nor
ARGIAri erantzunez
Argiaren argitan argi
M. Atxaga
Iskanbila gehiago ez sortzearren isildu naiz orain arte, berririk kaleratu gabe ere bai baiditugu nahikoak lehengoak. Baina 1981eko abenduko "OH! EUZKADI" alean Josu Landak idatzitako zerbait argitu nahi nuke. "Argia"koek Eusko Jaurlaritzarekin dituzten gorabeherez ez naiz mintzatuko, ez baitut onerako ala txarreko zerikusirik.
"Gaur egun linea ideologiko zehatz batetan kokaturik baldin badago, denboran isuriaz eta inongo zensura ideologikorik gabe hala gertatu delako izan da" dio Josu Landak.
Hori ez da honela nere iritziz. Bertako langileen zabaltasunik ezak eraman du alderdi batera, nere ustez. Aldizkariaren arduradunek ez dute orekari eusten jakin, profesionaltasunak eskatzen duen zabaltasunari uko eginaz alderdi bati loturik agertu dira nabarmen. Barruan zeuden bi joeretako lankideen artetik joera batekoek utzi egin zuten ARGIA, Alustizak eta Lurdes Auzmendik, bederen. Nik neuk ere nere premiarik ez omen zelako utzi nion astero idazteari. Astekariaren pentsamoldeaz editoriale arrotz gertatzen zelako noski. Horrek bazuen erremediorik ordea. Bertako langileek erabaki eta onartutako puntuez editoriale osatzeko prest agertu nintzaien. Baina ez ziren horretarako gauza izan. Sartu zen zulotik lehenbaitlehen ateratzen ez bazen ARGIAk ez zuela etorkizunik askotan ohartarazi nituen bertako arduradunak. Ez zen nahi izan eta egunetik egunera gainbehera joan da, harpidedunen aldetik bederen.
"Beraz, eta garai batetan Amatiño, M.´Atxaga, M. Ugalde etabarrekoen esku baldin bazegoen ZERUKO ARGIAren linea ideologikoa, gaur egun besteon esku dago, baiba inoiz inori ipurdian ostikorik jo gabe".
Hasteko, Amatiñok ez duela ZERUKO ARGIAn ezer erabaki eta ezarri garbitu behar dut. Gure gainetik zegoen zentsura zorrotzaren beldurrez zuzendaritzak astindutako lapitz gorria jasan behar izaten zuen Amatiñok, "Zenbat gara" sailean eta hutsaren truk bidalitako beste idazlan ugarietan. Hala ere bixita bat baino gehiago egin genuen auzitegira.
M. Atxaga, M. Ugalde eta abar, berriz, zabaltasunari eusten saiatu ziren. "Euskal talde guztientzat zabalik" zen gure helburua. Hori aldarrikatuz egiten da oraindik ere astekari horren publizitatea.
Amatiñok eta Beltzak, Joxe Alkizak eta Joxe Azurmendik, Arostegik eta Dionisio Amundarainek, Martin Ugaldek eta Txillardegik, Anatsanek eta Karlos Santamariak, Letek eta Andu Lertxundik, Gurutz Ansolak eta Bakaikoak, Mikel Ugaldek eta Urrujulegik, Saizarbitoriak eta K. Izagirrek, eta abarrek eta abarrik idazten zuten orduan. Abertzale talde guztiei ematen zitzaien leku, eskuinetik ezkerreraino. Hori zen, behintzat, gure jokabidea. Oreka horri eusten saiatzen ginen. Kanpotik, noski, beti izaten dira alderdi batera bil erazi nahi dutenak. Barruko langile eta arduradunek eutsi behar diote sokatira horri. Baina zuek sokaren alde batetik jarri zarete tiraka.
Hori, argitaratzen diren gaietan eta idazleetan baino gehiago nabarmentzen da sortua duzuen "Argia" erakundean. Kolaborazioko lanez osatzen den astekari batean idazten ez dutenek ere sortzen dute desoreka. Argiari alde hortatik sortzen zaion desoreka konprenigarri da, neurri haundi batean. Aldera-karga erdiratzea zein nekagarri den inork baino hobeto dakit nik. Eta erdiratzen hasi eta bestaldera okertzea zer den ere badakit.
Baina zuek erakundea bera alde batera kargatu duzue. Aldera-karga honen erantzunkizun guztia ez dut oraingo "Argia"ko arduradun guztien bizkar bota nahi. Zenbaitek ez du ezeren errurik izango ere.
"Zeruko Argia" kaputxinoek uzten zutenerako sorturik genuen kooperatiba gisako elkarte bat, astekari horretako idazleekin, bakoitzak hamarna mila pezeta jarriz. Kaputxinoen buruek eta elkarte honetako idazleen ordezkariek izenpetutako estatuto batzuk ere badira. Esku-aldaketa hori egiten zenerako ere errejistraturik genuen "Argia" izena, gerra aurreko astekari haren jabeen baimenez. Kaputxinoen izenean errejistratu zen, frankismoaren garaian bizi ginelako, baina ez "Argia" izenaz jabetzeko.
Geroztik euri asko egin du eta "Zeruko Argia"ra arduradun, langile eta idazle berriak iritsi ziren. Hor eten bat sortu zen. Horren errurik ez duzue oraingo batzuk, bederen. Baina esku-aldaketa horretan ihardun zuten bi alderdiek bazekiten hamarna mila pezeta emandako idazlez osatutako elkarte pribatu bat bazela. Hori kontuan izan gabe jabetu zarete "Argia" astekariaz. Haietako askok ez zuten aldaketa egin zen garaian idazten, beste batzuk, ordea, eskatutako guztian idazten genuen. Nik neuk astero. Gomitarik ere ez nuen izan.
Baina hamarna mila pezeta emandako idazle haietaz ahaztea baino okerragoa da kaputxinoek berena ez zuten "Argia" gure baimenik gabe zuei ematea. Kaputxinoak izen horren gordelari besterik ez ziren. Gurea zen zerbaitez jabetu zarete, beraz.
Neuri dagokidan auzia garbitu dudan ustez,
|