L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-13 (1981-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

—solasean—

 

Ataño

 

        Salbador Zapirain Ezeiza. 1912-XI-5. Errenteriko Bordaxar baserrian jaio eta hazia. "Txantxangorri kantaria", Auspoa, 1980. "Txori", Auspoa, 1981.

        Ez du uste mundu honetan baserriko berriak berak adinbat ikasitakorik dagoenik. Frailea da halere. Kaputxinoa. Hondarribiko Amute hegiko komentuak dituen baratze eta geletan bildu ditu munduari adio esan baino lehenagoko oroimen guziak. Ez du mezarik ematen, horretarako beharrezko diren ikasketak ez baitzioten egiten utzi. "Batez ere gu bezala ibilitakoei". Eta neguko partean, baratzeak beharra eskatzen ez diolarik, idazkaritzari ekiten dio, bere aintzinekoen agindu sagaratu bati jarraitu beharko bailitzaion.

        — Txiki txikitatik ikasi nuen eta, hori da gurea, hor segitzen dut nik. Lehen beti bertsotan egiten nuen, baina orain beste aldera hasi naiz. Egindako gehienak orain arte, hautsi ditut.

        — Zer ba?

        — Zertarako zen ba, lehen ez ziguten uzten argitaratzen eta aurten egina datorren urtean hautsi. Bertso asko, bai. Batzuk baditut halere, Zeruko Argia-n eta Basarrik eta argitaratuak.

        Orain uste dut ateratzeko dutela bat, San Frantziskoren bizitza, nik egina bertsotan. Hori eta osabak egindako beste zera bat ere bai, Jesusen pasioa, gerra aurretik egin eta galdu egin zuten gerra, orain bilatu dute. Don Manuel Lekuonak bilatuko zuen, horrek hartu zuen eta.

        Nere aitona bertsolaria zen, osaba eta aita ere. Ni ere, eta iloba gaztea halakoa dugu baita. Gurean bertso giroa oso bizia izan da beti. Auzoen artean berdin, Txirrita eta...

        Bertsolaritzaren historiak ezagutu duen lurralde emankorrenean hazi zen Ataño. "Etxean ez genuen besterik ikusten eta gaztaina erreak jaten hasten ginenean, eta bertsotan". Noizbat bukatuko zen giroan. Urtean behin joaten omen da Errenterira, Madalenatan; ez du, halere, kalera nahi. Baserrira zuzenean. Zaharra berri nahi. Guk, bestalde, jakin kutizia asetu behar eta Txirritari buruz galdetu.

        — Zer moduzko tipoa zen Txirrita?

        — Moztaka zen, 1-70 holako zerbait izango zen, bazuen harek horrelako kupela, jesus! 150 kilokoa zen eta hil zenean lurra ematera zihoaztela, nere anai zaharrena zen eramaten, eta esaten zuen izugarrizko karga etortzen zela txandaka, jakina aldapan, ile dena gainera. Parranderoa zen, parranderoa, eta listoa, gutxi izaten diren bezalakoa. Bertsolari askok hizketarako ez dute balioko, baina bertsotarako... Nere aita zenak hizketan gutxi balio zuen. Nerbioso jartzen zen, bertsotan berriz... Txirrita ez, dotore zen hizketan, bere lehengusua berriz, Saiburuko Jose Lujanbio, hori, totela zen hizketan eta bertsotan ederki egiten zuen, gauzak zer izaten diren...

        Hitz jarioa ez bada ere, gaiari lotu zaio eta hantxe jarraitu da.

        — Aitak ez zekien idazten, nik egiten nion, eta Txirritari ere berdina gertatzen zitzaion, bere ilobak zeratzen zion hari, eta nere osabak, San Jenobebaren bertsoak egin zituenak, ez zekien. Liburu bat atera izan behar zuen, euskaraz, eta oherakoan handik irakurtzen zizkion andreak eta berak ohean bertsoak egin eta gero, goizean emazteak kopiatu. Baina harek, Don Manuel Lekuona etorri zitzaionean, hasi eta banan-bana, banan-bana, bertso guztiak esan zizkion, baina kantuz, eh! bestela ez. Kantuz etortzen zitzaion, bestela ez omen zion memoriak hartzen.

