Euskal gobernua eta euskararen normalizazioa
Jokin Ansorena
"Mesias sarritan agindu zana aingeru artian dator gugana" esaten du gutxigorabehera eguberritako euskal kantu batek. Eta Euskal Gobernuak, Amatiño buru, berdina errepikatu nahi digu euskararen normalizaziorako eta bere euskararekiko plangintzaren berri emateko plazaratu berri duen txosten majiko batetan.
Bertan, eta errenta deklarazioa betetzea baino nekezago gertatzen den subentzio sistimari buruzko argibide batzurekin batera, gau-eskola eta euskararen irakaskuntzaren ixtorio labur bat eskaintzen digute Rikardo Arregi abiapuntu bezala hartuaz.
Eta, noski, PNV heldu den arte Euskal Herri bedeinkatu honetan fundamenturik izan ez denez, euskararen hesparru honetan ere beharrezkoa genuen Mesiasen etorrera anuntziatzen digu, izan ere, anarkia nagusitzen ari baitzen gau-eskolen munduan.
Horretarako, gau-eskolen arrakastak, eskasak izan badira ere aipatu gabe utziaz, euskal irakaskuntzaren prozesuaren dejenerazioaren deskribapen moduko bati ekiten dio, azkenean ohizko bihurtzen ari zaigun ondorio batetara ailegatzeko: irtenbide bakarra, euskalduntzearen kirtena Euskal Gobernuak hartzea da.
Eta ez da irtenbide txarra. Baina gau-eskolen lan estimagarriari nola-nahi zaputz egitea ez zait zilegi iruditzen, ez eta harrigarria ere, datorrenetik datorrelarik.
Izan ere, hori izan baita PNVren arazoa: gau-eskolak ezin izan ditu sekulan menperatu, euskal kulturaren beste arlo asko bezala. Horregatik ari da instituzioetako euskal komisioetan, desfasatu xamarrak egon arren eta azkeneko urteetan bere lanarengatik oso ezagunak izan ez badira ere, militantzia zintzoa eta partiduaren kontrola zuzenki mantenituko duen jendea sartzen. Edota Kardaberaz eta gau-eskolen arteko arrakasta herrikoia konparatzen hasi behar al dugu?
"40 urte eta gero... HAU" pentsatu beharko dugu berriz euskal kulturaren eta euskararen nondik norakoak inutilenek erabakitzen dituzten bitartean. Historia ignoratzea grabea bada, are gehiago nolanahi modifikatzea.
|