L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-14 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—nor—

ARGIAri erantzunez

 

Ezkertiar on izan beharra

 

Amatiño

 

<sangria>        "Norbaitek esango du konklusioetatik hasi garela, eta halakoxea izan da gure asmoa. Diskutitu ezin daitekeen gauza bakarra hauxe bait da: Eusko Jaurlaritzari ez zaio dirudienez Argia astekaria interesatzen eta edozein medioz akatu egin nahi du".

<sangria>        Josu Landa

<sangria>OH! EUZKADl, 13. alea

 

Demagogia, sofismoa eta dialektika eztabaidagarri guztien gainetik, gobernuen eta agintean dauden alderdi politikoen ideologia, urteroko aurrekontuak burutzeko erabili ohi duten filosofian aurkitu behar da. Gobernu bakoitzak bere ideologiaren araberako lehentasun batzuk ditu eta lehentasun horietarantz luzatzen eta bideratzen diren diru-kopuruetan eta ez bestetan dago, azken batean, defendatu, bultzatu eta suspertu nahi den ideologiaren giltza eta interpretazioa. Gainerako guztiak alukeriak eta esne-berbak dira.

        Hain xinple eta oinarrizko dirudien hau gogoratu beharra dago, OH! EUZKADI aldizkariaren 13. alean Josu Landak esaten bait zuen Eusko Jaurlaritzak euskal prentsa akatu nahi zuela subentzioak euskal aldizkariei zuzendu beharrean erdal egunkariei zuzentzerakoan. Aurrera jo aurretik eta Josu Landaren soflama guztia puntu honetan oinarritzen denez gero hona zenbait argibide:

        1.— Legebiltzarrak onarturiko aurrekontuen arabera, 1981 urtean Kultura Sailak 20 miloi gastatu ditu euskal prentsan. 4,5 miloi, euskal aldizkarietarako eta gainerako euskarazko irratsaioak bultzatzeko. Xemeiko bat ber ere ez, beraz, egunkarietarako.

        2.— Hau da, eta ez beste, Eusko Jaurlaritzaren jokaera eta, bere aurre kontu-filosofiaren arabera, azpimarratu nahi dituen lehentasunak.

        3.— Josu Landa bat etor daiteke edo ez. Eta eskubide guztia du bere kritika eta erizpideak azaltzeko. Baina, mesedez, ez nahas eta ezta erridikulorik egin, Jaurlaritzak ez bait du txakur haundi bat bera ere, egunkarietarantz luzatu.

 

        Bakoitza bere buruaren jabe eta erantzule

        Beste gauza bat dira Gipuzkoako Diputazioa eta bere aurrekontuak, eta Amatiñok zein Txabarrik, aholkulari huts bezala, haietaz eman dezaketen eritzia. Baina erantzunkizuna, Euskara-arazoetarako batzordeak du, bere Diputatu eta Lehendakariarekin. Honetaz, beste lau puntu:

        1.— Egunkariei dirulaguntza eskaintzea, baldintzapen batzuen arabera euskararen agerpena gehi dezaten, Gipuzkoako Ahaldundiaren egitasmoa da. Zerikusi gutxi du, hemen, Amatiño edo Txabarri bat datozen ala ez eztabaidatzea. Hau bigarren mailako arazo bat litzateke.

        2.— Diputazioaren diru-ahalmena ezagutu baino ez dago, Argia-ri eman dakiokeen subentzioa eta egunkariei dagokiekeena ez direla kontrajarriak konturatzeko.

        3.— Argia-ri iraungarritasun-planketa bat eskatzea Euskadiko Ezkerrako Zubimendi Diputatuari otu zitzaion. Gertatzen dena zera da: Zubimendi, beste zenbait ez bezala sotil eta zintzoa dela eta Administrazio Publikoaren defentsa berea egiten duela.

        4.— Beraz, onerako nahiz txarrerako, egunkariak diruz laguntzea Gipuzkoako Ahaldundiak erabaki du. Josu Landak beharko bere kritikak hari zuzendu. Eta hark, nahi badu, bere burua defendatu. Ez dut horren premian aurkituko denik itxaro.

 

        Dekantazioaren drama

        Nahasmahas honetan oinarriturik, Josu Landak hainbat burutapen egiten ditu, Argia-ren egoeraz, bere kalitateaz, soziologi-eraginaz lehengo eta oraingo idazleen ideologiaz etab. Nik ez dakit puntuz puntu erantzuterik merezi ote duen. Garai batean ZERUKO ARGIA, Amatiño, Mikel Atxaga eta Mikel Ugalderen ideologiaren esku zegoela eta honelako pitxikeriak esateak pena ematen du. Josu Landak ez ditu, urrundik ere, Zeruko Argia-ren funtzionamendua eta kontestua ezagutzen.