        Errespeto osoz mintzo da aitaz eta osabaz. Abotsak berriz ez du aldaketarik batere egin, hain izango dira ugariak historio guztiok kondatu dituen aldiak. Alabaina behartua ikusi du bere burua zenbait xehetasun egitera.

        Erderazko hitzak... ni ez naiz garbizalea, kupidarik gabe esango ditut eliza, eta pakea eta horiek denak, baina beste batzuk badira ordea sartzen ez zaizkidanak; ez balitz hitzik euskaraz, orduan bai, baina... lehenengo bertsolarietan bezala, nere aita zenak uste zuen zenbat eta erdarazko hitz gehiago sartu, orduan eta ederrago zela bertsoa. Txirritak eta hauek askotan sartzen zituzten erdarazko hitzak. Askotan esaten nion nik aitari "baina hitz hau hobeto esan liteke ordea" eta berak "hortara hobeto zegok". Nere osabak ere San Jenobeban: nere esposa; nere osabak ez zuen sekula esan nere esposa, nere andrea, nere emaztea, baina bertsotan hori jarri behar, eta nik uste dut hortan erru handia izan zutela apaizek. Apaizek pulpitotik hitz egiten zutenean, edozein moduz hitz egiten zuten, hori sartzen zen, entzuten zuenak ez zuen beste eskolarik, handik entzuten zuten eta handik hartzen zituzten hitzak. Eta nik uste dut Basarriri entzun izan diodala Udarregirengatik "honek bai, bertsolari honek erdera asko zekik". Bai, erdera asko zekien, asko zekien horrek. Nere aita zenak ere ez zuen behin ere bertsoak egiten zituen bezala hitz egiten, hitz egin, ondo hitz egiten zuen eta bertsoetan gaizki.

        — Eta oraingo bertsolariak entzuten dituzu?

        — Entzun ditut, hauek garbiagoak dira, euskaraz garbi hitz egiten dute. Basarri ona da, zahartua baina; Uztapide ona ere, joan zen, Lasarte... eta Amuriza, neretzat gazterik onena orain... Nik ez dakit zer esan. Orduko bertsolariak mutur jotzeraino joaten ziren, hasarratu egiten ziren, orain ez dut uste halakorik denik.

        — Hasarrea?

        — Nik gogoan daukat Floriagako Inaxio esaten geniona eta bestea, Saiburuko Jose, eta bertsotan hasi ziren eta jakina, onez onean Saiburuk eramaten zion, eta bestea txarrera joan zen. Saibururen andrea beltza zen eta gizonak ezkondu egin behar eta "zaku ikatz batekin ezkondu" bota zion hari. Bai besteak ere egudo "hirea edertxoagoa baina lehenagotik zeratua". Eta halaxe ibiltzen ziren. Orain ordea zuk bota lau bertso horri, beste lau bertso alkarri eta hori askoz errezagoa da. Orduan hasi eta ordu erdi, ordu bete igual taka-taka bata besteari, bata bestari bota eta bota, hori zaila da. Txirrita eta Altzan ikusten nituen bertsotan, jesus! ordu betean bai! eta orain jakina, lagunak laguntzen dio, bakarrik ez lituzke saioak egingo, besteak zer bota hari erantzuten baitio. Bestela ez.

        — Aitak zer zuen prontoko bertsoa edo idatzia bakarrik?

        — Bietara ondo moldatzen zen, orain ez zen plazan ibiltzen, boza ttikia zuen, osabak bezala, osabak ere oso boza bajoan zuen. Gaur bizi izan balitz...

        Lehen aritzen nintzen ni, taberna txokoan eta, baina behin gerra ezkero zer egingo dut ba? 22 urterekin sartu eta handik etorri eta, alde guztietan erdaldunak; euskaraz hitz egin ezkero... utzi egin behar. Orain tarteka botatzen ditut, baina ez dut, ez dut orain... hor ere segi egin behar da. Ezagutu nuen bertsolari bat aritzen zena eta ona zen hura baina aritu gabea: Gazteluko Jose Antonio, zeraren, Txirritaren koinatua, ona zen hura baina ez zen aritua eta ez zion segitzen koinatuari; orain berezkoa behar du, berezkorik ez baldin badu ez du batere ikasiko.

