Nobelaren geroaz eta nobelako hizkeraz
Joxe Azurmendi
Mikel Hz. Abaituari
Konforme nago eta ez, ez nago konforme. Erabat behintzat. Huskeriak izango dira seguruena, baina gauzatxo pare bat esango nizuke zure artikuluaren komentario modura.
1.
1. 11 Lehenengo puntua: noizpait esana baldin banaiz "joan den mendean egiten ziren narrazioak bezalakoak egin behar genituela", ez dakit zein adieratan edo textuingurutan esango nuen hori, esan. Horrela, beste gabe, tontokeria bat dirudi, egia esateko. Ezta ere ez dakit Balzac-en modura ala Flaubert-enera egin beharko ote litzatekeen itzuli hori. Ez bait zait iruditzen alternatiba horretan aurkitzen garenik. Ez dago itzulpiderik XIX. mendera, fikzioan ez bada, eta are gutxiago euskaldunok eduki ere ez daukagun XIX. mende nobelistikora.
1. 12 Askotan gertatzen da, adierazi nahi genukeena (ideia bat, susmo bat, inpresio ilun bat apika) ez dugula behar bezala adierazten. Berriro horixe gerta dakidan arriskuz ere, noizpait Saizarbitoriari esaten niona birresango dizut: teknika batzuk radikalduz, radikalduz, narrazioaren forma-purismo batez, nobela ito egin genezakeela.
Konparazio modura: nobelista bati, pentsa genezake, nobela bat idazteko experentziak posibilitate berri pila bat irekitzen diola, hurrengo nobela egin dezanerako. Nobelarik nobela, bidea zabaldu, multiplikatu egiten zaiola. Experentzia batek mila bestelako posibilitate sujeritzen du. Saizarbitoriak daraman bide asketikoan, ordea, nik uste dut, idazten duen nobela bakoitzak hurrengoa askoz zailago bihurtuko diola. Bidea geroz eta meharragoa da. Obserbazio hauek, ikusten duzunez, desarroiloari begiratzen diote, ez obra isolatu bati.
XIX. mendean osatu den nobela "klasikoak" bere elementu "klasiko" ezagun batzuk baditu, nobelarenak bezala beste gabe ikusi ohi ditugunak: pertsonaiak, ekintza edo abentura, denbora, lekua, etab. Gero, guzi horien tratamendua dago, nobelaren teknika. Eta gero, oraindik, dena lotu-lotuta badabil ere, hirugarren alderdi bat berez genezake: hizkera, propioki alderdi berezirik ez dena nobelaren barruan, dena eta edozer gauza medium honetan desarroilatzen bait da. Baina aparte kontsidera daiteke halere, estiloa eta ikusarazteko adibidez.
Horra, bada: nire ustez, oraingo euskal nobelan elementu "klasiko" haiek denak ahalik eta minimoenera reduzitu nahi izan dira ("abenturaren narrazio" tradizionala egin ordez, "narrazioaren abentura" egin behar omen zelako). Joera honetan enpeinatu gara behintzat aurreko urteotan. Konpara itzazu, esaterako, Saizarbitoriaren hiru nobelak, Egunero hasten delako, 100 Metro eta Ene Jesus. Desarroiloa nabar-nabarmen dago. Pertsonaiak ondo naturalak eta errealak ziren lehenengoan: zer geratzen da azkenekoan? Eta denbora, etc.? Inportantziarik ez dauka gertatzen dena desarroilatzeak, momentualki eta mikroskopikoki aztertzeak baino (pertsona, lekua, denbora, "ekintza"). Ez dakit ondo esaten dudan, baina espero dut ulertzen dela. Nobelarik nobela, eliminazio enpeinu ikaragarri bat ikusten duzu. Narrazio teknika batzuk bere posibilitateen mugetaraino eraman nahi direla. Forma konposaketa inflexible bat lortu. Lan haundia eta ona, nire ustez. Baina azkenean, benetan, apenas geratzen da besterik, narrazioa bera baino. Programatikoki bilatu bait da hori, horixe ez beste dena eliminatuz: narrazioaren abentura.