        Guzti honetaz, oro har, Argia-ren zein euskal kulturaren beste zenbait elkarte eta antolamenduren kasuetan, nik alderdikeriarekin zerikusi gutxi duen beste fenomeno bat sumatzen dut. Hau da, euskal gizartea ireki eta lanerako ahalbide batzu eskaini diren unean, pertsona bakoitzaren gaitasunaren araberako galbaheketa bat gertatu dela, trebetasun edota, gutxienez, hainbat urtetako esperientzia bat aurkeztu ahal izan dutenek hanka egin dutela eta, nolabaiteko transizio batean, beren hutsunea bete behar izan dituzten ordezko berriak ez direla gauza izan maila mantentzeko. Ez gehiago eta ez gutxiago.

        Ez dut honekin esan nahi 1960 edo 1970 hamarkadetako belaunaldiak 1980koa baino prestuago zirenik, esijentzia gutxiagoko gizartean entrenatu eta egoera berrira egokitzeko denbora gehiago izan zutela baizik, berek bilatu, eta azkenean topatu zuten egoera berria hain zuzen ere. Gehi honi adin haundixeagoko bat izatea (ez da meritua) eta lanerako ohitura eta grina askoz ere nabarmenagoa (eta hau bai dela meritua) eta... voilà.

        Hona zergatik gure zenbait antolamendu, ekintza eta mugimendu historikoen buruetan aurkitu ahal ditugun (betiko abanderatu balira bezala aurkitu ere) orain dela bizpahiru urte edo gutxiago bere horretan agertu ere egiten ez ziren pertsonak. Bigarren eta hirugarren mailako pertsonak, ez zenbaki, ez aurrekontu, ez planketa bat burutzen ez dakitenak, egoera normaletan inon, inola ere, buruzagi izango ez liratekeenak eta bere maila eza politikaren sindromearekin tapatu nahi dutenak.

 

        Argia aurrera begira

        Nik ez dut Argia aurrera ateratzeko zer egin behar den esateko nahiko informaziorik. Dena dela, gure gizarte honi, bere osotasunean legokiokeen astekari bat burutzea ez litzateke txorakeria bat izango. Gaurregun, orain dela bost urte sinestu ere ezin genitzakeen ekintzak gertatzen ari dira Euskal Herrian eta Argia-k ez du jakiten edo ez du jakiterik nahi izaten. Bere prolema da.

        Eta ez zaitezte umeak izan eta ez egizue zuen burua larbaloretu. Ez dezazuela gero pentsa politikaren gurpilean eraginik duzuenik. Ezetz ba, ez diozuela inori lorik kentzen, eta inork zuek gaizki ikusteko adinako pisurik ere ez duzuela. Garbiago esanda, nik dudan jartzen dut euskarak pisurik (pisu erabakitzailerik behintzat) ote dukeen hauteskunde batzuetan talde batekoen eta bestekoen lotsarako) baina, egon seguru, Argia-k behintzat aldizkari bezala, ezetz, ez duela. Beraz, ez pentsa inori inolako trabarik edo mesederik egiten diozuenik. Agian, honetan jabetzen zareten egunean, kruzadarik egiteari utziko diozue eta informazio irekiago bat eman ahal izango duzue.

        Artean, Josu Landa, bota itzazu zure karkaxa likin eta txala mingots horiek. Ez zaitezela gero, lasaitu gabe geratu. Besteok ere, sentitu izan dugu botaka egiteko gogoa. Guk Franco genuen aitzakiatzat eta zuek ezkertiar on izan beharra. Diferentzia batez, Franco, dudarik gabe, frankista zela eta zuek, berriz publiko-pribatuari eta Asministrazioari buruz duzuen eritzia nekez har daitekeela ezkertiartzat.

 

        Amaitzeko ohar txiki bat

        Zuen datuen arabera Argia-k hamazortzi miloi pezetako presupuestua du, bederatzi mila aleko tirada eta bi mila eta bostehun pezeta harpidetza. Horrez gainera, hiru miloi pezetako subentzioa jasoko duzue. Barkatu baina, zuen datuen arabera dirua irabazten ari zarete. Eta ez gutxi.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.