        Elkarrizketa baino lehen pasa gaituzten gela ttikia da, ez oso argia. Zurezko mahai bat erdian, hautsontzi eskas bat gainean eta lau aulki. Ez, Atañok ez du erretzen. Ile zuria, burua soildu samarra, baratzean eta ohi duen kaputxino-jazkeraz etorri zaigu. Eguna oroitarazi diogu: 20 de Noviembre.

        — Buuuu. . . utzi pakean.

        Deusik nahi ez balu bezala. Ez du, berriz, esan gabe utzi nahi:

        — Bera hil zen baina hamaika eraman zituen aurretik.

        Galdera nahi eta nahiezkoa da: gerra.

        — Ez nintzen ni aurrera joan, egun hartan etxean harrapatu ninduten. Nonbait auzoren batek salatu eta kitto. Hiru anai egon ziren aurrean. Ahaleginak egin nituen nik hura zein zen jakiten.

        Baserritar asko abertzaleak ziren, baina beste batzurekin ez nintzen gehiegi fio; ez, gero zuri-zuri ibiltzen baitziren. Gehienak bai, baina baziren beste batzuk ere, hor, izenik ez dut emango baina hiru lau etxetakoak garbi ezagutzen nituen hala ez zirenak. Eta gero kalte egin zuten, uste dut gainera. Bai, kalte egin zuten.

        Ibili nintzan lehenbizi apaiz ikasteko bezala, Saturraranen eta gero Vitoriako Seminarioan, baina utzi egin nuen gogo handirik ez nuen sentitzen eta gainera ordaintzeko neke handia etxean. Hirugarren filosofia ikasia neukan eta lau urte falta nituen bukatzeko. Handik atera nintzen eta guda hau etorri zen, ni harrapatu ninduten eta lau anai pena de muerte-rekin egon ginen; bi fusilatu eta gu San Kristobala eraman gintuzten. Handik etorri eta inolako girorik ez zegoen, inon lanik ezin egin eta kaputxino egin eta kitto. Beste anai bat horrelaxe erre zen, zeran ibili eta, Bizkaian barne ibili eta, batallon de trabajadores-tik etorri eta, inon lanik ezin egin, excombatiente behar baitzuten. Hura sartu zen han zeran, hondarra ateratzen eta, hantxe geratu eta hil zen; excombatiente behar zuten.

        Izenak gorde ditu, baina ezagun du bihotz erdiraino joa dagoena. Zer egiterik ez eta kaputxino sartu zen gizon honek ez ditu ere apaiz eta familiarteko guztiak hain begirunez euki.

        — Gure lehengusu bat, apaiza, karlistarra zen gogotik; haren lagunik handien handienak alkatea eta bi edo hiru kontzejal ziren, noiznahi gure etxean sagardo edaten ibiltzen zirenak. Gero gu espetxera eraman gintuztenean, haiek nahi izan balute, gu, inor ez zuten hilko.

        Harek sindicato único esaten zuen beti, eta guk harekin ikasi genuen, orduan ona zen, gauza onak zituen harek. Errenterian, badakizue nola arbolak aldatzera joaten ginen lehen, halakoa zen eta baserritarrei pixa egin ziguten kaletarrek, "caseros tontos" esan ziguten, harrika hasi ginen eta guk bidali genituen aurrean denak, eta apaiza, han zegoen ere, eta baserrian edo jaioa baitzen mina hartu zuen. Eta berak eskatu zuen eskola hortako maisutzat, eman zioten eta hiru urte baino lehenago lau lehenbiziko sariak eskola hortara joan ziren; guk nola ikasi genuen ba? Nik behinik behin hiru urte edo pasa nituen maestra erdaldun batekin eta emango zidan restak edo egiteko, egiten nuen eta berak tak-tak tak-tak gaizki zeudenak urratu eta nik zergatik nekien haiek gaizki zirela edo ez zirela... gero bai, gero apaizarekin bai, honek euskaraz hitz egiten zigun eta, baina gero ez dakit zer gertatu zitzaion, gerra denboran otsoa bezalaxe gelditu zen eta neri gainera lepoa mozteko gogoak zegoela esaten zidan.