Eta nik ez dut hori kritikatzen, ez. Alderantziz, oso positiboa izan da. Nobelagintza bat, gainera, horrelaxe da. Da, eta hor dago, egon. Ez zait burutik pasatzen kritikatzea. Bakarrik, desarroiloari begira (eta orain batez ere euskal nobelaren desarroiloaz ari naiz, ez Saizarbitoriaren pertsonalaz), nik ez dakit bide hori laster kastatu eta bukatu egiten ez ote den, azkenean ezer ez geldituz, teknikaren presio ikaragarria izan ezik. Zirkoko "más difícil todavía", salto mortaleraino. Lepa-hezurra hautsi eta bertan zerraldo geratu arte apika. Gainera, bide horretatik Saizarbitoriak azkengabe desarroilorik posible izango balu ere, denak ez dira Saizarbitoria. Ez nioke nik inori bide zail hori aholkatuko.
1. 13 Beharbada kritikari buruz zuk zeuk eta Ramon Etxezarretak izan duzuen eztabaidako puntu batek lagun liezaguke: Kortazarri, esaten duzue, gehiegi ikusten zafo teknika. Tresna, alegia. Eta ez du tresnak, lanak edo resultaduak baino gehiago agertu behar. Ba, holako zerbait, nobelan ere: egiten den teknikaren experimentua ez dadila begien bistakoagoa izan harekin egiten dena baino.
1. 14 Baina hori dena, osokiago eta zabalago, problema horiek hain zuzen, Lasagabasterrek zinez dotore eta elegante eta garbi tratatu zituen, nik egin nezakeen baino hobeto (eta gaur bezain erraza gerta dakidala beti apaltasuna) Barojaren nobelagintza eta euskal nobelaren etorkizuna hitzaldian. JAKINen argitaratzekoa da eta orduan erreflexio serio eta dokumentatu bat izango dugu horretaz guziaz textuan jarrita. Niri asko gustatu zitzaidan, batez ere datuz eta azterketaz fínkatuta zegoelako, ETA inportantea niretzat bere ohar kritikoak erreflexio orokar batetan asumituta presentatzen zituelako, desarrollo historikoaren lerro luzeetan situatuz, datu partikularren azalpen txikira mugatu gabe, haien estudioaren gainean ordea. Izan ere, obserbazio batzuk, nik oraintxe Saizarbitoriaren nobelaz egin ditudunak esaterako, injustuak izan litezke obra partikular bati isolatuki aplikatuta: arrazoizkoak eta justuak, aldiz, desarrollo baten barruan hartzen badugu obra hura.
1. 15 Izan ere, berriro, inork oraingo euskal nobelaz hau eta hura esaten badu, betiko jeneralidadeekin aspertuta gaude eta, joera haundia dago zuk ere zure galderetan horrelaxe jokatu zenuela, esango nuke esandakoa obra konkretu batetan rigorosoki erakus dezala, froga dezala, eskatzeko. Konforme, jeneralidade hutsetan ez dago ibiltzerik. Baina eskatzerik ere ez dago judizio orokor bat, konklusio bat beraz, hitzez hitz obra konkretu batetan horrelaxe eta oso-osorik ager dadila. Obserbazio orokarrak ere probatu egin behar dira, bai, ez alaiki baieztatu bakarrik. Baina beraiei dagokien metodoz. Partikulartasunetatik abstrahituz bakarrik lortzen bait dira balorazio orokarrak.
Eta honenbestez, arazo honetatik jubilatutzat emango nuke neure burua, auzia hobeto daramana JAKINen irakurtzera gonbidatuz interesatu guziak.
2.
2. 11 Nobelako elementu klasikoak baztertu edo gutxitu ala, lehen planoan beste bi alderdiak agertu dira: teknikaren problemak eta hizkera nobelistikoaren problemak. Enpeinurik haundiena ere hortxe jarri da eta, orain artean gehiago aipatu izan dugu teknikaren arazoa gure artean. Hizkerarena, gainera, hizkuntzalarien koto pribatu bezala dago, ematen duenez, tratamendu literariorik tokatuko ez balitzaio bezala alegia.
Zuk, Mikel, Hizkuntza, hizkera eta erdera euskal narratiban artikuluaz, noizpait ere egin diozu planteamendu espreski literario bat hizkeraren arazoari. Ordua zen. Ohartxo batzuk egingo nizkizuke halere gustora.
