Bilboko alkateak (Jon Castañares, PNV) harako hartan ipuin bat erretzera eman zuela eta, arbuiozko oldar gogor bat (ez hainbestekoa ere, egia esan) sortu zen. Hasieran isil eta burumakur zirudien P.N.V. ollartu egin zen ostera, eta lerratze hura zuritzeari ekin zion bortizki (Deian, batez ere. Arbuioa polemika zen bilakatu. Polemika honek Eusko Legebiltzarreraino jo du, Parlamento Baskongadoraino. Azaroaren hemeretzian eztabaida interesgarri bat bertan eta honetaz. Juan Infante jaunak (PCE-EPK) eta Javier Olaberri jaunak (EE) "euskaldunontzat lotsagarria" bezala iritzi zioten erreketari. Etxenike Hezkuntz-Kontseilari jaunak (PNV) deitoratu egin zuen erreketa eta "debekatu" eta "promozionatu" aditzen arteko bereizkuntza egin zuen, diru publikoak ezin dituela zenbait gauza promozionatu alegia. Olaberri jaunak berriz ea diru publikoak "minoriaren ideiak (sic) promoziona eta zabal ez ditzakeen". Etxenikeren jazarra: bera eta bere Gobernua ez daude promozio kultural minoritarioen aurka, baina promozionatzerakoan muga jakin batzuk ezarri behar dira, eta zorioneko ipuinaren zenbait zati aipatu zituen, "euskal populuaren gehiengoari ofendigarriak dakizkionak". Olaberri jaunak ez etsitzen ordea, eta PNV intolerante hutsa dela. Kontuz, dio orduan Etxenike Kontseilari jaunak, "nik beti esan ohi dut herri honen problemetako bat intolerantzia dela (sic), baina guztiona, ez aipa beraz PNVrena bakarrik". Eta ondoren, adibide gisa, Donostian Gobernuko partaideei harrika eman zitzaiela gogora erazi zuen, eta harrikalariak EEtik gertuago zeudela PNVtik baino. Hori ez da horrela, esan nahi izan zuen Olaberri jaunak, eta HBri buruzko aipamen bat egin nahi zuenean Pujana Presidente jaunak (PNV) azkena eman zion saioari eta ahoa bete hitz utzi Olaberri jauna. En fin, PNVk eta EEk bat etorri behar izan zutela honetan ere, eta Bilboko alkateak (Jon Castañares, PNV) ipuin bat erretzera eman baldin bazuen HBko hoiek intolerante nazkagarri batzuk besterik ez direlako eman zuela. Hala, burkideek beren tolerantzia (boterearen eskuzabaltasun hipokrita) eta burudunek beren dialektika (oposizioaren parlantzu koldarra) salbatu zituzten. Erraz egiten da bakea ahuntzaren buruan.
|