L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-12 (1981-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Ahozko narragintzaren ezaugarri zenbait

 

Koldo Izagirre

 

Humbold-ek zion gurea baino herri ipuinzaleagorik ez dagoela. Baditugu ipuinak, behar adina kasu ematen ez badiegu ere. Badugu mendez mende akumulatutako estilo bat, hizkuntzaren eta hizkeraren ondasun publikora pasatu dena, oraindik ere "hizkera amankomun eta arruntetik" bestelako bada ere.

        Ipuingintza edo hobe osan ahozko narragintzaren ezaugarri zenbait azalduko ditugu. Ez gara ardatz-egiturari lotuko, Propp-en morfolojiaren edizioak ugariak dira, eta hartaz baliatzen ahal da interesatua euskarazkoekikoa egiteko. Urteak dira, bestalde, Martin Etxeberriak (Ipuin Harrigarriak, Yakin) haren teorien berri eman zigula. Propp-en modeloa aplikatzen ere dio euskal ipuin batzuei. Irakurri beharreko liburua. Azalekoagoko egitura aztertuko dugu guk. Narragintza tradizionalaren "estiloaz" ariko gara.

 

        Narradorea

        "Omen" ageri zaigu beti eta berriz, narradoreak ipuinaren menturazkotasuna indartu nahi balu bezala:

"Seme zârrena morroi jûn ementzan oso urrutia. Urtea bote ondoenên, soldata astoat eman ementzioen eta asto orrek, beâri ei'zak urrea esa'ezkeo, urrea eite ementzon".

Narradoreak ez du erre sponsabilitaterik nahi (ipuina esan egin diote, entzun egin du...), edo entzulea aldez aurretik "urrun erazten" da: entzungo duena ez da "egia", eta narradoreak lehen mementutik adierazten digu entzuten dugunaren fikzioa. Lehen mementutik eta esaldiro:

"Lehendabizi Beñardo etorri omen zan. Eta juan omen zan armayoa, iriki omen zuan atia eta ez omen zuan esnerik ikusten".

Hala ere, Zigoitian bildutako "Errana eta amagiarreba" ipuinak ez du "omen" bakar bat ere. Oinatin bildutako "Beñardo"ren bersioak ere ez. Ezta "Dar-dar"en bersio honek:

"Erreñu baten sierpe bat eguan boro kueban...".

Beste batzuetan narradorea "atera" egiten da ipuinetik, haria eten eta beharrezkoa iruditzen zaizkion apunteak egiten dizkigu:

"Madrilera oñez abiatu omen zan, denbora aitan ez zegoan, orain bezela, ez trenik ez automobilik eta orrelako gauzarik...".

"Môtil gizâjoa, ez da arritzekoa ta, oso triste geatu ementzan".

Baina horrelako esplikaziorik gabe ere:

"Baitta makilla ori asten da baztar guztik txikittu bearrên, danak joka, ostalarie eta etxeko beste guztik. Arek atâ ementzôn an ixkimillea!

 

        Hizketak

        Hizketak "teatralizatu" egiten dira, nor ari den edo nola (haserre, leun, isilean, oihuka...) adierazi gabe. Lehen hizketa norena den esaten da, eta geroztikakoaren alternantzia berez doa:

"—Eun on —esa'ementzion deabrû

—Baita iri rê

—Egundañoko gaiztoa aizela ta, i Inparnura eamateko asmôn etoi nôk ba

—Ez dek gaizki esana. Otsomak, lênengo gosâri-mokatu bat jâ zaun

—Otsomak bâ"

Adibideak nahi adina luza litezke. Hizketa molde zuzen hau egokia dirudi bi personaiarekin, baina hirugarren bat tarteko dugunean, ez zaio ekibokoari lekurik egiten ("Lau anai umezurtzak"):

"—Nik non dagoen banenki ostuko nauzkiok, diñotzi lapurrek

—Ba nik dragoia ikusten bayoat ilgo yoat, esan euen kazariek

—Anaie az i be bai, ta geugaz etorri adi, aspaldian ez kosak arkalegaz egon-da, esan eutzien sastreari".

 

        Denbora aldaketak

        Graziano Anduaga (Aitonaren Uzta, Kulixka Sorta) iraganetik orain aldira pasatzen da hizketaren bat hasteko:

"Apaiza eta praillea bazkaltzera etorri ziranean, praillea eseri zan maian apaiza baño leen. Eta neska orrek joanda esaten dio prailleari...".

"Beste andreak deitu zion gizon orri:

—Atoz azkar, zure andrea urek Braman du

Gizonak esaten dio:

—Arraioa, ori ere badinau? —Bota zuan saskia eta bete zuan pipa tabakoz eta su emanda abiatu zan erreka bazterrak gora. An billatu zuan bere lagun bat eta esaten dio...

Hizketarik ageri ez dela ere erabiltzen da orain aldia iraganean gertatzen diren ipuinetan, akzioaren azkarragotze bat bezala:

"Neskatxak jantziya eman diyo ta sitse biño dotoriago emakumez jazten da —ez ementzuen bizarrik batere— ta gonapian gorosti-makil sendo bat artuta, baziak berriz ere etorritako biretik...".