2. 12 Besteak beste, uste dut gauza batzuk ez dagoela nahasterik eta berdintzerik. Arrietak eta Urretabizkaiak, diozun bezala, erdarazko hitzak eta esaldiak euskararekin nahasian sartzen dituzte beren relatoetan:
<sangria> "'Los paraguas de Cherburgo' pelikula egun hauetan ari dira botatzen Donostian, ez al duk ikusi?", "ez,... 'para mayores' izango duk, ez?".
Benetan errealismoa eta "hizkerarekin sintzeroa izatea" dela, iruditzen al zaizu, horren eta holakoen funtzioa (eta esplikazioa) nobela textuan? Eta El borracho burlado-ko elebitasunarena ere bai?
Hasteko, nik ez nituzke nahastuko eta berdinduko Arrieta/Urretavizcaya, munibe ilustratuaren El borracho burlado (zuk "prejuizio nazionalistarik ez zegoen"eko obra elebidun bezala ikusten duzuna) eta Malcolm Lowry alkoholikoaren pasarte ingelesa espainol hitzez zipriztinduta. Orain gehiago xehatu gabe, hirurak oso hiru kasu diferenteak iruditzen zaizkit niri.
Zure arazoa oraingo euskal nobelarena bait da, Muniberekin eta Lowryrekin zera probatu nahi izan badiguzu, alegia, jokabide hori Euskal Herrian ez dela berria (1), eta Euskal Herritik kanpora ere badagoela (2), uste dut, horrek ez zuela proba behar haundirik. Euskal Herrian, hor dauzkazu kantak, bertsolariak, etab. Euskal Herritik kanpora Malcolm Lowry aipatzen duzu eta berdin-berdin aipa zenezakeen J. Joyce eta Hemingway, eta abar, eta abar, ingeles modernoetan (baina zergatik goaz ingelesetara, gertuagoko frantzesak eta espainolak utzita, Baroja bera, agian "prejuizio nazionalistaren" batetatik ihesi ez bada?). Walter Scotten nobelaren batetan, nire gaztetako memoriak engainatzen ez banau, landskeneteek zenbait hitz espainol ederki lardaskatzen dizute beren ingelesean ("non daude las mujeras?" estiloan). Niri asko gustatzen zitzaidan beste nobela batetan, Thackereyren Banitate feria-n, alemana sartzen da eta, oker ez banago, frantzesa ere bai. Bueno, Thackerey bai, errealista da. Baina Shakespearen Windsorreko atso alaiak-en frantzesa parra-parra sartzen da, gogoratuko duzunez. Eta euskaldunon artean beste arrazoi batzuengatik ere gustora aipatzen den haren beraren Love's Labour's Lost-en, Nafarroako Errege Ferdinando baten draman alegia, sekulako latinajoak dauzkazu, Holofernesen silogismo anglo-latino arras bitxi hura esaterako. Eta Shakespeare baitan edo ez dakit, literatura ingelesean halaber, sarri esan da gure artean "high Jingo" edo "by Jingo" bat agertzen dela, juramento bat edo, euskarazko "Jinko/Jainko"tik pasa omen bait da ingelesera (euskarak ere aportatu diola gero bere zertxoa literatura unibertsalari, juramento bat besterik ez bada ere!). Bueno, holako asko. Eta, dena dela, guk euskaldunok ezin ondo ahaztuko genuke euskarazko "texto arkaiko" sonatu bat Rabelaisen Pantagruel eta Gargatua-n daukagula eta "Perutxoren kanta" bera La Celestina-ren hirugarren partean aurkitu dela. Eta abar, eta abar.
Baina zer probatzen dugu horrekin? Gauza haundirik ez, nik uste. Zuk esaten dituzunak baino beste batzuk dira, seguruenik, hor planteatzen zaizkigun problemak.
Gainera, kapitulu hau zabalagotu genezake, pertsonaien izen propioetara adibidez. Protagonisten izenak ere paper bat joka dezake nobelan, ezta? Ba, ez dakizu zein xelebrea gertatzen den Jammesen "euskal" nobela frantzesak itzulpen alemanean irakutzea, protagonisten euskal izen pollit horiekin! Eta
Barojaren protagonisten euskal izenek, leku izen euskaldunek, zenbat ondorio ateratzeko balio ote dute haren euskalduntasunari buruz esate baterako?... Eta abar, hemen ere.
