L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-13 (1981-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Faxista-k arrapostu

 

Karlos Santisteban

 

Egia esan, eta gezurra esan ere, ez dakit ongi nondik hasi-nola hasi Joxean Muñozek egin duen "Etiketak salgai" delako artikulu majuari erantzunez. Erantzun ere ez baitut nahi, komentatu edo baizik.

        Ondoxe gogoratzen naiz ni nola Joxean-ek aipatu duen nire artikulutxoa argitara zenean nire ikasleok (euskara-ikasleok) ziostaten: "Baina nola da hori? Zergatik faxista izan? Nire ustez euskara ez da inposatu behar, ez nago ados...". Nik, oraindixe traketsak zirela euskara menperatzen, ulertzen, eta txarkiro interpretatu zutela nire idatzia eritzi nion, ondoren momentuan momentuzko azalpenak ematen hasteko. Dena dela, susmoharturik geratu zitzaizkidan, bai. Orain uste okerra nuela konturatzen naiz. Arazoa ez zen txarto nahiz ondo konprenitzea, baizik eta beste. Orduan, hasteko, neure ikuspuntua, zer esan gura nuen adieraziko dut.

        Besteren artean esan nuen: "ez letorkiguke txarto pixkatto geure buruak faxistatzea eta euskara ikurrintzat hartzea". Eta oraindik orain nere hartantxe nago. Galtzarbeko usain kiratsua-kirakorra, ekidin ezinda ere.

        Ene aburuz euskaldunok (euskaldunok denok garelakoan gaude) etorkorregiak gara geure hizkuntzarekin eta askozaz arduratsuago ibili beharko genuke. Denok dakikegu herri euskaldun, erdieuskaldun edo "aldizkazko euskaldun" askotan benetako arazo larriak sortzen direna gutxiengo bategatik. Talde batetan zortzi euskaldun eta bi erdaldun: aixe arituko dira erderaz, bestela hor dautza zifrak, baina hori ikusi ahal izateko ez dago itsu izan beharrik, argikusleek ere ikus zezaketen. Erdaldun horiekiko errespetua edo errespetuondoa dela-ta, laguntasuna laguntasun: erdaraz. Alderantziz, zoriezintxarragoz, ez da apenas gertatzen. Zer gertatzen da Lekeition, Bermeon, Ondarrun, Zarautzen, Orion eta honelakoxe herriotan udan, udatiarrak datozelarik? Erdara inondik ere nagusi.

        Donostiako alde zaharreko delako janaridenda batetako dendariak euskaraz jakingo du ala ez? Donostia alde berezia da, ez da Bilbo bezalakoa ez eta Azpeiti legezkoa ere. Badaezpada erdaraz egingo dut, ziur baietz ulertu. Bilbon nago "Lankide Aurrezki Kutxan", jakingo dute hemen euskaraz?, Bilbon euskara kasik ez da erabiltzen. Badaezpada erdaraz ekingo diot horri...

        Adibide aluak eta funtsgabekoak eritz diezaieke norbaitek, baina ene kautan ziñetako problema arantzatsu baten adierazgarririk ba dirade.

        Egoera diglosikoan jarraitzen dugu, mass media ia guztiak erdaraz aritzen zaizkigularik; (eta Tejeroren telebistazko saioa hainbeste eta hainbestetan erdaraz entzutean eta ikustean —baina, "ikus" daiteke "erdaraz", edo euskaraz edo "edozeineraz"?— begirazue zenbat kalte egiten dieten euskaldun belarrioi...); euskal prentsa betitsu bezaintsu txarki edo ta herrentsuago dabil; triunfalismo masokista ere nabarmentzen da anitzengan...

        Zer egin egoera honetan? Nik ez dut zinetan pentsatzen geure buruak faxistatzea behar dugunik, ez eta tartekorik farrera jarraitu edo bestela likidazionismoa dezagunik, ez.

        Pilota errebotean hartuz eta nolabaitxo bueltatuz ere, uste dut nik ez garela tremendistak ez hain trinkoak —aldagaitzak izan behar izendapen— buruizendapen kontuekin. "Izenak baino gehiago izanak erraten du". Nik, txikitan, txit txipiño nintzelarik, ortodoxoa izan nahi nuen, txoriak txoritiarra izan behar zuen ezinbestez, ezin gizatiarra izan. Baina, nire kontra, katoliko alproja bataiatu ninduten, eta deabruak erakutsi dit zeinen xalua den oro.

