Etiketak salgai
Joxean Muñoz
Euskaldunak ez omen zuen garai batetan biraoaren eskubiderik eta ateotzari utzi egin behar omen zion euskaldun izan nahi bazuen; kosta zen galbahe hori komunetik behera botatzea. Euskaldun eta komunista izateko debekatua ere gainditu zuen askoren borrokak nahiz eta aldiro DEIAk besterik esan. Etzaizkigu, haatik, aukera aukerarik gabekoak, bi aurpegiko txanpon faltsoan eta etengabe hautatu beharraren burukomin hain molestoa desagertu. Azkena likidazionismoaren eta faxistatzearen arteko omen, K. Santistebanen iritzian (egin 80-10-1).
Ez naiz faxismoaren kalteak zerrenda lakrimojenoan agertuz listoarena egiten hasiko. Hain zuzen ere faxistarena nola beste edozein etiketa asumitzeko harrokeria balientea erakusten baitu Santistebanek, itxurari baino funtzionaltasunari gehiago begiratuz. Begiratu nahiz.
Bi hizkuntzen konbibentzia ekilibratua, eta batez ere dauden daudenetan euskara eta gaztelaniaren arteko errespetua sinisten ez dugunoi faxista etiketa tokatu behar zaigunik ez dut, ondea, onartu nahi.
Ez baitakit nola erakuts niezaiokeen eta inposa jendeari euskararen ezin utziko beharra. Behar praktikoa baino eta euskaldun zaharron arteko erdarazko solasaldiak, euskaldun berri gehienen autobortxatze nekeza lekuko behar politiko bat baita. Euskal Herriaren esistentziarako nahi ta nahiezkoa, beharrezkoa, dela sinistu eta sentitzea.
Gehiago egiten dugu euskaraz egin nahi dugulako, komunikabide derrigorrezko dugulako baino. Guk euskara bizi dadilako, Euskal Hernia bizi dadilako eskubidea (eta beharra) jartzen dugu praktikan euskaraz hitzegiten dugunean. Eskubide bat praktikan jartzea ez da, ordea, faxista izatea, faxista eskubideak ukatzea da, kristo guztia uniformatzea. Eta komunikazio interpertsonalen atzean arazo kolektiboak daudenez hiztunek isladatuko dute konfliktoa. "Beti, edozein egoeratan" euskaraz hastea, euskararenganako joera (boluntarista? bai, eskerrikasko) agertzea da egin beharko genukeena; erdaraz egin behar bada, bale, baina hizkuntz aldaketa besteak inposa dezan eginez, komunikazio interpertsonal horretan inori tokatzen bazaio inposatzailearena gaztelania mintzaileari toka dakiola.
Ez dugula zergatik onartu beharrik faxistaren papera. Eta nahi ta ere ezingo genukeela, askok behintzat. Kolektiboki beharra den ihardun hori, egunerokotasun pertsonalean maiz problema bilakatzen delako. Eta onartu beste erremediorik ez dugu. Gurea euskaraz bai baina komunikatu nahia baita: euskaraz bai baina azken txismeak jakin, euskaraz bai baina laguna zinera etor dadin konbentzitu, euskaraz bai baina kopeotako mundu-konpontzearen ohiturarik utzi gabe.
Euskaraz bai baina lagun berriak egin. Bere buruarekin oso seguru behar baitu faxistatzeko prest dagoenak. Nik, beti, edozein egoeratan euskarari eutsiko banio, erdaraz egitea "borroka"ri utzi eta likidazionista izatea dela pentsatuko banu, jendeak ez luke euskararen "ezin utzizko beharra" sentituko eta bai nerekin ez topatu nahia. Ez baitut inor nerekin hitzegin ahal izateko euskaldunduko denik uste.
Ez naizela nonahi eta noiznahi euskararen ikurrindun ibiltzeko kapaz sentitzen. Ez dut, gainera, gure ikurrina euskara denik uste, bat izatekotan koloredun hori hautatu dut eta, hori bai, euskarazko hitzez brodaturik, behar dudanerako etxean gordeta. Jazteko, sedazko foularda nahiago.