Horrek probatzen duen dena, zera da: purismoak, absolutizatzen badira, horretan ere, absurduak direla, beste gauza askotan bezala. Probatzen ez duena, zuk deritzozun errealismoa eta "hizkerarekin sintzeroa izatea" da, nire ustez. Gehien-gehienetan, edo askotan behintzat, hitz edo esaldi arrotz horien funtzioa koloridoa bait da: maiz errekurtso komikoa, edo efekto estrainatzaile bat, etab. Egiterik ez dagoena, hortik printzipio bakar bat ateratzea da. Gutxiago zuk ateratzen duzun modukoa, sintzero/insintzero moduan, kasi balorazio etiko bat sujeritzen duzu eta. Oso urruti joatea da literaturan.
2. 13 Euskalkietara behintzat bai, hedatu beharra legoke arazo hau. Solas korrientean bezala nobela-textuan ere euskara eta erdara nahastu egin behar baldin baditugu (zuk ez bait duzu esaten dialogora edo monologora bakarrik mugatuko zenukeenik), euskalkiekin ezin egingo da gutxiago, nik uste. Azkenean, bada, euskara batua seguruenik euskaldun-berriei buruzko nobeletan bakarrik erabili ahal izango dugu... Errealismoaren eta "hizkerarekin sintzero izatearen" amorez.
Eta hizkerarekin sintzeroak izatearen amorez, nik ez dakit azkenean noraino heldu beharko dugun, ze, euskalkien kontu horrek ere baditu dialektologian behera busilistxo batzuk, gure idazketaren norma mintzaera korrienteak izan behar badu...
2. 14 Zuk, Mikel, hizkera Idatziaren (littera-ren) autonomiarik apenas onartzen duzula, iruditzen zait. Hau da, behintzat, zure arrazoipideetatik ateratzen dudan inpresioa eta auzia: hizkera mintzatuaren/idatziaren arteko erlazioarena/diferentziarena.
Aurrenik hau sakondu eta gehiago argitu gabe, zaila ikusten dut inorako irtenbiderik, zuk planteatzen dituzun arazoetan. Horra, beraz, planteatuta geratzen zaigun lehenengo problema: mintzatuaren eta idatziaren arteko erlazioena.
3.
Beste problema bat ere planteatzen diguzu, ordea: literaturaren eta gizartearena. Konkretukiago, purismoarena. Edo, nahiago baduzu, purismoa sostengatzen omen duten ideología eta konplejo nazionalistena.
3. 11 Orain artean, ia beti, gure auzien textuinguru konkretuengatik (baina lehen balio zezakeenak ez du derrigor orain ere balio behar), purismoa aztertu dugunean, "aranismoarekin" erlazioan egin dugu. Larramendiren eta kasuetan ere "konplejo nazional" batzuekin erlazioan jarri izan ditugu. Egia da puntu horren gure tratamenduak ia beti tono polemiko batetan eginak izan direla. Purismo konkretu, jakin batekin. Eta, polemika beharrez, oso gutxi kontsideratu dugu, purismoak historian arrazoi eta textuinguru propioki literarioak ere badituela, ez bakarrik politikoak, Frantziako, Ingalaterrako, Alemaniako literaturetan ikus daitekeenez. Ez dago dena "supernazionalismo batetara" edo "gure frustrazio nazionalista literaturarekin garbitu nahi izatera" reduzitzerik. Ez jauna. Purismoak ere denak ez dira berdinak. Zuk egiten duzun Garateren, Kintanaren judizioan eta kondenan, ni ez nago hain seguru. Mukarovskyrekin nabilenez, disertazio baten lekuan, haren textu bat emango dizut. Beharbada egunen batetan ihardungo gara luzekiago arto honetaz:
<sangria> No obstante, podemos presentar también un ejemplo directo de que la valoración estética constituye uno de los criterios principales del purismo, y de que incluso la evolución de la norma del lenguaje standard es inimaginable sin ella.
