Badakigu EUTG ez dela mundu osoa
inor ez da idiota
Mikel Hernandez
Lehendabizi egia da plazerra erreibindikatu behar dela, ni ez naiz masokista baina badago gehiago. Ramon Etxezarreta hi ere gaztea haiz eta "gaztea fina ohi" denezkero hi ere fina izango haiz baina ez jarri hain paternalista.
Kritika inpresionista bai dudarik gabe, ez da egia Etxezarretak diona "inpresionismoa kondenatu digute", nik diodana hauxe baita: kritika inpresionista bai, baina kritika zientifikoa ere bai ("bide berriak ez bide guztiak"). Etxezarretak esaten duen beste inprezisio bat: "literato asko frustrazioan, kritiko sartzen da", eta hori dudarik gabe norbaiten fotografia baldin bada Etxezarretarena da argi eta garbi zergatik hemen norbait sasi-kritiko eta ez-literato baldin bada bera da, nik literatura egiten baitut eta Jon Kortazarrek ere bai.
Gu, kritika inpresionista eta zientifikoa, biak egiteko kapaz gara baina bera ez (bestalde: ez du berak ahaztu behar nik batez ere kritika inpresionista egin dudala orain arte). Gainera ez dira konfunditu behar "balorazioa" eta "interpretazioa". Balorazioa, gauza bat ona edo txarra den esatea, kritika inpresionistan egiten da, ondo; interpretazioa kritika zientifikoan egiten da, hobeto. Inpresioak beharrezkoak dira, baina horiekin ez goaz inora, eta kritikan gure burua ulertu nani dugu, gure literatura, eta hori ez da egiten jendeari buruzko kriston insultoak botatzen, ez. Hain zuzen ere, kritika zientifikoak egiten duena da interpretazioak textuaren barruan demostratu ez besterik (baita textu-barru eta textu-kanpo koordenaden erlazioa ere), zientifikotasuna hortxe dago zientzia guztietan bezala, ez beste inon hipotesia/demostrazioa. Etxezarreta oso manikeo da, oso listoa, bera da ona, besteak txarrak eta gaiztoak, besteak dira luzitzen direnak, ez bera.
Gainera Jon Kortazar eta kritika zientifikoa nahastu egiten ditu Kortazar kritika zientifikoaren eredu paradigmatikorik onena izango balitz bezala. Berak uste du nik pentsatzen dudala Kortazar kriston kritikoa dela. Ba ez, neri ez zait gehiegi gustatzen kritiko bezala, traketsa da, deskriptiboegia, baina ez baloraziorik ematen ez duelako, baizik eta azaltzen dituen elemento guztiak interpretazio baten zerbitzuan ez daudelako, baina bera behintzat saiatzen da interpretazioan edo deskriptibismoan inori insultorik bota gabe bi folio baino gehiago betetzen eta seguro nago Etxezarreta baino kritiko eta literato hobea izatera ailegatuko dela.
Akusatzen didaten beste gauza bat: autoreen zitak. Ez ditut aipatzen nere artikuloetan deporte hutsagatik edo snob naizelako baizik eta plagio egiten dudala pentsatu ez dezaten. Bestela errezena izango litzateke neretzat gauzak botatzea okurritzen zaidanean. Ez ditut autoreak hartzen lehendabizi hortik idazten hasteko (eta horrela balitz ere deretxo guztia izango nuke) eta polita gelditzeko; aipatzen ditut autoreen izenak plagiorik ez sortzeko eta kitto (baina gauza hauek oraindik ere esan behar dira?). Noski irakurri ez duenak edo memoriarik ez duenak ezin du ezer aipatu.
Bai, gauzarik errezena da insultoak botatzea edo "hau ona hau txarra" esatea besterik gabe. Zure inpresioak ez du gure plazerra neurtuko, Etxezarreta, eta zerbaitek mugatzen eta neurtzen badu plazerra, hori kritika inpresionista da, zergatik ez baitu demostratzen afirmatzen duena eta horrela tipo baten kapritxoa inposatzen baitizu. Etxezarretarenak bezalako kritikak ulertzeko ondo daude kafeteriak baina ez paper inprimatua, hori demostratzeko hona hemen kritiko konspikuo honen bi perla:
1. "eta orduan ijito atsoa umea egin eta umea egin, ditietatik bat kendu baino lehen bestea ipurpean. Ijitoak Mujikaren antzera? ala Mujika ijitoen antzera? Aurrekoak dauden tokian daudela, eta atzokoak (Hitzak ebakitzean) ahanzteko betarik gabe, hara non datorkigun beste bi haurrekin euskal poesiako ijito atsoa; oraingoan gainera, launa kiloko bikiez horniturik, eta berriro haurdun dagoela anuntziatuz..." (JAKIN, 7).
(Eta nik neure buruari: ze kulpa izango dute ijitoek).
2. "Dagoenekoz iritzi asko eman da obra honetaz, denak desberdinak, eta kontrakoak edo kontrako bezala, aldekoak ez behintzat, eta hemen nerea (Nerea, nereaaaaaa! nerea, behar zuen halako guardasolak eta ez beste morena) alde, era bat alde, ez debalde, alde! alde! alde hemendik inbiriosoak!" (JAKIN, 8).
Enfin, hala eta guztiz ere Kortazar nahiago diat Ramon.
Baina bukatzeko hor ziak liburu baten zita argigarri bat eta ez pentsa liburu honen berri EUTGn izan nuenik, kasualitatez mozkorraldi luze eta bitxi baten ondoren baizik.
Edozeinek ezagutzen duen La orgía perpetua horrela deitzen baita liburua Mario Vargas Llosak eta konturatu autore hau kritiko eta idazle dela batera horrela esaten ziguk obra honetan Flauberten Madame Bovary-ren azterketa kritikoa hasi baino lehen.
"Hay, de un lado, la impresión que Emma Bovary deja en el lector que por primera (segunda, décima) vez se acerca a ella: la simpatía, la indiferencia, el disgusto. De otro, lo que constituye la novela en sí misma, prescindiendo del efecto de su lectura: la historia que es, las fuentes que aprovecha, la manera como se hace tiempo y lenguaje. Y finalmente, lo que la novela significa (...) desde el punto de vista de las novelas que se escribieron antes o después. Desarrollar cualquiera de estas opciones es elegir una forma de critica. La primera individual y subjetiva, predominó en el pasado y sus defensores la llaman clásica; sus detractores, impresionista. La segunda, moderna, pretende ser científica, analizar una obra de manera objetiva, en función de reglas universales, aunque, claro está, la indole de las reglas varía según el critico (psicoanálisis, marxismo, estructuralismo, combinaciones). La tercera tiene que ver más con la historia de la literatura que con la crítica propiamente dicha.
En realidad, los críticos de todos los tiempos han utilizado las tres perspectivas a la vez. La diferencia estriba en que cada época, persona y tendencia pone el énfasis, la atención dominante en una de ellas" (azpimarratua gurea).
Hortaz, bide zaharrak ez, bide guztiak, ez gaituk gu izango bestela munduan dauden kritiko erreakzionario eta analfabeto bakarrak, ezta?
|