Ramon Saizarbitoria
Ez dakit zer den okerrago, edo norberaren tendentzia politikoen gordetze hipokrita, edo derrihorrez besteenak jakin beharraren morboa.
Nire ustez dagoeneko naturaltasunez behar genuke exibitu geure etiketa politikoa, eta asumitzen hasi hortik etor daitezken ondorioak, hain zuzen ere aurrerantzean ez dadin ondoriorik gerta, ohi gaitezen guztiok desberdintasun politikoa onartzen asuntoari naturaltasun apurbat emateko, azken finean garai batetan ia disziplina bezala bizarra eramaten genuenean bezala, lanpostu zenbaitetan betoa izateko etiketa politiko aski eta nahikoa zenean.
Ez da lotsatzekoa norberaren tendentzia politikoa azaltzea, eta bidezkoa gizon publikoak publikoki azaltzea. Alde hontatik artista eta intelektualek erabili ohi duten leloak, beren lana herri oso baten zerbitzuan dagoenez etc. ez dela bidezko politika arloan posiziona daitezen eta hori guztia ez dakigu funts handirik duen edo hain zuzen ere funtsa ez ote den lehenago aipaturiko errepresalia beldurra, kasu honetan publiko galtzearen forrnaz.
Baina gaur ez nuen ideia politikoen okultazioaz mintzo nahi nozbaiterako gai bezala prometagarri izanik ere, besteen ideiak jakiteko irriki gehiegizkoaz baizik, kuriositate zientifikoa gainditzen duen voyeurismo politikoaz.
Beste leku batetan aipatzen den Amatiñok Deian argitaraturiko artikuloaz ari naiz noski, non saiatzen den zenbait intelektual EEko Ezker Berri eta Aketegi joeren artean zatitzen eta klasifikatzen, zenbait kolegak futboleko selekzio teorikoak osatzen jardun ohi duten bezala.
Ikusten denez ez da aski posizio politiko guztiz konkret bat hartzea Lizundia Sarasola Kintana eta beste zenbaitek bezala, Amatiñok jakin nahi luke gainera, eta ez du esplikatzen oso ongi zergatik edo zertarako, EEn barnean zein mutur puntetan dabiltzan tipo (sic) hoiek.
Ez luke hala ere suposaketaren jolasean ibili beharrik, intelektual ezkertiar batek ez baitu prudentziak eta gusto onak eskatzen duena besterik isiltzen. Horrela esango diot ni neu tendentzi ber bat eraikitzekoa naizela Euskadiko Ezkerraren barnean eta hitzegiteko asmotan naizela gauzak mamituago ikusitakoan. Gauzak aklaratu beharra izan denean han izan gara gu behar izan den lekuan, duela hamar edo hamabost urte Eibarren bertan denbora alferrik galduak gara Amatiñori abertzaletasuna eta sozialismoaren sintesia derrihorrezkoa esplikatzen, poliki asko esplikatu baldin bagenion ere; azken finean prolema Amatiñorena baita ezin badu entenditu.
Ez beza beldurrik izan Amatiñok, esango diogu guk nun gauden eta sinistu alde hortatik gure leialtasuna: Esibizionistak ere bagara gu, harro baikaude geure aukeraz eta ezin erakutsi gabe pasa. Eta gu geu erdi esibizionistak garen hortan apenas interesatzen zaigun besteena, are gehiago erakustea baino nabarmenago dena kriston paketea markatzen dutenean, izan ere badirudi kanpoan daramatela eta klaro dago Amatiño bera ez dagoela ez Ezker Berrin eta ez Ezker zaharren agian antipertinaxista izan badaiteke ere, guri bost axola zaigun gauza eta horrela jakinmina baldin badugu, zerbaitegatik izatekotan, zeragatik litzateke, ea nun erosten dituen txaketa kuadratu horribleak jakiteagatik. Mesede galanta bistarentzat Ramon Labayenek Ingalaterrako lanak eta Donostiako estiloa erakutsiko balizkio.
|