<sangria> (...) El poeta francés Remy de Gourmont publicó en el año 1899 un libro purista titulado Esthétigue de la langue française, en cuyo prólogo se dice: "La estética de la lengua francesa significa el estudio de las condiciones en las que debe desarrollarse la lengua francesa manteniendo al mismo tiempo su belleza, es decir, su pureza original. Habiendo comprobado hace muchos años que nuestra lengua se ve perjudicada por el empleo de palabras exóticas o griegas, de palabras bárbaras de todo tipo de procedencia, he llegado a la conclusión de que esos intrusos son tan feos como un matiz erróneo en un cuadro o un tono falso en una partitura musical". En este prólogo, al igual que en el libro mismo, Gourmont manifiesta su aversión principalmente contra los grecismos, las palabras más llamativas de las provenientes de otros idiomas y empleadas en francés. Como argumento contra dichas palabras no fue posible recurrir al criterio político-lingüístico, pues se trataba de adopciones provenientes de una lengua muerta. Tampoco se podía argumentar haciendo notar el peligro de destrucción de una lengua mundial y diplomática, cuya literatura se encontraba al frente de las literaturas europeas. En esas circunstancias fue la valoración estética la que se prestaba con toda evidencia a dicha argumentación (...).
<sangria> El elemento de valoración estética se encuentra pues en la propia esencia del purismo (Mukarovsky, J., Escritos de Estética y Semiótica del Arte, 1977, 322).
3. 12 Inpresioa egiten bait dit, zuk, jokabide batentzat arrazoi literarioak eta estetikoak ikusten dituzula, bestearentzat, aldiz, politikoak bakarrik (extraliterarioak). Eta hori ez zait bidezkoa iruditzen. "Purismoa" (horko hori: Kintanarena, Garaterena), gure gustuen eta preferentzia estetikoen araberakoa izango da, edo ez da izango, baina egon, bi jokabideentzat daude arrazoi estetiko eta literarioak.
(Gainera, "purismo" hau eta beste "txadon", "gotzon" purismo hura, ez lirateke inolaz berdindu edo nahastu behar).
3. 13 Bueno, hainbeste gorabehera ondoren, arazo honetan nire tesia zein den, galdatuko didazu. Tesi bat, sentitzen dut, ez daukat. Niri Arrietarena, edo Urretavizcayarena, ondo iruditzen zait; eta Kintanarena, Garaterena, ez zait gaizki iruditzen. Uste dut, segun zein, segun zer, Autore baten narraera nolakoa den (ez erdal hitz edo fraseen punttu horrexetan hain zuzen), etab., diferente dela. Autore bakoitzak bere modua dizu, bere estiloa, Buffonen adiera zabalean, eta "estilo" horren reflejoa izaten da gero erdal hitzekin Autore bakoitzak egiten duena ere. Horregatik, seguruenik Arrietaren jokabidea Kintanaren estiloan pegote bat gertatuko litzateke; eta berdin, Kintanaren jokabidea zarrastada bat Arrietaren textuan. Ez dakit. Absurdua, bere estiloak besterik eskatu eta halere, kontsiderazio patriotikoengatik edo, purista jarraitzea, izango litzateke. Baina estiloak besterik eskatu eta, ez dakit zein errealismogatik edo doktrinagatik, erdara bilatzea ere, ez litzateke gutxiago absurdu.
Ikusten duzu, erabaki salomoniko pobre honetara baino ez naiz iristen. Oso zeuk eman duzunaren antzekoa da, ordea, zurearen zentzu kontrariora bultatzen badizut ere: "Askotan autore batzuk uste dute euskara bat bakarra dagoela, edo erabili daitekeela, hizkuntza literario bakar bat literaturaren barruan, eta hori ez da posible inolaz ere". Horixe diot nik ere.
4.
Baina ondo, oso ondo. Erreflexio bat hasi duzue behintzat problema konkretu batzuen inguruan, egiazko problemen inguruan. Hasi beharra bait zegoen jeneralidade borobil bezain hutsak eta ezertarako gabeak uzten.