        — Zuri lepoa mozteko?

        — Bai, ondo ondotik, neri lepoa mozteko bazeukala gogoa. Kartzelatik ateratzean, etxera joan gintzaizkion bi anaiak. "Ikusiko diagu horren harro mintzatzea", nere anaiak esan zuen gainera. Bagenekien etxean zegoela, baina ez zen azaldu.

        Fusil xahar batzuk etxean zeuzkatela eta, lau anaia espetxeratu —Ondarretara eraman zituzten— eta lauei herio-zigorra eman, defentsarako izendatu zizkieten abokatuek beren izenik bat ere ikasi ez zuten juizioan. Bi hil zituzten, honela argitaratu gogo dituen sei urtetako kartzela pasadizoak hasi zirelarik. Pasatutako denborak, urte latz haietako emozioak ezabatu ez, baina izkutatu egin ditzakeela, ongi erakusten du Atañok.

        — 28 edo 29 urte arte, San Kristobalen egon nintzen, Iruñea ondoan. Ia lau mila lagun egon ginen han.

        — Eta zer bizimodu eramaten zenuten han?

        — Gosea, berek idazten utzi ez eta eman ez. Ni hara eraman nindutenean, izutu nintzen, ikusten nituen han batzuk gurutzatuta zeudela ziruditenak, arrunt ihartuak! Ez baitzuten paketerik ere sartzen uzten, gero bai, gero utzi zuten, ihesaren ondoren utzi zuten.

        — Ihesaren ondoren?

        — Ihesa ez, kanpora atera egin ginen, hortxe sei edo zazpi gizonen artean barruko konpainia guztiak desarmatu zituzten. Nik banekien handik mugara zer bide zegoen. Eta gora igo zen tenienteak, hura ere aldegina zen, ez joateko, indar handia zegoela Iruñean esan zigun. Arrazoia zuen gainera: berehala hartu zituzten inguru haiek guztiak eta atera ziren zortzirehunetatik 230 hil zituzten, gainerakoak berriro sartuaz. Bai, 800 batek ihes egin zuten, haietatik 230 hil zituztenak ia denak salbatu ziren, baina besteen esku erori zirenak ez.

        Gehienak biziko dira, gu 9 egoten ginen zeldan. Lehenbizi behean egon ginen eta gero jendea ekartzen hasi zirenean lehengoak gora atera zituzten eta gu gela batetan, haietatik hiru izango dira hilak, besteak biziko dira... Gatzagakoa bat, Etxabe; Elkorobarrutia, gero gu bi anaiak, gero Zumalabe, Arrasatekoa; Zubiaurre, Elgoibarkoa; Arritokieta, azpeitiarra. Hilak izango dira, bat Lasa, eta Oiartzungo Odriozola, eta bestea Beloki, hau ez zen zaharra baino hil zen. Beste oiartzuar bat bazen gurekin, zera, Gaztelumendi.

        Euskaraz mintzatzen ginen gure artean, noski. Bertsotan aritzen ginen eta entzun ere bai goitik: "hablad en cristiano", baina joaten ziren eta gu lehengoan, haiek lau mila tartetik nola ibiliko dira ba entzuten. Arrunt utziak bizi ginen han, utziak, ez zegoen ez garbitasunik, ez urik, ez janik.

        Ondarretatik eramandako asko, abertzaleak baziren ere, San Kristobalen presoen artean bizi zen giroa bestelako zen noski, Estatuko lau puntetatik bilduak baiztziren hara kolore guztietako errepublikanoak.

        Ondo konpontzen ginen haiekin, ondo, zer esango zenuen ba? Askotan isilik geratu behar eta kitto. Ihesa moldatu zutenekin ondo ere. Haietako bat, komunista bizkaitar bat, lagun handia nuen eta pena eman zidan gizarajoak, azkena atera eta iluna baitzen, San Kristobal badakizue zer den, harritsua, harkaitzetik behera erori eta bere burua hil zuen.

        — Bere burua hil zuen?

        — Bai, hobe zuen, bestela txikitu egingo zuten eta, txakurrekin eta.

