertsonalki autore gehienak lagun artean noizbait baten batek aipatu izan dituenean ezagutu ditut. Gero irakurria eta horrela.

        Beraz, gizarte mailan, multzo mailan ere pena merezi duela uste dut elkar lanean aritzeak.

        Goazen orain lehen aipatu ditugun aldizkariei buruz zertxobait esatera ikuspegi honetatik.

        Pott hilik datza, eta punto.

        Oh! Euzkadin, jakin, ba dakit biltzen zaretela, baina zertarako? Nire inpresioa da ez dagoela talde dinamikarik. Ba daiteke zerbait egitea baina ez ote zarete hileroko gauza kuriosoak besterik komentatzera iristen? Egin dituzuen artikuluen berri izatera? Uste dut aldizkari honetan agertu diren artikulorik gehienek ez luketela kaleratu beharrik izango benetan egongo balitz idazleen arteko kontakto serio bat. Bai, aldizkari bat izan daiteke idazleen komunikaziorako, baina hori bakarrik ez, eta hori ez da errentablea, ez kulturalki, ez ekonomikoki. Beste hildo bat egon ezkero idazleok elkar ezagutzeko eta kafe bat edo kanuto baten inguruan hitzegiteko ez legoke horrelako baten beharrik. (Artikulu hau sobran legoke hitzegin izan bagenu lehendik).

        Literatur aldizkari bezala behetik gora zaizkigunak Susa eta Xaguxarra ditugu. Barnean dagoen jendearen aldetik antzeko fenomenoak dira bata unibertsital maila batetan planteaturik bestea herri mailakoa. Eta bietan ematen dena arras kezkagarria da: ez dago elkar lanik.

        Susan egin diren bilerak teknikoak izan dira erabat. Sortzeko, formatoak eta kostoak erabakitzeko, zabaltzeko, epeak jartzeko, etab. Ez da egon literatur lan dinamikarik. Literaturari buruz ezer gutxi eztabaidatu da Susako jendearen artean. Bakoitzak bere gela ilunean egindako sorketak ekarri ditu eta atera ditugu.

        Eta honela nabaritzen da erizpide batzuren falta. Izan ere, oso gaztea da Susa eta Susako jendea (gara, barkatu). Ez dugu izan bultzailerik, gure kasa ari gara.

        Xaguxarran ere ez dago horrelakorik eta ba du beharrik, proiekto zabal bat izan daitekeen neurrian. Uste dut komeni zaigula Xaguxarran ere biltzea, baina ez bakarrik dauden lanak ikusteko, edo zenbat orri beteko diren jakiteko!

        Aldizkari hauetan aipatu dut lan dinamika baten falta. Ordea interesgarriak dira dauden daudenean, jende bat badagoela adierazten baitute. Kontuz ibili behar dugu jende hau alperri gal ez dadin, azkena izan baitaiteke (betìko leloa). Jakin behar dugu biltzen eta elkar konektatzen. Aldizkari edo koadrilen arteko transbaseak, guztien arteko bilerak edo antzeko gauzak.

        Oraingoz eta asmo on batzutan gera dadin hau guztia orain bertan okurritzen zaizkidan puntu batzuk ipiniko ditut ustez ikuitu beharrezkoak horrelako bilera batetan:

        — Literatur teoria bat euskaraz (zerbait ba dago egina honi buruz, Patri Urkizuren Literatura eta kritika, Jose Azurmendiren Artea eta gizartea, Errealismo sozialistaz, etab., zenbait hitzaurre ere ba dago, baina gehiago behar dira, manualak, texto liburuak batxiler eta institutoetarako, etab.

        — Era berean Literatur Unibertsalaren historiak edo ezkuliburuak.

        — Egungo literatur korronteei buruzko lan monografikoak.

        — Euskal klasikoen eta berrien azterketak (ez edizio kritikoak).

        Hauek batzuk esatearren, elkar lanean seguru nago gai gehiago aterako zaizkigula, eta jakin beharko dugu taldeka banatzen lan guztia.

        Espero dut ez dadila lehortean negar bat besterik izan guzti hau. Batzuk behintzat horrelako zerbaitetan aritzeko prest gaude.

81-VI -24

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.