Ahozko euskarari buruz zenbait ohar
Gotzon Egia
Saussurek zeinu linguistikoaren izaera esplikatzeko erabilitako paper orriaren adibidea semantikara eramanez gero, hizkuntzaren ulergarritasuna ere berezi ezinezko bi planoren mende dago: mezua eta hotsa. Mezua ez da deus soinuen gorputza kentzen bazaio,eta beraz mezuaren ulergarritasuna soinuen kateatze perfektoan datza, oso neurri handian behintzat. Horrela, hizkuntza batetan hots estrainuz jantzitako esaldia, sintaxia eta semantikaz zuzen josita ere, esaldi estrainua gertatuko da, inperfektoa eta ulergaitza hizkuntza horretako hiztun arruntarentzat.
Euskararen menpekotasun diglosikoan, hizkuntza ikasteko guraso-seme-alaben kanale espontaneoa gero eta laburtzenago doa, eta zabaltzenago ordea eskola eta komunikabideen trasmisiorako bide programatua. Lehen, euskara etxetik zetorren euskaldunberriak minoria intrepidoa zirelarik; orain, eskolan ikasten da euskara, eta euskaldun berriak gehiengo dira hiri handi guztietan. Gerora, prozesu hau derrigorrezkoa izango dela dirudi. Horregatik, hizkuntzaren zabalkunde eta ikaspidea garantizatzeko ardura konkretua daukatenek, hala nola maisu-maistrek eta irrati-telebistako lokutoreek, oso gogoan eduki beharko lituzkete hizkuntzaren alderdi fonikoak, ahozkerak alegia, daukan garrantzia.
Mitxelenak ziona gogoratuz "...el respeto a la letra escrita domina hasta los lingüistas, a pesar de que una larga experiencia les ha enseñado a no sacar las letras del reducido campo que les corresponde". Izan ere, kultura kapitalistak baztertu egiten ditu idatzirik ez dauden hitzak (legea ere idatzirik dago); ahozko hizkuntza mintzatu eta aditzea eginkizun rutinario eta aseptikoa bilakatu da, bere ohizko balio magikoak soil galduz.
Euskara ere harrapatu du izurriteak, eta gaur egun bere historia osoan ezagutu ez duen eragin kutsakorra dauka hizkuntza idatziak. Euskara batua, eredu literario eta idatzia den heinean, hizkuntzaren irakaskuntzara, hezkuntza osora eta komunikabideen idatzizko nola ahozko ihardunetara aplikatu behar izan da. Jakina, euskarak berez defentsa kaskarra dauka letra idatziaren zurrunbilo honen kontra, normalizazio ezaren ezaugarnen arteko bat, hain zuzen ere, gizarteak orobat onartzen duen mintzaera tipifikatu eta estandarizatua ez izatea baita.
Euskara batua, sortzez eta helburuz, idaztekoa da, eta euskalkiak bernz idatziak izan badira ere, kanale espontaneoetatik iraunbidea izan duten ahozko mintzaerak. Halabaina, nork bere hesparrua betetzen duen eran, gezurrezkoa da euskara batua / euskalkiak kontrajartze hori. Batetik, hizkuntza inoiz normalizatuko balitz, euskara batua euskalki ofizial eta estandarra bihurtuko litzateke besterik gabe, gainerakoen izatea ukatu gabe noski. Eta bestetik, normalizazioak berak eskatuko lioke euskara batuari ahozko mintzaera (hots, euskalki) bihurtzeko moldaketa.
Nolanahi ere, arazo honek ez du soilik ikutzen 1968an Euskaltzaindiak erabakitako bidea. Zalantza handiegirik gabe esan liteke euskara batuaz kanpo idatzitako euskerak ere besteak adina ahaztuta dauzkala ahozko hizkeraren erreferentziak oro. Euskalkiz idazten diren gauzarik bakarrenetakoak Auspoak argitaratzen dituenak dira; harritzekoa ere ez da, bertsolaritza baita euskaldunok dugun mintzamenaren gordeleku bakarra.
Letra inprimatuaren eraginik handiena, beraz, hizkuntzaren izaera foniko berezia bereganatu eta aldaeraztea da. Hitzak esan egin beharrean, irakurri egiten dira maiz. Idatzitakoa ahoz interpretatu ordez, letrek zabaltzen bere aginte estua. Hauxe da, zoritxarrez, euskaldun berri gehienei, ikastoletako haur guztiei eta euskaldun zahar askori ere gertatzen zaiona. Guztiok jaso ahal izaten duten hizkuntz eredua, izan ere, idatzian baitago oinarrituta (metodoak, testu liburuak, aldizkariak). Gurean ere, aitortu beharra daukagu ahozko hizkera den bezala traskribatzen den guztietan, ondorio parregarri edota akusatzaileak lortzeko egin izan dela.
