L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-11 (1981-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Koldo Izagirre

 

DEIAko Zuzendari jauna:

        Zeure ardurapean egiten den egunkarian irakurri berria dut, uztailaren aurreneko alean, Amatiño jaunaren "Bi baten batzen dira" artikulua. Bertan Oh! Euzkadi aldizkariari "Euskal Ezker Berria"ren ponentzia bere egiten duten "tipoen saihetsean" kokatua deritzaio, eta besteak beste hau jakinik "irakurleren bati begiak irekiko zaizkio, ze askotan hitzaldi zein mahai inguru edota jendaurreko elkarrizketa batetan sigla berdineko pertsonei guztiz gauza desberdinak eta kontrajarriak entzun izaten baidizkiegu...". Ohar pare bat egin behar nik.

        Azpian zinatzen duen hau ibilia da, ez aspaldian alafede, Oh! Euzkadiren ordezkari bezala hor barrena, Prentsa Euskaraz kanpainaren mahai inguruetan. Amatiño jaunak ere badaki honenbeste, entzuleen artean baitzen Eibarren eta Azpeitian, eta jendaurrean hitzegin baikenuen denok, Amatiño jauna barne. Nik haietan esandakoak ez "Aketegi"ren ez "Euskal Ezker Berria"ren aldeko zirela esanak ere badaki: inor inon sailkatzeko asmorik gabe begiztatu dituen zerrendatan ez naiz, dakidala behintzat, ageri. Haatik, haietan esandakoek Oh! Euzkadiren usteak eta iritziak biltzen zituzten: Oh! Euzkadiren ardura dutenetatik bi besterik ez dira EEkoak, biak kargu publikoak, bestalde. Sigla berdineko guti beraz, gainerontzeko guztiak ez baitira ESEIkoak, adibidez. Baina hori ez da eragozpena euskarari buruzko irizpide eta jarreratan elkarrekin bat etortzeko. (Eta ez, noski, partiduen aginduz). Badakigu gauzak bereizten.

        Ez nuke nahi inor nire izena zerrendatan ote dagoen ibil dadin (presuntzio harroa!) planteamendu politikoez aklaratzeko. Ezkerreko politikan ez dut uste adiskidetasunak edo sinpatiak zer ikusirik duenik. Amatiño jaunak politika ulertzeko duen metodoari irizten diodana, bego kolkorako.

        Ez dut uste Amatiño jauna nitaz ariko zenik partikularzki (badira ni baino gizon publiko inportanteagoak), baina bada ezpada ere, eta Amatiño jaunak artikulu horretan aditzera ematen duena gehiago izaki esaten duena baino, irakurleren bati begiak irekiaren irekiz zuloetatik irten ez dakizkion idatzitako hau argitaratuko duzulakoan, agur t'erdi.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.