        — Sentituko zenuten behin baino gehiagotan zuen burua hiltzeko gogoa?

        — Ondarretan behinik behin, bai, geure burua hiltzeko ez, baina lehen bait lehen bukatzeko gogoa bai, hura ez baitzen, ez baitzegoen bizitzerik; gauero, gauero etorri eta hiru edo lau "está usted liberado" eta kanpora hiltzera, gauero, gauero, gauero. Atea ireki eta "prepárese, está usted liberado", tak, itxi eta gero bestea, eta bestea banaka-banaka behera jatxi. Jendea ez zen ohartu hasieran, uste zuten lanera edo zeramazkitela. Halako batean anaia eraman zuten, ni ateraino eraman ninduten, eta barrukoak esan zuen "ése no" eta hala ikusi nuen nola berriro hartzen zuten anaia, lotu eta kamionera bota.

        Hernani aldean, Oiartzunen eta gero Berako harrobian fusilatzen zituzten. Orduantxe ikusi nuen barrura sartu eta jendea pozez, eta nere artean "bai, bai, nola joan diren bazenekite". Berek jakin zuten gero, gau hartan bertan, apaizen bat etorri, larunbata zen, konfesatzera eta, jesus! tropak sartzean baino ikara handiago sortu zuen. "Hiltzen naizela"; "bihar hilko naiz"; "apaizak zetoztek honera" hasi zen jendea. Ondarretakoa ez dut ikusi bestelakorik eta hobe ez inork ikustea...

        Gipuzkoako hiru egunkariak hartzen dituzue komentuan. EGIN eta DEIA, askorik ez bada ere, biak segitzen ditu. Telebistarako, aldiz, ez omen du astirik: ilunabarrerako erretiratzen da. Konfesatu duen txango bakarra, halako batean Lourdesa egin zuena izan da. Seguru gaude ez duela egunero sartu-aterean ikusten dituen abioietan airetakorik egin inoiz ere. Halaz eta guztiz, noiz behinka, mendi aldera egiten ditu kanporalditxo batzuk.

        — Baratzean aritzen naiz lanean. Bizitze osoan hori besterik ez dut egin: lan, han eta hemen. Igandeetan eta negurakoan, berriz, idatzi, eguraldi txarrak ikartzen dituenean bezala.

        Bazkalondoetan irakutzeari ekiten omen dio, siestara beharrean.

        — Bai, bai, irakurtzen dut, baina tamalez batua ezin dut bukatu, hasi eta ezin. Batua ez batua horri ez diot kasorik egin, nik ikasi nuenari segitzen diot, eta kitto. Nahi eta nahi ez behar da batua, orain zer batua, hori da diferentzia. Idazteko beharrezkoa dugu, bai, baina euskalkiak hiltzen hasten baldin badira, orduan, gaizki ibiliko gara.

        Ez du gehiegi sartu nahi batua ez batua horretan. "Nik ikasitakoari segitzen diot eta kitto". Dena den susmoa dugu ez ote dion Aita Zabalak esandakoari jarraitu behin baino gehiagotan.

        Ataño ez da hari bateko hizlaria, isildu egiten da batzuetan, labur izaten delarik besteetan. Irakurri dituen idazleez galdetu diogu oraingoan.

        — Domingo Agirre da gehien gustatu zaidan idazlea. "Gero" ere behin baino gehiagotan irakurri dut, baina Agirre daukat gogozkoena. Zera hau ere, Jauregi, ona da. Errenterikoa zen, tamalez ez nuen harekin hitz egiteko betarik izan.

        Gustora asko irakurri zuen Jautarkolen "Xenpelarren bizitza". Luis de Jauregi "oso gizon polita" zen, bere esanetan, nahiz "eskubi aldera bezala jotzen zuen gizon" izan. Baroja ere zerbait irakurria du, "baina zeratu gabea". Saizarbitoria, Kintana eta Irigoien Altzakoaren izenak aipatu ditu, baina ez bide ditu irakurri.

        — Aresti?

        — Bai. Baita ere, baita ere. Nik ez dakit, ez dut ulertzen poesia hori, kosta egin zait, baina irakurri dut.