"Joan da berriz ere peri-errira, ta zaldiya entregatu-ta or jotzen du biolin jotzalle baten itxera...".

Ipuin berean ordea, eta ez dugu beste inon irakurri, denbora aldaketaz gainera pertsona-aldaketa bat ere gertatzen da, harrigarrizko indarra hartzen duelarik:

"Perira jon zen ba, ta jo zak zuzen zuzenian erriyan zen neskatxik dotorienaren itxera".

"Jon da berriz ere peri-errira, ta neskatxari soñekua entregatu-ta jo zak mediku-barberuaren itxera...".

Besteak beste, denbora aldaketak maisuki erabili zituen Orixek Santa Kruz apaizan, eta 6gn. atalean honela irakurtzen dugu:

"Askotan aipatzen zun lenengo Karlista-gerraren joera: Marotoren saldukeria; Bergarako besarka edo laztana ta olakoak, ezin burutik uxatu; gabez lorik ezin egin. Esna-aldi oietan zertara joko, ta apaiza Merino gerrariaren bizitza irakutzen jo zak. Orrela sortu zan aren biotzean gerra-naia".

 

        Aditz elipsiak

        Laguntzailea maiz izkutatzen da:

"Bai ta, Tonto'k pozik artu ta martxa zaldi gañian".

"Alare, beira emen ta beira an, azkenian txerriyaren belarri-xoluan arrapatu. Biño saltatzen da Barbantxo txerri belarritik eta belarretan gorde. Ta gero beyak jan gixajua, belarrakin batian".

Aditz osoa da izkutatzen dena hizketetan ("esan zion"...), ergatiboa hutsik aski delarik:

"Baiña mutillak kredoa etzuan ikasi.

Apaizak: —Ikasi al dek kredoa?".

"Eta amak: Non zara, Baratxuri? Ta mutillak: Beyaren tripan. Ta amak: Noiz aterako zara? Ta mutillak: Beyak tur-tur itian".

Narrazioaren barrenean ere gertatzen da holakorik:

"...itxe aldera jongo zen, ongi pagatuko ziyola. Ta baietz".

"Kapitanagana jon, ta, ola ta ola, atian emakume gazte bat zaola".

"Jon ementzen gero apaizaneko neskamia illunabarrian beya jextera, eta errape-barrenian alako soñu bat, "zupa-zupa" iñor titiya eraten ari balitz bezela".

"Eta Obispo orrek galdetu zuan dendero ori zela zebillen, eta oso arriunatua".

"Gizon bat joan zan bein konfesatzera. Eta Arabatik kontrabandorik ia ekarri zuan".

 

        "Eta" konjunzioa

        Esaldi-lotura injenuo bat lortzen da errepikazioz:

"Ta mutillak, arrittuak, korrika ihesi. Ta bazkaya eaman-ta zetorrela, lengo mutill-salla berriz ere birian. Ta Barbantxo pareta-xoluan karakol-azal baten barrenian gorde. Ta bai men-tzetozen mutillak eup-eka ta saltoka. Ta...".

"Ta atta basuan aritzen ementzen lanean. Ta bein batian ama miñez geldittu, ta attari zeñek bazkaya eamanik ez itxian".

Amaieran ere ikusten dugu, ipuinaren akabantza moralejazko bezala:

"Eta andik aurrera aita, bera baiño obeto zaindu eban".

"Eta berriz etzan joan ez iñoren pekatuak konfesatzera".

"Eta orduan eman zion txartela"

"Eta biak eskondu ziran eta zorionak izan ziran"

 

        Errepikazioak

        Etengabeko aritze bat adierazteko, partizipioarekin:

"Ta danak gañên zittûla legoi oi egâka asî ementzan. Jûn-da-jûn, da jûn-da-jûn"

"Beti zapatea ein da zapatea ein, da ez ementzôn sekulan zapataik eitten"

"Jardun-da-jardun bê lantegiñ, eta sekulan ez ementzon oñetako'at tajutzen"

Partizipio desberdinak ere errepikatzen dira:

"Arratoi gazte talde batek bein batean egin zuten ikaragarrizko jaia. Jan ta edan ta jostatu"

"Edan ta fumatu ta gaba galdu. Goizeko ordubitan nolabait etxera"

Superlatiboak egiteko, adberbioen edo adjetiboen errepikazioa:

"Errezatzen marra-marra..."

"Gero garbantzu ta egoskariakin gozo-gozo betetzen zan"

"Ogia pixka-pixka bat bota"

 

        Onomatopeiak

        Ipuinaren akzioaren irudi "zaratatsu-grafikoa", maiz ageri da:

"Ta errape-barrenian alako soñu bat, zupa-zupa iñor titiya eraten ari balitz bezela"

"Tiroarekin ebaki sokia ta erbia zapla! lurrera"

 

Ahozko narragintzaren estiloaren ezaugarri batzuk dira. Ez genituzke ahantzi behar, batez ere eskoletan ipuingintza indartu nahi baldin badugu (ikus Oh! Euzkadi 8.alea "Ahozko narragintza eta haurrak").

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.