Irakasleek ere, ba dute zer esanik noski arazo honetan. Euskara ikasi nahi duen helduak, eskolako haur erdaldunak ez du hobeki ulertuko polikiegi eta zehatz-mehatz idatzita dagoen bezala errepikatzen bazaizkio esaldi guztiak, eta gainera mintzamolde oker eta desbideratuak ikasiko ditu. Azkenerako, euskaraz orain arte sekula entzun ez den hotz-kateatze era berria ari zaigu sortzen.
"Hizkuntzaren egitura gramatikala ezin da irakatsi hitzak baliatu gabe, ez eta hauen hotsak bazterrean utziz ere" diote Saville eta Troike-k. "...ahozkerak diskurtsoaren abiada arrunta jarraitu behar du (...). Honek berdin balio du hotsak nahiz elementu prosodikoak irakasteko, azken hauek garrantzi haundikoak baitira ahozko hizkuntzaren adierazpen zuzena lortu ahal izateko" berriz Renzo Titone-k. Hizkuntza berriak jabetzeko prozesuan, elebitasunaren teoriko guztien arabera, ulermen-mintzamenak behar du lehendabiziko lekua, hizkuntza idatziaren irakasketa gerorako utziz. Entzun-esanez ikastez gero, ordea, ahozko ihardunaren ezaugarri guztiak behar dira zaindu, eta hauen artean ezaugarri gramatikalak dira hain zuzen balio inplizitoa besterik ez daukatenak.
Gaur egun, haur ikastolaratu guztiek aho batez diote "ez da etorri", "ezta etorri" ohizkoaren ordez. Idatziaren poderioz, euskaldun berriek "ikusiz gero" (sic), "ikusi (e)zkero" arruntaren lekuan. Gero eta galtzenago dira "enaiz", "enaute" eta kidekoak; gero eta normalago, berriz, "ezait", "ezarete". Maizegi entzuten da "zeresan du?", erdal -r- leun bakar hortaz. Gure gurasoen hizkerak derrigorrezkoak zeuzkan "umia", "baserriya", "emengua" ez ditugu ia entzuten jadanik. Era honetara, hitzak bakarka ahozkatzen dituzte euskaldun inperfekto guztiok, berez ahozkoari dagokion etengabeko kateatze jarraitua erabat suntsituz.
Azentuari buruz, ba dakigu zaila dela mintzatzea maila teorikoan, baina nork bere hizkuntza propioan esamolde oker eta zuzenak intuitiboki hautatzeko duen ahalmen horrek esaten digu sarritan entzuten diren azentu batzuk ezinezkoak direla. Arlo honetan, inon baino hobeki, nabarmentzen da euskaldun berriengan mintzamena xuxen finkatuko lukeen eredu argi bat ez eskeiniak zer-nolako menpekotasuna dakarren, gaztelerazko erritmo eta periodo guzti-guztiak aplikatu beharra baitaukete besterik ezean.
Irakasleak ohituta daude jadanik "neretxéa" entzuten, multzo bakarrean eta azentu bakarrez, gaztelerazko "micása" bezalaxe, llana eginez. Gainerakoan ere, intentsitatezko azentu bakarra entzuten da beti "és da etórri" gora-behera musikalari dagokion alderdia erabat ahaztuz "eztá etórrí". Leioan duela urte bete euskalari famatu haiek bildu zirenean, Txillardegik idatzirik zeraman bere txostenean eskabidea Euskaltzaindiari euskara batuan azentuaren idazketa erabaki zezan. Baina aurkezterakoan ahaztu edo ez ausartu.
Esaldiaren pausa eta doinua bereziki hankazgora darabiltza edozein euskaldun berrik edota ikastoletako haurrek. "Andoni etorri al da?" eta "Andoni etorri da?" nekez desberdinduko dituzte. "Ote" duen esaldirik behar bezala esateko aztarrenik ere ez. "Alegia", "izan ere", "jakina" eta kideko beste hamaika halako behar bezala esateko gauza ez.
Eskoletan, ikastoletan eta euskaltegi modernoetan hizkuntza irakasteko metodoak moldatu eta egokitu beharra dago, ikasleak ahozko hizkeraz era automatiko eta espontaneoaz jabe daitezen. Ahozkoa menderatu ahala, idatzizkoaren trukoak ikastea erreza baita. "Hiztegia aukeratzerakoan iritzirik nagusienetako bat hizkuntzaren egiazkotasuna da. Beti galdetu behar diogu geure buruari: Hau al da haur estranjeroak erabiliko lukeen hitza?". Hauxe dio M. Finnocchiaro-k haurrei hiztegi berria irakasteaz mintzatuz. Gure ustez, beste hainbeste esan liteke aipatu ditugun ahozko hizkeraren ezaugarri hoiei buruz. Eta Txillardegirekin ados, Euskaltzaindiak euskararen Ortologia moldatuko balu, laguntza apur bat eskainiko lioke anitz ikasle-irakasleri. Euskara batua ahozko euskalkia bilakatzeko lehenengo urratsa emango bailuke.
|