non
Eusko Jaurlaritza euskal prentsa akatu nahiean
Josu Landa
Argia-ren izenean
Euskal Herrian bi eratako "argia"k ezagutzen ditugu. Lehenaren etorkizuna Iberdueroren esku dago zoritxarrez, eta bigarrenarena berriz Eusko Jaurlaritzaren esku, baita zoritxarrez ere azken hau jakina. Zeren eta aurreko esaldi honek graziosilo baten okurrentziaren itxura besterik ez eman arren, badago paralelismo handi bat bion artean. Lehen moetako argia denok dakizkigun arrazoinengatik Iberduero mozten ari den bitartean, badirudi Eusko Jaurlaritzak ere bigarren moetako ARGIA inprimitutakoa alegia moztu nahi duela, itotzen utzi. Eta Iberdueroren arrazoinak garbi baldin baditugu ere, ezin berdina esan Eusko Jaurlaritzarenetaz.
Norbaitek esango du konklusioetatik hasi garela, eta halakoxea izan da gure asmoa. Diskutitu ezin daitekeen gauza bakarra hauxe bait da: Eusko Jaurlaritzari ez zaio dirudienez ARGIA astekaria interesatzen, eta edozein medioz akatu egin nahi du. Azpiko helburu hau estaltzeko mila eratako arrazoinak azaldu dituzte Jaurlaritzako "teknikoek", baina arrazoin horietan demagogia besterik ez dugu arkitu azken finean.
Zergatik demagogia, galdegingo du norbaitek, eta UZEIren hiztegiek zerbaiterako balio dutelakoan, aurrera jo baino lehen irakur dezagun Politika Hiztegiak demagogiaz ematen duen definizioa: "Nahiz eta itxuraz Herriaren interesen aldeko bezala azaldu, herriari egiten zaizkion lausenguen bidez beste interes eta helburu batzu babestu edo lortu nahi direnean egiten da demagogia". Eta ondoren, gure lehen akusazioa frogatu behar dugu noski, hots, demagogia besterik ez duela egiten Jaurlaritzak euskal prentsaren asunto honetan.
Vitoria-Gasteizko teknikoek (hau da, Amatiñok, Txabarrik etabarrek) sarritanegi eta garbiegi azaldu dute Kultur Kontseilaritzak euskal prentsarekiko eramango duen jokaera, eta garbiegi esan ere (nahiz eta ahoz esandakoak izaki ezin froga perizialik eman), euskal prentsa hobe dela bere horretan hiltzen uztea, total duten kalitaterako, kakamierda bat omen, etabar, etabar. Eta egokiago omen da egunkarietan euskararen presentzia indartzea. Honekin bi aldetatik erasotzen zaigu: kalitatea eta pisu soziologikoa, batetan nahiz bestean oso behean omen gabiltza eta (eta hemendik aurrera ARGIAri buruz konkretuan mintzatuko gara).
Zaila da noski kalitatearena neurtzea, gustoak eta eritziak tartean direla, bainan dena den gauza bat dago garbi, kalitatea egunoroko lanean demostratzen da, eta horretan ahaleginduaz iraun duen bakarra ARGIA izan da, asteroko prentsan ezer egiterik badela frogatu duen bakarra. Beraz astekarien arloan kalitateaz mintzatzeko minimoak (irautea) betetzen ditugun bakarrak garenez, uste dugu begiratu handiago bat merezi dugula dirua administratzen dutenen aldetik. Pisu soziologikoarena dago bigarrenik, ez omen dugu eta, behar adineko oihartzun soziologikoa, bainan oso datu kuriosoa dago hor.
Eta gobernukoek erabiltzen duten errentabilitate soziologikoaren kontzeptua euskararen kasura aplikatzea desegokitzat ikusi arren, kalkuladora apur bat mailukatu ondoren argi asko ageri zaigu ARGIA gutxienez euskal alfabetatuen ehuneko 10tara iristen dela. Desiratuko lukete erdal aldizkariek portzentaia hori kubritzea. Halere, Amatiñok etabarrek egunkariei zuzendu nahi dizkie milioiak, presentzia fisikoa eta presentzia erreala arrisku handiaz nahasiaz.
Garbi dago beraz, subentzioak euskal aldizkariei zuzendu beharrean erdal egunkariei zuzentzerakoan, ez dagoela inongo egiazko arrazoinik. Demagogia beraz; euskararen onenarako aitzakiaz beste helburu bat iritsi nahiez: euskal prentsa bere horretan hiltzen utzi.
Eta agian justifikatuago legoke ondoko beste zirkunstantzia hau gabe. Erdal usarioko medioei proiekto berriak bultzatzearen alde ageri dicen bitartean, guk esku artean daukagunak iraun ahal izan dezan ez omen du laguntza ofizialik merezi haien ustez. Gu geu ere, proiekto berriak aurkezterakoan, ez bait ginateke makalak izango!
