L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-11 (1981-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskara beti izan ohi da eskekoa, edo behintzat euskarak eskekoren baten lepotik salbatu izan du bere burua. Euskararik ez zuenak ere (inork eman ez ziolako) bere kontzientzi nazionalaren hazkurea asetzeko ez zuen lan handirik izaten. Euskararen alde bazterretan eskean ibiltzea aski, eta beti suertatuko zen jaialdiren bat, herriko pestetako pegatina guztiak erantsi eta txoratu arte saltoka ibiltzeko. Orduan, iadanik urte terrible eta heroiko bihurtu zaizkigun haietan, ez zegoen gaurko erosotasunik ez eta errezkeriatan aritzeko horrenbeste nagirik ere. Mugitu orduan bai jendea. Eta zirrarazko higidura bizi horrek, euskararen inguruan ialgia, ba zuen noski bere bihotz nazionalaren ezaugarria: txistua. Txistuaren aide zorrotzak laztantzen zituen mendi eta ibar, baserri eta kale.

        Orain, kulturaren gainbehera eta amiltzeak kontzientziak arindu eta begiak lausotu egin dizkigu. Dultzainero, txirulari, danborrero gehiegi dabil nahasian, apreziazio neurri guztiak aldrebestuta, norabideak oro hankazgoratuta. Alperrik ikastola-lizeoetan flauta dultzearen ordekoz txistua jotzen ikasteraztea. Alperrik. Norbaitek esan zuen behin txistua ez, bonboa dugula musikatresna nazional modernoa. Ahaztuta dauzkagu aspalditik garai bateko plaza bete jendeko dantzaldi igandekariak; orain umeak aritzen dira, lotsarik ezagutzen ez duten bakarrak. Eta bonbo-tronpetak nazionalizatzearekin batera, txistuak bajatzera egin du. Lehen ARGIAko txistulariak ziren munduan euskal hotsa zabaltzen zutenak; orain, TIRRITARRA fanfarrearen exportatzaileak bihurtu.

        Halabaina, ez genuen espero euskara eskekoaren euskarri izan ohi den txistu bera ere hain agudo eskeko bihurtuko zitzaigunik. Horra ikuskizuna: duela egun batzuk, Donostiako Kontxa pasioan, jendetza andanan hondartzara. Eta brontzeadore-patataprejitu usai artean, txistu hotsa deprondo (inuxenteki: "Amara Zaharreko pestak nonbait"). Hurbildu hala, hotsa ozenago: bi gazte bizardun herrikoi (gaiztoak izango ginateke bizkaitar susmoa zutela badiogu, eta beraz ez dugu esango), txistu-danbolinari eragika eta papelera gainean plastikozko gote insinuantea ESKERRIK ASKO indubitatibo batekin txutik. Baita señorak txintxo asko gelditu ere dirua botatzeko. Umerik ere ez zegoen dantza keinurik egiteko.

        Horrela hasten dira mamitzen herri baten tragediak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.