        Niri, besterik gabe, faxista esan baliezadate, txolarte onean banengo, agian erantzungo nuke. Aldiz, ez zait bost ezta batto ere axola euskararen alde indarra egitearren "faxista" izena leporatzen badiezadate.

        Nire taldearengandik hurbil euskara ikasten ari den talde batetan, zera egin dute: zenbait ordutan erdaraz hitz egitea galeraztea, progresibokiro orduak gehituz arik eta egunoroko ordu orotan euskaraz egin arte. Hau faxismoa ala didaktismoagatiko beharra? Pedagogikoa bai?, ez?

        Guzti argi daukat (uste dut) zer den faxismoa eta zer ez. (Guztiarekin ere eremu labainkorxea dateke, ikus bestela zer gertatu zen behingo batez Euskaltzaindiko bilera batetan "faxismoa" zela eta ez zela. Hain zuzen ere izenarekin ere ez zetozen bat euskaltzain jaunek: "Faxista", "faszista"...). Euskal Herrian —eta espainiar estatuan— faxismoa dugu orain? Francoren denboran klarki esaten zen baietz, orain gauzak ez dagozke horrexen argi, pintura demokratikoak biziki ederresten eta engainatzen du-ta... Noski, presoek eta guk ikuspuntu ezberdinak izango bide ditugu. Otsailaren 23an seguruenik Tejero jaunak eta nik ez genuen eguna begi berdiñez ikusi, nik hain zuzen ere Valenciako koartel batetako kalabozotik bizi behar izan bainuen momentua. Faxista hitza zebilen nire garunean? Ez dakit? (Argi gera bedi, arren, ez nabilela neure burua justifikatu nahiean).

        Erdaraz egitea, jakina, ez da inolaz ere "berez" "borroka" uztea (konfesatu behar dut —ai ene!— maiz-maiz darabildala erdara). Erdaraz hitz egiten borrokatu ahal da. Baina ahal eta gehienik euskaraz eginez saiatzea ez al da borroka pixkat egitea? Gaztelania mintzatzaileek, gaztelaniaz egiteagatik ez dute ezelakoze oztoporik barrikadarik ederrenak muntatzeko. Ongi. Baina ez horregatik barrikadajartzaile guztiek daramate iraultzaile praxia (kontzeptu eztabaidagarri berri bat porrusaltsan?) arlo guztietan.

        Urte luzexkak euskara "ikasten" daraman dozenaka lagun ezagutzen dut. Oso iraultzaileak, bai, bainan euskara... geroago. Edo, "Uff, hori bai zaila, nik ez dut inoiz ikasiko" esango dizute trankil. Aitzakia merkeegiak.

        Ni ere, zehazki-mehazki mintzoz, ez naiz sentitzen kapaz edonon euskararen ikurrindun izateko, baina hala ere ahal eta gehienetan, ahal eta noiznahien erabiltzeko bai. Nire ikurriña ere hirukoloreduna da, ezpairik gabe, alabaina hiru kolore horiek bat besterik ez dira (denok jakina), kolore guztiak batetan batzen dira. Niretzako euskara kolore berorien artean dago, besteak bezain difunimatua edo dixtiragarria... Ikurrin berberorrexen koloreak dira enetzat zuria, berdea, gorria, euskara, gudari hilak, gartzelaperatuak, Lemoiz kontrako burruka, euskal kulturaren aldeko burruka, txakoliña, Bilboko itsasadar lohia...

        Bai, "koadrilako batek andreagaia egin duela kotileatzean kotileatu egiten dugu eta ez gerrila urbanoa", baina, kotileatu euskaraz ala erdaraz?; gerrila urbanoa euskaraz ala erdaraz?; hortxe baitago, nik uste, koxkaren koxka.

        Etsaia nor den, non dugun, errax ikus daiteke. Nik etsaiarekin ez dut ezertxo jakin nahi. Etsaiak berdin jarraituko etsai euskaraz nahiz erdaraz hitz egiteagatik. Arazoa geuretarron artekoa da ez kanpotarrena.

        Azkenez, eta ez luzatzearren, diodan ene uste apaltxoaz hizkuntzak ez gaituela soilik solaskide egiten, baizik eta, askotan bai behintzat, senide ere bai. Eta "senide" izateko ez da beharrezko solasaldirik. Euskaldun guztiok, nolabaiteko "senideak" gara, euskaragabedunak baino senideago bederen.

        Ezpata ere izan daiteke ezpata askotan. (Epaiketa askotan erabili dute ezpata modura gure gudariek) Erabil dezagun ezpata bada!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.