L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-11 (1981-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskaltzalearen hamar manamentuak

 

Joxe Mari Urteaga

 

1.— Maita ezazu euskara bihotz-bihotzez, baina batez ere egunoro eta unero erabiliz.

        2.— Ez dezazula gal denborarik eta indarrik euskeraren inguruan sortzen diren eztabaida eta auzi antzuetan, hori euskararen izena ahotan alferrik hartzea bailitzateke.

        3.— Jakizu euskara kontuan, beste gauza askotan bezala, ez dagoela dogmarik, nahiz eta tartean apaiz eta apaizki asko ibili.

        4.— Aintzat har ezazu zeure aitaren eta amaren euskara eta ez iezaiezu konplexurik sar betiko euskaldunei.

        5.— Ez duzu euskararen bizia eta etorkizuna hilzorian jarriko, zeure herriaren hizkuntza bidezulo itsuetan sartuz.

        6.— Zenbait euskaltzaleren jokaera patologikoek pentsamentu txarrak eta susmoak sortarazten badizkizuten, ez zaitez sumindu berehalakoan; uxa itzazu zeure baitatik pentsamentu horiek eta, hori dela bide, ez ezazu inoiz euskara bera izorra.

        7.— Euskara gare altxor aberatsa denez gero, saia zaitez herriari berea duen hizkuntza ez ebasten; eta gogoan izan zure ondorengoek ere badutela eskubiderik ondare horren erdikide izateko.

        8.— Gezurrak buztana labur duenez gero, ez zaitez ibil euskararekiko auziak erdigezurretan eta saltsa uherren bidez konpondu nahian. Aldiz, ahalegin zaitez lehiatsuki horrelako arazoak jakinduriaz eta gizontasunez erabakitzen.

        9.— Euskara dela medio, ez zaitez sar inoren emaztearekin edo alabarekin. Orduan bai nahastuko dituzula erabat bazterrak.

        10.— Besteren euskarak eta euskalkiak dituen alderdi onak estimatzen ikas ezazu eta ez zaitez beti, gau eta egun, zeure zilborrari begira egon.

 

* * *

 

OHARRA: Manamendu hauek ulertzen ez badituzu, zaude lasai eta arte luzetan biziko zara. Hala biz.

 

 

Honi ez genion eskatu

 

        Halere bidali egin digu, eta ez guri bakarrik. Baina gu izan zabalak (zabalak eta alferrak) eta orrialdea bete digunez argitara ematen dizuegu. Ez ordea aurrez gauza bi esan gabe.

        Azkenean, ibili ibili eginda gero Israelgo roiloaz enteratu eta dena egingo gara (ik. Kuintana, Verriatua) zeren paralelismoak uste baino gehiago gertatzen ari dira.

        Bibliako Exodo liburuan, pitilina bistan eta lustrez imurtzitako saskitxo batetan Faraonen alabak Nilon aurkitu zuen mutikote musugorri mardul baten historioa kondatzen zaigu. Moises jarri zion izena (uretatik aterea esan nahi omen). Ba mutikotea gizondu zen, egiyptoar bat erail zuen, ihes egin, eta bere herkideen arteko handiki bilakatu. Hamar plaga anuntziatu eta bota zituen eta dekalogo batekin agertu herritarrei, bere anai zen Aaaronen ahoz Yahveren izenean mintzatuz. Ez ziren hazainak horrela bukatu, beste askoren artean sonatua izan zen makilak suge bihurtu zituenekoa, baina hebreoen independentzia eta sozializmoa ez zituen ezagutu (Yahverekin izan zituen tirabira batzuek medio, honek porkulo ederra eman zion).

        Eta, ba, pues Ramses II.ren garaitik Nona ez zen antzekorik gertatu, eta Arrano Beltzaren ondoren (taberna) hara zer, hau ere gure etxean gertatu behar.

        Ez dakigu zein ur artetatik baina Urteaga bat dekalogo batekin etorri zaigu. Faraona ditiokerren bati edoskitako esne zoratuak enbenenatutako dekalogo saltzailea. Zeinetan bigarren manamenduaren kontrako pekatuan gaudela anuntziatzen du, aldi berean berak hirugarrenaren kontra egiten duelarik (Ez duk hik independentzia ezagutuko, eta hararteko sozialismoarekin zigortuko haugu) eta bederatzigarrena... Ba guri bederatzigarrena iruditzen zaigu aldrebesena, besteren andrea geure propioa baino askoz ere gehiago gustatzen baitzaigu. Eta bestela galde hogeitamar urtetako ama gazteei euskarazko klaseak ematen dizkieten euskal irakasleei. Aber. Haien txarratera da ikasle mota honen aurrean prendarik preziatuena (Patxi Altunarenak hogeitabi botoi) Eta zorionez hortan ere urteetako ofizioa dugu. Eta egindako zuzenkituren damurik ez, egin gabe utzitako batzuena salbu.

        Solamente, Urteaga, ez dituk hik Moisesen potroak, eta hik amenazatu gabe badizkik gure herriak bai gure hizkuntzak, hamar ez ezik hamar mila plaga eta izurrite (hirekin hamar mila eta bat). Beraz hirea egia berdaderoa dela frogatu nahi diagu. Bilaka ezak makila hire zakila.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.