        Gerra aurretik, El Día egunkarian, nola ondoren, urte batzuk geroago, Zeruko Argian eta Goiz Argin, argitaratu zituen bertso sorta banaka batzuk. "Txantxangorri kantaria" nobelak ordu arte ezezaguna zen Ataño izena plazaratu zuen. Salvador Zapirain fraileak adi-adi, izkututik baina, segitu zuen liburu hark ondorio ekarri zituen komentarioak. Eta banitate poxi bat agertu du honetan.

        — Txantxangorri hori atera nuenean, batek urte guztiko euskal liburuen zerrenda ekarri zuen, eta hori ez zuen ekarri. Eta nere artean "hara, ez zaiok ongi erori honi".

        — Zer zerrenda zen, Torrealdaik egindakoa?

        — Ez, ez, ez, beste bat, akademian dagoen batek, Juan San Martinek edo, ekarri zuen, eta nere artean "ez zaik ongi erori hori".

        — Nolatan hasi unen liburu hori idazten?

        — Aita Zabalak eskatu zizkion nere anaiari aita eta osabaren bertsoak, eta orduan nik esan nion: "nik badut nere aitaren historia lege bat edo egina". "Eman", esan zidan: "hau ia nik atera dudan liburu ederrenetakoa da". Hura atera zuen eta hala elan zidan: "zuk bertsotan egiten duzu, baina ez dakit ez ote zaren hitzlauan hobea". Eta orduantxe hasi nintzen.

        — Kritikarik jaso al duzu?

        — Ez, ez, txarrik ez.

        — Txarrik ez.

        — Ez, Zeruko Argia, Argia horrek bi edo hiru bider hitzegin zuen, eta beti ondo eta gero Goiz Argik, ondo ere, Basarrik ere bai, azkenean ondoen ondoena hitz egin zuena Labaien. Honek kritika oso ona egin zuen, nere euskararena, liburarena, joskera eta guzti; esaten zuen: "es un libro muy conseguido". Diario Vasco-n egin zuen.

        Zeruko Argian, zera bota zidaten, kristau kutsuarena, Saizarbitoria harek esana, eta nere artean, kristau kutsua... orain ez dakit, baina orduko baserritarren giroa halakoa zen, han ez zen besterik eta gurean ere ez. Dena den gehien poztu ninduen kritika Labaien izan zen. Jaun honek, asko dakiena gainera, hala esan zidan: "ez dut esango nobela oso osoa denik, baina bai egia", eta gero esaten zuen: "eta baserriko berriak ondo ikasitakoa".

        Eta berak ondo idazteko daukan sekretua konfesatu digu.

        — Ez naiz aritzen hemen zer jarri, han zer kendu; datorren bezala, taka-taka taka-taka. Eta badakit aholku hori zeinek eman zidan, Don Manuel Lekuonak, Gasteizen. Esan zidan: "bai, askotan, idazten hasten garenean, alkandora plantxatuarekin hasten gara, ez du horrela behar"; zaildu egiten du horrek: nik zer jarri behar dut, hau jarriko dut.

        — Idazle sentitzen al duzu zeure burua?

        — Ez dakit ba nik, idazle edo, idazlearen nahia edo, ez dakit ba zer esan. Idazle, idazle sakon sakona ez ninteke, ez baitugu ikasi hortarako, eta nobela bat egiteko ere gauza asko jakin behar dira, bestela leku askotan huts egingo duzu. Ipuinetan ez, bakoitzak nahi dituen bezala jartzen ditu.

        Ez omen du oraino inongo alderditan izena eman. Berea Euskadiri opa dio. "Guk Euzkadi esaten dugu, baina Euskadi behar litzateke, euskara esaten dugu eta". Abertzale eta euskaltzale gauza beratzat jotzen du gaur egun, nahiz "gaur gehienak hortara joko dute. Ez dakit, ez dakit..." Eta honela zihurtatu digu.

        — Euskararena gure eskutan dago, jakina. Hemen alderdi batzuek, sozialistak eta horiek, ez dute nahi, ikusia dago. Baina besteak, besteak bai eta jende ugari da oraindik ere, nahiz EE nahiz HB nahiz PNV, jende asko dago, eta horiek nahi badute nik uste dut aurrera aterako dela, ez da erreza, eh?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.