Euskara ikurrintzat aspalditxo hartua dugu, bestalde, eta euskara sinboloak gure hizketa sinbolo egiten du. Eta egunoro aberri eguna izan dadin borrokatu ordez, aberri egunaren beharra eliminatu beharko genuke. Euskaraz aritzea kontzientzia subjetiboan ere borroka egitea izan ordez, euskaraz normal aritu daitekeela (gure buruari ere) frogatu. Yelmoak oso astunak direla, zera. Eta halakok egin digun putada kontatzerakoan haserretu egiten garela, ez bataila irabazi. Realaren azken partidoa komentatzerakoan forofoak garela eta ez armaduradun gudariak. Koadrilako batek andregaia egin duela kotileatzean kotileatu egiten dugula eta ez gerrila urbanoa.
Etsaia zein den ere apenas baitakigu. Euskararenean burkide dugun asko beste guztian etsai gerta daiteke eta. Erdaldun asko euskararen aldeko baita, potentziala, potentziala bakarrik, baina aldekoa. Eta, gainera, agian atsegina edo interesgarria edo polita. Aukera txarra hasieratik galtzaile jartzen gaituen aukera.
Erdaraz aritzen den oro erdarazale, antieuskaldun, konsideratuta, egoera, dagoen hontan onartzen dugu: euskaldun gutxiengoa erdaldun gehiengoaren kontra. Borroka zelebrea egingo genuke guk, indibiduook gainera (eta beharrik!) nahastuta ibiltzen garela kontutan hartzen badugu.
Aukera txarrean jarri gaituztela etiketa faltsoak aukeratzeko paradan. Faxismoa hizkuntza dominantearena da eta dominatuarena putada. Hizkuntza dominatua erabiltzen duenari konpensazioak eskeiniko zaizkio, hori bai, A hizkuntzak lanerako, oziorako, normalidaderako komunikatzeko, balio duen bitartean, B hizkuntzak funtzio mitifikatu eta ederretarako balioko duela, ikurrin izateko, adibidez. B hizkuntzaduna ez dadin bere inpotentziaz jabetu gudari senti daitekeela.
Aukera txarra eskeini digutela euskara salbatzeko egunoroko bakardadean erreibindikazio lanetan jarri gaituztenek, erabaki politikoak egin behar direnean eskubide, errespeto, bilinguismo hitzetan murgildu direnak.
Eta arazoa azken finean pedagojikoa da. Politikoki hartu behar diren neurri sakonak antifaxistak direla erakustea. Euskal Herrian euskaraz egin daitekeela erakutsi, euskaraz eginagatik ez direla beste arazo guztiak baztertzen. Euskara ez dela muga bat, euskaldun eta ateo, euskaldun eta gorri, euskaldun eta rockero, euskaldun eta apain izan daitekeela frogatu. Euskaraz aritzearekin ez diogula ezerri (alferkeriari ere ez) uko egiten. Hizkuntza bai, baina zer komunikaturik ere ba dugula, eta euskaraz bakarrik komunika daitezken gauzak ere bai.
Bentajak eskeini, zera, ez nekeak. Euskal Herria bere osotasunean ulertzeko derrigorrezkoa den tresna bat, ez ikurrin, armarri edo Antso Gartzeizen ezpata. Normalidadea konkistatu behar dugula, egunoro saiatutako normalidadez, eta ez borroka giro nekezik.
Hizkuntzak ez gaitu senide egiten, solaskide baizik. Solaskide erdaldunak bortxaketa baten onartzean oinarritu beharko du bere hitza. Euskaldunduz bakarrik hauts dezake konplizidade hori.
Normalidadearen eskubideengatik borrokatzen den anormal oro bezala, antifaxistak garela, norma uniformatu isil eta pisu horren kontra dihardugula, nekez gehienetan. Gure alferkeriak ez die barkatuko.
|