nor
Apocalipse now
J.M. Otermin
Enbarkada honen istorioa egin behar banu, gutxi gorabehera,
honelaxe hasiko litzateke:
Badakik, aldizkari bat argitaratzen diagu eta kolaborazio bat nahi genikek hurrengo ale batetarako. Horixe eskatzera natorkik...
Baina... zertaz, nola, noizko, zenbatekoa?
Askatasun osoa daukak edozertaz aritzeko. Aukera hik heuk egin behar duk. Hori hire esku uzten diagu. Gaurkoan baiezkoaren bila bakarrik etorri gaituk.
Aproposagorik izango duzue horretarako...
Nolanahi ere, egokia huke artikulo labur bat idaztea.
Bueno, bueno, saiatuko nauk.
Lehen harremana horrela izan zen. Errazena (baiezkoa ematea) eginik neukan. Eta hitza emanik nengoenez, gaia hautatzeari ekin nion. Ez nuen buruauste gehiegi izan. Eta ondorengo lerroetan puntu horixe aztertzen, axaletik, saiatuko naiz. Lerro hauek artikulo izatera iristen badira, mila zorion. Eta maila hori lortzen ezpadute, erdibidean gelditzen badira, ez lirateke baztertzekoak.
Komunikabide batetan ari naizenez, euskarari buruzko gogaeta zenbait papereratzea interesgarria huke esan nuen ene baitan. Eta labur, ahalik egokien, batzu biltzera nator.
Apirilaren 21ean esperientzia berri bati ekin genion Irratian. Arratsaldeko 6etatik gauerdirarte, bat salbu, programa guztiak euskara hutsean ekiteari, alegia. Hiru hilabete pasatu dira eta, balantze antzeko zerbait egitea komeni dela pentsatzen dut, euskararekiko interesa zenbaterainokoa den ikusi ahal izateko.
Eta lehen ondorioa hauxe litzateke: "Euskal Herriari bost axola zaio bere hizkuntza, euskara". Zenbaitentzat hitz gogorregiak lirateke, agian, baina horrela dela guztiz sinetsirik nago. Ez pentsa nire pensakera bakarra denik. Prentsa idatzian eta euskara hutsean idazten ari direnena antzekoa da: "Norentzat ari gaituk? Zenbatentzat?".
Lehen esan bezala, hitz gogorrak dira, baina besteak engainuzkoak lirateke. Ez dut esan nahi, noski, gure gizartean euskararekiko interesik es dagoenik. Hala ere, askok uste baino eskasagoa dela bai. Euskararekiko interesik ez dagoela esatean, gehiengoa dut gogoan. Nire uste apalean, han eta hemen betikoak dira aztarrikatzaile. Eta Euskal Herriari euskara beharrezkoa zaiola eta antzekoak esatea, gaur gaurkoz, apriorismo hutsa besterik ez da. Zer gertatuko litzateke hamabost egunez prentsa eta irratian euskaraz ezertxo ere egingo ezpalitz? Betiko kejak emango lirateke, baina besterik ez. Euskal Herriak aurrera egingo luke, ezer falta ezpalitzaio bezala. Eta hau horrela da, zoritxarrez eta besterik ikusi nahi baldin bada ere.
Lehen esana utzi dudanez, azken hiru hilabeteotan sei ordu euskaraz egiten ari gara irratian. Eta nire iritzian, erantzun eskasa izan dugu. Eta ez pentsa txalo bila natorrenik. Ez. Kritika zorrotz eta minak izan balira, guttienez, zera pentsa nezakeen: "Bide okerra zeramakiagu eta beste baten bila ahaleginduko gaituk". Eta ez. Ez txalorik eta ez kritikarik. Eta joera honek, guttienez, bi gauza esan nahi ditu. Bata: eskuartean dugun lana entzulegoari bost axola zaiola. Bestea: kritika arrazoitua egin dezakeenik eztagoela. Bata zein bestea, jarrera tristeak dira.
Eta hemen, gure lur honetan, euskararen erribindikazioa bortitza dela esaten dugu. Eta hori gezurrezkoa da. Oraindaino erreibindikazio hori kalerako eta mitinetarako bakarrik erabili izan dugu eta besterik ez. Non dago plangintza minimorik? Non dago Euskal Herri osoak ontzat eman behar duen plangintza? Oraindaino euskararen erreibindikazioa eslogan mailakoa bakarrik izan da. Eta ez beti eslogan egokietan erabilia.
Eta komunikabideetatik ikusten den panorama ere guztiz larria da: kantagintza, bertsolaritza, antzerkigintza, aldizkariak, literatura...
Euskal kantagintzaren ahulezia bistakoa da eta sakona. Gaur egun erremedio izpirik ez da inondik ikusten. Abeslari "historikoak" erretiratzen joan dira eta haien hutsunea bete nahi duenik ez da ikusten. Eta aukerak emateko prest gaude.
Jakina denez, bertsogintzak orain baino erakarpen gehiago izan du. Areago. Bertsolari gazteak badatoz, ugari, baina beldur naiz hoientzako tokirik izango ez ote den. Bai, nork antolatzen du gaur egun bertso jaialdi bat sos batzu biltzeko asmoz? Amets ederra...
Gure aldizkariak zertan dira? Laguntza eske, hilko ezpadira, arnaska estuan, ezinean...
Antzerkigintzaren korapiloa askatzeko gaude, nola egin eztakigularik.
Literatur arloa ere nahiko geldi eta makal dabilela diote adituek.
Eta gogaeta hauek Gipuzkoan egiten ditut, Euskadiren euskal bihotzean. Eta zer esan Nafarroan gertatzen denaz, Arabakoaz?
Nik eztakit Kongresoek zenbaterainoko balioa dutenentz, baina zerbaiten pentsatu beharra dago, euskara eta bere ingurugiroa zertan den ikusteko eta behar den terapia ezartzeko. Eta hori, lehen bai lehen egin beharrekoa da.
Euskararen inguruan beharrezkoa da plangintza serio bat hezurmamitzea eta horretarako Kongresoa egin behar baldin bada, dagokionak lehen urratsa eman dezala...
|