L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<euzk1501>— Oh! Euzkadi-14 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

<sangria>        "Ez dut Euskal Herrian Mitxelena beste maisurik ezagutzen, eta nire egiteko bakarra, hemen eta orain, harekin elkar-lanean aritzea da. Gero gerokoak, baina kostako zait Euskal Herrian irautea. Euskararen aldeko ahalegina ezingo dut bizi guztian bazter batera utzi. Hortik aparte iker-lana gustatu egiten zait. Eta besterik ez. Eta besterik ez duenak hobe bete ditzake, beharbada, bi alde horiek hemendik apur bat urruti. Adibide bat jartzeko, ziur nago Mitxelena bera Salamancan gelditu izan balitz, bai bera pertsonalki (hori dudarik gabe) eta baita, bere lana dela eta, euskaldungoa ere, irabazian ateratzen zirela". (Ibon Sarasola: Tinajera muerta vacuando carpeta. DEIA, viernes, 22 de enero de 1982)

 

Ez da hanka egiteko garaia. Fitxei berdintsu zaiek mahain-kamila gainean eguzkiak Fray Luis de Leónen estatuan errebotatuz darion epeltasunean egotea edo Portueneko gainetik behera Ondarretaruntz irriztatzen dena jasotzea. Bost axola fitxei paisajea, eta gainera leku guztietan zegok hautsa, eta hondatu, horretxek hondatzen dizkik fitxak. Baina zer esango diagu ba fitxetaz honez gero hik ez dakianik edo Mitxelenari konsulta ez diezaiokeanik.

        Guk zera esan nahi diagu, garai bana dagoela gauza bakoitzeko, eta orain ez dela aldegitekoa. Lehen, guk hogeitsu urte eta hik ez asko gehiago genituenean, ona huen joatea, Transeuropeoa ez zela nobelatako asmakizuna jakiteko, inbentorik izatekotan Urolako talgiloa, Amsterdamen —malgré Brel— ia marinelik ez zegoela konstatatzeko edo Pariseko auzo latinoan Sartreren itzala isurbideetatik kolatzen zela eta Pigallen —Paris at Night— Norteko estazioan bezala txano koloredunekin erloju japonesak saltzen zituztela marrokiarrek.

        Gazteek ikasi ditek eta iadanik Indiara ere ez dituk joaten, apenas joaten den orain ileapaintzaile edo dekoradoreren bat, berandu eta gaizki liberatutako emakumearen bat, hi alferez probisionala hintzen denborakoa, eta Caja Laboraleko sarituak. Katu gaztearen ipuina: beste bi ikusten dizkik, zaharragoak. "Nora zoazte?" eta "larru jotzera". "Hori zer da?" eta besteek berriz "hator gurekin eta ikusiko duk". Joaten dituk plazara, eta iturriaren pare hortan hemendik harakoxeko zakurtzarra inguratzen zaiela. Ihesari ematen ziotek iturriari bueltaka orpoetan zakurra dihoakiela zaunka, buelta eta buelta, katu zaharrak leher gaizto eginda. Gaztea aspertzen duk halako batetan, eta non esaten dien besteei: "ni nekatu nauk bai, eta pare bat buelta gehiago jota baniak etxera".

        Egia esan ez dik gure platikarekin zer ikusi handirik, baina hire tinajera muerta vacuando carpetak ere ez zian asko luzitzen heurean. Pasada bat, aldizkari kolekziora egiten duala ez dakitenek goizeko ensaimadarekin EGIN edo DEIAren ordez FONTES eta prentsa txikanoa irakurtzen duala pentsa dezaten.

        Enfin, nolabait esateko, urak bide egin duela, eta ez gaudela zakurraren aurretik korrika egiteko sasoian. Pentsa ezak sasoiko daudenek ere —han duk bokazio pedagogikoa ezin erreprimatua: aiba moraleja— ez diotela jardunari gustorik hartzen.

        Bestalde kanpoaldean ikerketa lanerako pake handiagoa izatearena ere ez duk egia borobila, eta hala balitz ere paraje hauetan biziz lortu ohi den perspektiba hobeago batekin konpentsatuko litzateke delako abantaila hori. Hik heuk duan perspektiba horrekin hain zuzen, eta Europan eta hor zehar ibilitako askok galdu dutena ("Urola"ri erretzaile-bagoia jarri nahi liotekenak eta etxagintza teilatutik hasten dela uste duten hoiek). Zeren hemen ondoan gaiari buruz esandakoa berresan gabe hi baihaiz UZEI-Mitxelena polemikaren inguruan zentzuzko zerbait esan duen bakarra: buztinezko oinarria etab., lehentasun ordenarena etc.

        Kostu-irabazia analisia beharrezkoa zaiguk, bistan da, askok ikusi nahi ez badu ere, eta horrelako analisia egin ondoren, intuitiboki, hori ere bai, zera deduzitzen diagu, beharrezkoa haizela bertan. Kanpoan bizi direnak dituk kazetetako iritzi orriak eta cartas al director atalak betetzen dituztenak. Han bizi baitira, baina batez ere hemen, eta modu distorsionatu, eskizo batetan. Eta esan bezala, fitxak edozein armariotan kabitzen dituk.

