Bilboko udaletxea eta euzkal inkisizioa
Jokin Ansorena Miner
Euskal Herria ez da, ez, politiko ezagun batek noizbait esan zuen bezala, herririk iraultzaileena. Konfliktiboena izan daiteke, baina ez "reboluzionario"ena. Fonema elkartu hauen hotsak soilik belarritako-mina sortarazten dio jende askori gure herrian. Eta nabaritzen da.
Ez dugu gure helburuen artean inoiz "erreboluzio" bat egitearena aipatu, "pretenzioso"egia gerta daiteke, azken batetan "elite kulturalista" bat baikara (hala diote gorrotatzera ailegatu gabe, asko maite ez gaituztenek), baina Bilbon gertatutako adarjotze monumentalaren aurrean, egunoroko bizitza arrunta mutatu gabe jarraitzen duen herri batetan elite izatea hobe.
Askotan esan ohi dugu Euskal Herriko kulturak daukan gaitzik haundiena, salbuespen batzuk kenduz gero, bere literaturaren historian zehar erlijioaren aldetik sofritu duen monopolioa dela. Eta idi-demako idiei baino gehiago kostako zaigu burua altxatzea.
Aspaldian ez genituen "gordinkeria", "lizunkeria", "haragikeria" eta horrelako hitzak entzun Euskal Herrian hain erraz ugaltzen diren apaizen ahotan. Eta alkate (edo partidu) baten ezpainetatik jaso behar izan ditugu. Tradizio liberal estimagarri baten jabe den hiriko alkateak, Bilboko Kastañares (Jon Mirena) jaunak inkisizioaren sistima eta metoduak gogorarazi dizkigu. Bai, bai, Bilboko udaletxeak antolatutako ipuin lehiaketa batetan irabazle suertatutako ipuinaren mila ale sutara jaurti zituen PNVko burukideak (aparecían palabras malsonantes y tacos). Eta gure egunkari zibilizatuetan ez dute nonbait lekurik aurkitu albistearen berri emateko. Haizeak ahantzarazi ditu gertaera hauek.
Masa komunikabideen eragina hain haundia denez, herriak bere betiko martxa jarraitu du eta PNVk, deskuidatzen bagara, horrelako asko egingo dizkigu. Eta alderdi politikoek ez dute deus esango Euskal Herriaren etorkizun soziala hainbeste determinatzen duten gertaera hauei buruz.
Etorkizun soziala jokatzen ari gara horrelako gauzetan, bai. Bilboko lotsagabekeriak politika kultural eta moral erreakzionarioago baten perspektiba marka dezake. Trentoko kontzilioa aspaldi gainditua zegoela uste genuenok, inkisizioaren itzala somatzen dugu gure instituzio autonomoetako hormen atzean. Baina alferrik da ezer esatea elite batek bakarrik irakurriko bagaitu. Eta gero Cuban Borges debekatua dagoela esango digute.
|