Euskal literaturaren oraingo egoeraz hitzegiten hasi eta, "eske kritikarik ez dago", "eske laostia esanez gero literatura eginda dagoela uste dute gaxte tximu horiek", "poesia beti ere gehiago (!!) egiten da prosa baino" (enteratu nahi ez duena, ez da sekula enteratuko) eta erreflexio gehiago gabe, holako sinplekeriekin eta titulu solemne eder batekin, hemen urteak eta urteak lasai-lasai betetzen dira, mahain-inguru txit finak antolatzen dira, la flor y nada, hitzaldi guziz ilustreak ematen eta birrematen dira, eta ez da ezer pasatzen. Urteak joan, urteak etorri, batzuen repertorioa 1970 inguruko obserbazio batzuekin hasi eta bukatzen da oraindik, baina horiek dira gure irakasleak. Horretarakoxe pagatuak, gainera. Bidean harrapatuko zaituen egunoroko manifestaldiaren beldurra gaindituz, gauari orduak kenduz, joaten zara, usterik hoberenean eta ikasi minez, hemengo diru instituzioak prestijiatzen omen dituzten aste kultural horietara, euskal kultura subentzionatzen duten diru instituzio horietako baten areto goxora, eta maisuen maisurari orain bi, hiru, lau edo zortzi, hamar urte duelako topiko berberak entzunda etorriko zara etxera. Hurrengora arte. Jainkoek, olinpoan, ez daukate zergatik enteratu. Gaxte xoro batzuek prosa berriztatzeko egiten ari diren ahaleginak baloratzen zertako denbora galdu, ez, jainkoek ez. Horiena Jupiterren tximistaz eta oinaztarriz alde guzietara kupida gabe erasotzea da, goi-goitik behe nekagarrira, euskal kulturako peoiak, hau zigortu, bestea iraindu, hirugarrenari burla egin, hurrengoaren lanak eta projektuak ridikuloan jarri, hankapetik paseaz denak, egiaz miserablea bait da gizaki mortalen jeneroa. Eta biolentziaren herri honetan bertan, hainbeste inola justifika ezinezko biolentzia berbalekin, ez dakizu tristuraz ala amorrazioz negar egin. Ze, haserretzeko eskubidea ere, zuk ez, beraiek bakarrik bait dute. Zuk ez daukazu haserretzerik ere. Agoanta eta segi aurrera. Nazka-nazka eginda, dena uztea eta alde egitea erabakitzen ez baduzu behintzat.
Zuk eta Etxezarretak kritikari buruz hasi duzuen eztabaida, hein honetan, mila aldiz positiboagoa da, gure belarrietan magisterialki tono franko garratz artean, mila aldiz errepikaturiko "kritikarik ez dago" topikoak baino. Zuek, behintzat, ea zer dagoen eta dagoena zer den, planteatu duzue, izen propioekin eta kasu konkretuekin. Eta kuriosoa, batentzat kritika inpresionista gehiegi dago, bestearentzat gehiegi dagoena kritika zientifikoa da: dena dela, deus egon soil-soilik ezezen, bi modutako gehiegi ere horra non daukagun kritika, orain bapatean, euskaraz! Halere ziur samar nago, ezetz, ez dagoela, entzuten jarraitu beharko dugula sekulorum sekulotan, horretantxe enpeinatzeko arrazoi misteriotsuren bat ezkutatzen digutenen aldetik. (Beharbada lehenago bai, lehenago zein kritiko bikaina zeuden euskaraz, ikas dezagun arte, jakiteko eta esker onik erakusteko arrazoirik baduen norbaitek noizean behin gogoratzen digun moduan). Eta euskal literaturaren egungo miseria guziak esplikatuta egongo dira kritikarik ezarekin. Eternitate guzian behialako kritiko bikainen nostalgiaz jarraitu beharko dugu.
Zein lagunarte zoragarria, gurea!
5.
Zuen Oh! Euzkadi horretatik espero duguna horixe bait da: erreflexio kritiko eta serio bat, konkretua, gaurkoa, ez atzokoa edo herenegungoa, ez jeneralidade hutsak, euskal literaturaren problemei buruz. Eta ozpin gabe, mesedez.
Egia esan, ari zarete. Pozgarria da. Oso pozgarria, baita, esan dudan eran, Lasagabasterren azkeneko hitzaldian ikusi genuen erreflexio maila: sereno, garbi. Azken aldian gehien kezkatzen duena prosa, eta bereziki nobela, izaki, aportazio eder bat, dudarik gabe, hemen eskoletan adina literaturzaleen zirkuluetan planteatuta dabilen arazo horretan. Ari da sortzen erreflexioa gure literaturaren inguruan. Jende berriari, eta gazteoi, eskerrak hain zuzen. Mitxelenaren interbentzioak, aldiz, hemen Donostian, irratikoa nahiz hitzaldikoa, franko pobreak iruditu zitzaizkidan. Sua bai, baina behialako argia gabe kriterioetan eta analisian.
|