Bestalde, badirudi Jaurlaritzak historiaren abiapuntua 1980. urtea hartzen duela, aurreko guztia egon ez balitz bezala. Ez du gogoratu nahi, antza, zeintzu izan diren herriaren laguntza militante eta masokistaz bizirik iraun duten medio bakarrak, txapela kentzea eta errekonozimendu txiki bat merezi dutenak. Freskatu dezala apur bat memoria Amatiño jaunak, bera ere bertatik pasata bait dugu.
Bainan jakina, badago guztiaren oinarrian dagoen arrazoin bat, eta inoiz aipatzen ez dena: arrazoin politiko edo ideologikoa. Posizionamendu konkretu baten menpe omen gaude, eta ondorioz normala litzateke diru publikoa interes pribatuen alde ez inbertitzea. Bainan honetaz bizpahiru gauza gogoratu beharra daude.
Gaur egun gauza kuriosoa, euskal aldizkarietatik batere ez dago Kultur Kontseilaritzan dagoen linea ideologikoaren barne, guztiok haien dominio ideologikotik ihes egiten dugularik. Susmotan gaude bestalde susmotan soilik noski, alderantzizkoan ez ote zuten oso bestela jokatuko. Bainan halere, gauza bat gogoratu behar zaie Jaurlaritzako funtzionario tekniko horiei: ARGIAren kasu konkretuan, eta gaur egun linea ideologiko zehatz batetan kokaturik baldin badago, denboran isuriaz eta inongo zensura ideologikorik gabe hala gertatu delako izan da. ARGIAren historia guztian inori ez zaizkio ateak itxi pentsamendu konkretu batetakoa izateagatik. Amatiñok berak ongi aski daki hori, eta prest gaude hori behar den lekuan eta edozeinen aurrean demostratzeko. Nolakoa izan da, hada, ZERUKO ARGIAn eta ARGIAn egin den "diskrimazioa"? Militantziaren arauerakoa. Bakoitzak ahal izan duen neurrian egin ohi du bere lan militantea, eta batzuk besteek baino gehiago iraunaz gaurko egoerara ailegatu gara.
Beraz, eta garai batetan Amatiño, M. Atxaga, M. Ugalde etabarrekoen esku baldin bazegoen ZERUKO ARGIAren linea ideologikoa, gaur egun besteon esku dago, bainan inoiz inori ipurdian ostikorik jo gabe.
Beste alor batetatik, ez litzateke oso gizalegekoa izango, ARGIA bezalako desastre finantziero bat kontsekuentzia guztiez beren bizkar hartu dutenei horretaz gain beren ideien kontra idazteko eskatzea. Ez litzateke zilegi. Gainera, eta prentsaren oinarrian beti nolabaiteko eritzi pertsonalak daudenez gero, bide okerretik abiatuko ginateke instituzioek kontrolatutako prentsa bat eskatuko bagenu. Zeren eta Jaurlaritzak hartuko balu euskal prentsaren monopolioa, benetan zaila litzateke lortzea egiazko prentsa publiko eta nazional bat. Euskal prentsak pluralista behar du izan. Eta Jaurlaritzaren asmoak aurrera eramanez gero, linea ideologiko bekarreko prentsa finantziatuko da diru publikoaz: PNVren sektore konkretu batena.
Bien bitartean, "euskarak dirua gastatzeko ahalmena jeneratzen duela", "euskal aldizkari gehiegi daudela", "euskal prentsak autofinantziabide batetara jo behar duela" eta tamainako zorakeriak gero eta maizago entzuten ditugun bitartean, guk egia esan ez dakigu probokatu nahi gaituzten, gutaz deskojonatzen ari diren ala terrorismoaren apolojia egiten ari diren. Nola interpretatu, bada, ARGIAk urteko 18 miloitako presupostua izanik Jaurlaritzak milioi batetara iristen ez den subentzioa ematea? Ez da iristen ezta haien kontzientzia sasieuskaltzalea lasaitzera ere.
Halere, eta bide okerretik emandako pausuak hain nabariak direla ikusiaz, eta atzera jotzerik oraindik badagoelakotan, espero luze samar batetan diraugu, Eusko Jaurlaritzak prentsarekiko dituen asmoei buruzko konklusioen faltsutasuna sinetsi nahiean eta ezin. Bitartean, Jaurlaritza ere bere "prentsa publikoa" argitaratzen hasi da, eta hori hoien linea ideologiko, errentabilitate eta kalitateaz hitzegingo dugu aurrerago agian, etxekoan lotsarako eta kanpokoen pozarako.
|