        Inportanteena guretzat hire gorputz serranoa Garibai barrena ikustea duk, Marujarenean hirekin topo egitea, nola gogoratuko diagu bestela nobela horrek ezin duela aurtengotik pasa argitaratu gabe, galdu egingo diagu bestela adreiluak non jartzearen zentzua, eta berdin gelditzen gaituk etxean edo Los Angelesen edo Salamancan, lekua bost axoka, gauza garrantzitsuak zeintzuk diren ausnartzeko zentzurik gabe. Bazekiagu alferrikakoa dela gure jarduna eta egìa gertatuko dela, helas, Aita Onaindiaren letrarekin Los Panchosek kantatzen zuten hura:

                Se muy bien que te vas y sufro tanto

                sólo me dejarás por otro amor

                pero qué voy a hacer si así lo quieres

                sacrifico mi amor / te dejaré partir / con tu nueva ilusión...

                Sólo me dejas / sólo muy sólo

                sé que no volverás / nunca jamás.

        Ez iezaiok kasu handirik egin L.M.ri, saldabera bat duk. Ongi zegok bera Salamancan zegoelakoa batzokietako erriertak agoantatu beharrean, ze humore gutxi eta letxe gaizto ugari hoiek (Uxolarena, demasa: "decepcionaste a muchos compañeros gudaris"). Ez, ez dute errukirik, eta giro honetan tortilak modu onean jateak ez zekiagu noraino konpensatuko duen. Tertulia martxosoagoak seguru asko, Castells zaharrarekin montatzen dituenak: txanpainak sagardoari hartzen dion abantaila.

        Dena dela ez duk horrenbestetarainokoa, egin dioten tobera jotzea, harro asko egongo ginateke gu geure esanak pareko arrakastarik balu, Amatiñoren txaketarekin sartu eta erantzun aztarrenik ere ez.

        Konprenitu eta konprenitzen diagu guk, noizbait gosea, zorriak, beldurra eta tabako-eskasia konpartitu zituenekiko solidaritatea, bazioagu geuk ere halako jaidura bat harako kapilari, komekatzerakoan Maria Teresari belaun atzeetan egiten zitzaizkion zulotxoak baitakarzkigu gogora, baina konprenitu behar kule L.M.k ere, politika eta despolitika guztion erresponsablea den Alderdikoa izanik hain zuzen, askori onik ez egitea autokritika apur bat —edo gogo azterketa, nahiago baldin badu— praktikatu gabe auzo jorran hasteak.

        Konprenitu beharko luke funtsean berarekin gaudela, bere garaiean ere esan baikenuen, besteak beste: "Gure problema zein da? Fisika euskaraz irakatsi ezina ala irakatsi ezina? Euskal unibertsitaterik ezarena ala euskal EGBrik ezarena? (...) Une honetan gureak horiek ez beste bide batzuk hartu behar ditu. Hizkuntzaren normalizazioa, eta honek isilkako lana, zakurjornala, eta nekea eskatzen ditu, eta ez da noski zenbait lan bezain dotore, eta ez du kanporako itxurarik. Baina han eginez bakarrik hartuko ditu hizkuntzak behar dituen garrotea eta abiada, eta erabiliaren poderioz hizkuntzak berak sortuko ditu fisika eta antzeko hiztegiak, baina ez dagoen tokitik hiztegi inbentatzen hasten baldin bagara, pentsa euskal hiztegien fenomenoa Mondragoeko kooperatibena baino jenuinoagoa eta bereziagoa izango dugula, mintzaile baino hiztegi gehiago izango dugun bezala" Fisika Hiztegia eta Ramuntxo konplejoa, OH! EUZKADI, 1. alea 1980ko apirilean!!!).

        Inork ez zigun jaramonik egin eta horrela gaude orain gauden gisan. Eta ezetz oraingoan ere. Dena den geure ikuspegitik arazoa ezin argiago zegok zeren batzuk Astronomia Grabitazionalaren hiztegiarekin egiten badigute mehatxu —horreur— besteek Vacaciones en el mar telefilma agintzen zigutek telebistatik —Jainkoari ailiotsa inoiz lor ez dezaten— eta hik esango didak zer den okerrago. Eskolan azkena maricón esaten genian eta ihesari ematen.

        Guk ere serio jertzea erabaki diagu, eta inbestigazioari ekin zioagu. Lokuzioena abiso bat besterik ez duk. Besteak beste, hirea bezalako gorputzei Donostian "hori duk fragata" esaten zaiela jakin diagu, eta te mueves mejor que las olas horretara iristen ez bada ere bada zerbait. Enfin Ibon, ontzi gerrari hori, inbestiga ezak gurekin, iker gaitzak luze laburrean hemen bertan, hementxe Ibon.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.