Agian ez gara hori besterik. Nire zainetan pilatzen eta ahaleginak eginagatik JBk eramaten ez duen kolesterola bezala. Aberriaren alde emateko prest duan heure odol noblearen sei edo zazpi litroak bezala. Like you.
Ez gara agian gen multzo bat besterik, kromosomen tranbietan doazen partikula minimoak, programa azardosoak, gen hoiek iraun beharrez determinatzen dituzten dominazio gerlek osaturiko gatazka-lekuek hartzen dituzten forma kapritxosoak.
Zerri hura bekain rubioak zituena nire aitonak hazia, Karlos printzea Inglaterrakoa, Bergarako alkatea, gu guztiok, forma kapritxosoak, jelatina berdinaren pigmentoak, geure gene ahalguztidunen estalpe tenporala.
(Hamilton eta Wilson bezalako neodarwinista imajinatzaile eta katxondoren gauzak. Erlijio biologista berri baten hastapen zaharra, nun determinismoa eta askatasun faltaren justifikazioa mikroskopioen ahaltasunaren arabera gorputz partikula minimoagoetan egiaztatzen, finkatzen den).
Eta gen dominanteagoak dituen forma biziko da, Rubisteinen behatz azala, nire aitona zenak hazitako rubioaren bekainak edo Karmenen zilborretik behera ihesi doan sabel-amildegia. Edo gu guztiok beste itxura batetan, Himalaya mendien masa haragitsu dardartia osatuz, adibidez.
Gu unibertso originalak, mundu konplejoak, euliaren begia eta Koch-en baziloa bezala dibertsitatearen kanta putzu desberdineko ur tantak, 2, 20, 200, 2.000, 20.000, 20.000.000 genetan finkatzen den diferentasun majikoa, nire aitonaren zerria zena izateaz libratu hinduena, gutiago, aitortu egin behar, nigandik diferentziatzen hauena, apenas gene diskusio bat kromosomen trabian aulki libreaz jabetzeko.
Baina nik ez zioak "Only you" belarrira inori kantatu orkestinak jotzen zuen bitartean, eta ez diat izkribatzeko makinarik motxila gainean eraman, nik ez dizkiat poema baten atzizkiak kontatu, hik bezala. Nik ukalondoa barran apoiatzen zekiat, akto literario bat bezala, hik, genontzi horrek inoiz asmatuko ez hukeen bezala, akto literario bat kunplituz, literaturak bakarrik salba baikintzake, idiota. Eta literatura ez da hik pentsatzen duana.
|