itzulpena
Baudelaire
EGAN
Suplemento de Literatura del
Boletín de la Real Sociedad Vascongada
de Amigos del País
II Epoca
Vol. X Mayo-Agosto 1957
"LES FLEURS DU MAL" (1857)
Aurten bertan dira eun urte Charles Baudelaire'en Les Fleurs du Mal Paris'en lenengoz argitaratu zala.
Gauza jakiña da, orduko moralistak berealdiko erasoak zuzendu zizkatela bertso-bilduma oni.
Gaurkoak, ordea, gure denbora auek mauka zabalagoak diralako-edo, ez dute ain gogorki epaitzen.
Dana dala, ezin uka iñola ere, literatura ta poesia aldetik beintzat Les fleurs du Mal goimallako lanegiña danikan.
Beraz, EGAN'ek ezin lezake deretxa ontan beraren agerpena gogoratu gabe utzi.
Ondoren ezartzen ditugu, euskeratuta, Les Fleurs du Mal'eko olerki bi. Itzulpenak, Bilbo'ko olerkari gazte-ezagun G. Aresti'renak dira.
TRISTURAZKO MADRIGALA
Zu zûrra izateak, zer dit ardura?
Zaitez eder ta triste! Aurpegian
Negarrak jartzen du bere lillura:
Zelaian errekak uzten duen hura.
Loreak gaztetzen dita eurian.
Pozak ihes egiten dizunean,
Bekoki lurra-jotik, zaitut maite;
Bihotza izuan itotzen denean,
'Ta zure orainera datorrenean
Lehen-aldiko hodei beltz huraxe.
'Ta begitik botatzen duzunean
Ur hori odola bezain beroa;
Nire eskuak jarri-arren soinean,
Tristura astunak zaurtzen zaitu'nean,
Hilten denaren orroa lakoa.
Hartzen ditut, jainkozko gurariak!
Himnu xarmangarria sakonean!
Zure ugatzeko suspiro guztiak;
Sinets'zazu, malko diren bitxiak
Argitzen zaizkizula bihotzean.
Amorio sustrai-gabeak hola
Oka eginda gero, zure bihotza
Zuzien antzean argitzen dela
Badakit, 'ta eztarri-pean duzula
Giza-galduen harrotasun hotza;
Baina, maitea, zure ametsetan
Infernua ikusten duzun arte,
'Ta kantsanziozko ametskaitzetan
Pozoekin 'ta gerrekin pentsetan,
Errautsez 'ta burdinarekin bete,
Bildurrez bakoitzari edekitzen,
Zoritxarra partitzen edonoizko,
Orduak jotzen du'nean murgiltzen,
Betiko Nazka kontenta-ezinaren
Lokarria eztuzu sentituko,
Ezingo duzu, bildurtasunean
maite nauzu erregin mirabea,
Gauaren izugarritasunean,
Esan niri, gure deiadarrean:
"Berdina zitut, Errege neurea!".
Itzultzailea: Gabriel Aresti
|